NAIZ

Lanbidek zerbitzu publikoa izaten segi dezala exijitu dute Enplegu Kongresuaren atarian

ELAk eta LABek deituta, Lanbideko langileek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean, Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu ez dadin.

Bilbon ostegun honetan egindako elkarretaratzea.
Bilbon ostegun honetan egindako elkarretaratzea. (LAB)

ELA eta LAB sindikatuek deituta, Lanbideko langileek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan, Bilbon, Euskalduna Jauregiaren aurrean. Bertan egiten ari dira Lakuak antolatutako Politika Publikoen Enpleguari buruzko VI. Kongresua. Salatu dutenez, Gobernuak «Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu nahi du».

Lege-proiektua Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu dela gogoratu dute, eta zuzenketen zain, bozketa azaroaren 23an egingo dela. «Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuta, funtzio publikoaren kontrol berme ia guztiak galduko lituzke, bai langileen kontratazioan, bai haren lanaren edukian. Gardentasun eta kontrol faltak enplegu eta prestakuntza programen azpikontratazioari eragingo dio, eta pribatizaziorako atea are gehiago irekiko du», ohartarazi dute.

«Gobernuak erabateko iluntasunez kudeatu du lege proiektua, bere interesei erantzuten dielako eta langileei zein herritarrei emango dien zerbitzuari kalte egiten dielako. Kalitatezko enplegua sortzeak lehentasuna izan behar du Eusko Jaurlaritzarentzat, herritarrei eskaintzen dien zerbitzuan. Administrazioak, enplegatzaile gisa, bere plantilla eta lan baldintzak babesten dituela zaindu beharko luke», gaineratu dute.

ELAk eta LABek ldarrikapen zehatzak plazaratu dituzte: «Enpleguari buruzko Legearen VI. titulua kentzea; Lanbideren izaera juridikoa ez aldatzea; Lanbideko langileen lan baldintzak mantentzea, erakunde autonomo gisa, Administrazio Autonomoko Mahai Sektorialean; pribatizazioari ateak ez zabaltzea eta dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak lehengoratzea; enplegua kontsolidatzea eta programa kontratuen politikarekin amaitzea; eta lanpostuak eta zereginak ondo definitzea, lan kargak orekatuz eta langileen ongizate fisikoa eta emozionala bermatuz».

Halaber, ELAk iragarri duenez, ostiralean elkarretaratzeak izango dira 11.00etan Lanbideko egoitzen aurrean.