Joseba Salbador Goikoetxea

Arratiako egoitza, herritarrei zerbitzua eskaintzeko haraneko udalek sortua

Dima herrian kokatuta dagoen egoitzak 30 urte beteko ditu laster, hasierako izaera eta helburuak mantenduz: bertako adinekoei udal zerbitzua eskaintzea, ahalik eta ondoen zainduta egon daitezen, bailaratik irten gabe.

Arratiako egoitzako lan-taldeko kide batzuk, egoiliarrekin berbetan etxearen atarian. Aurrean, Harkaitz Ortega zuzendaria.
Arratiako egoitzako lan-taldeko kide batzuk, egoiliarrekin berbetan etxearen atarian. Aurrean, Harkaitz Ortega zuzendaria. (J.S.)

Adinekoen egoitzen eredua eta funtzionamendua eztabaida-iturri izaten ari da azken hilabeteotan. Pandemia garaian sortutako egoerak eztabaida-prozesua abiatu zuen, eta gaur egun guztiz zabalik jarraitzen du.

Publikotasunaren aldeko adierazpenak ere gero eta ugariagoak dira. Egoera, ordea, oso bestelakoa da. Bizkaian, gaur egun 153 adinekoen egoitza daude, eta horietatik gehienak pribatuak dira, guztira 121 (%79,1). Aldiz, izaera publikoa duten egoitzak gutxiengoa dira, 32 besterik ez (%20,9%). Horietatik 17 Foru Aldundiaren esku daude, eta 15 udalen esku.

Udalen esku dauden egoitzen artean, Arratiako kasua izan daiteke esanguratsuenetako bat, bertako udalen mankomunitateak sortu baitzuen 1994. urtean. Mankomunitatea osatzen duten herriak hauexek dira: Bedia, Lemoa, Igorre, Dima, Artea, Areatza, Arantzazu, Ubide eta Zeanuri.

Diman kokatua, 60 plaza ditu eta beste 20 bertan dagoen eguneko zentroan. Esan bezala, haraneko udalen borondatez sortu zen, bertako aitite eta amamak ahalik eta ondoen zaintzeko, bailaratik irten gabe.  

Juridikoki, udalen mankomunitatearen erakunde autonomoa da eta hitzarmena sinatua du Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Horrela, plaza horietatik 46 foru erakundearekin daude hitzartuta eta Mendeko Adineko Pertsonentzako Egoitzen Foru Zerbitzu Publikorako erabiltzen dira.

Arratiako egoitzaren beste ezaugarrietako bat da bertako lan-taldea kooperatiba moduan antolatuta dagoela, langileen inplikazio maila areagotuz. Gainera, ia guztiak Arratiakoak dira eta, ondorioz, egoiliarren ezagunak. Horrek beraien arteko harremanak errazago egiten ditu.

Lan-talde horretan daude, besteak beste, mediku propioak, erizaina eta laguntzaileak, fisioterapeuta, sikologoa eta terapeuta okupazionala. Bertako zuzendaritzak nabarmendu duenez, «lan-talde dinamiko eta gaztea da, nagusien ongizateagatik dena ematen duena».

Eguneroko jarduera
Eguneroko jardueran, Arratiako egoitzak hainbat ezaugarri ditu. Esaterako, zentro honetan loturak kentzearen aldeko apustua egin dute eta “Libera Care” ziurtagiria eskuratu dute. Ondorioz, ez dute inolako loturarik erabiltzen, ez fisikorik ezta kimikorik ere. Hori aurrera eramateko, era guztietako baliabideak erabiltzen dituzte eta, norbait lotzea ezinbestekoa denean, medikuaren preskripzioarekin eta familaren baimenarekin soilik egiten da.

Bestalde, Arratiako egoitza lehentarikoa izan zen EAEn farmazia-zerbitzua eta medikamentuen gordailua arautzeko eredu berria ezartzen. Araudi horren bitartez, sendagaiak egunean 24 orduz eskuratzeko aukera dago eta egoiliarren ohiko patologiak tratazeko nahikoak eta egokiak diren sendagaien eta osasun-produktuez hornituta daude.

Horrekin batera, eta adineko pertsonen arreta osatzeko, psikogeriatria arloko hainbat programa dituzte martxan, besteak beste, psikomotrizitate programa (egoiliarren gaitasun fisikoak mantentzeko eta hobetzeko, ariketa fisiko eta gorputzeko jardueren bitartez); orientazio eta memoria programa (gaitasun kognitibo eta mentalak indartzeko jardueren bitartez); edota terapia okupazionaleko programa (eskulan eta jardueren bitartez).

Era berean, irteerak egiten dituzte Dima eta haraneko herrietara, baita hainbat kultur eta aisialdi ekintza ere: bingoa, jokoak, udako terraza, zinema... Baita urtean zehar hainbat jai-ospakizun ere: Olentzero, Ihauteriak, sanpedroak...

Elikadurak ere garrantzi handia du egoitza honetan. Horrela, bertan egindako janaria eskaintzen zaie egoiliarrei eta 0 km-ko produktuak kontsumitzen dira bertan.

Zentroa, azkenik, erkidegoari irekia dago. Horrela, urtan zehar Dimako eskolako umeekin eta udalerrietako erakundeekin elkarlana bultzatzen du. Orain dela urte batzuk, hain zuzen, Osakidetzak belaunaldien artean antolatutako topaketak saritu zituen. Jarduera horien helburua adinekoak eta gaztetxoak astean behin biltzea zen, adin-aldea gorabehera, euren arteko harremanak estutzeko.

Bizikidetza bultzatu
Egoiliarren arteko bizikidetza bultzatzea ere lehentasunezko gaia da Arratia egoitzan. Azken urteetan, eta pandemiaren ostean bereziki, bizikidetza-unitate txikiak garatzeko prozesua jarri da abian, arreta pertsonalizatuagoa izan dadin eta etxeko unitateen antzekoena izan dadin.

Arratiako egoitzako arduradunak bat datoz aldaketa horren helburuekin, baina hainbat arazo ere sor daitezkeela uste dute, hau da, egoiliarren artean desberdintasunak sortzea eta elkarren arteko harremana galtzen joatea. Horregatik, arreta pertsonalizatuaren aldeko apustua mantentzen badute ere, aldi berean egoiliarren arteko harremanak ere bultzatzen jarraitzen dute.

Horrela, hiru hamarkada hauetan, Arratiako egoitzak egoiliarrak eta senideak gustura egotea lortu duela nabarmendu dute, «kalitate bikaineko gizarte eta osasun arreta personalizatua bermatzen duen geriatria zerbitzua eskainiz, inguru natural eta eroso paregabean, eta ongizate baldintza onenekin».