Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Irabazten duenak irabazten duela, estreinakoz jantziko du Lau eta Erdiko Promozioko txapela

Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000) eta Iraitz Zubizarretak (Ataun, 1999) Promozioko Lau eta Erdiko finala jokatuko dute larunbat honetan Tolosako Beotibar frontoian. Egiguren hirugarrenean asmatzen ahaleginduko da, eta Zubizarretak bere «momentu gozoa» aprobetxatu nahi du txapela janzteko.

Julen Egiguren Promozioko Lau eta Erdiko finalerdian, Jon Alberdiren aurka, Berrizen.
Julen Egiguren Promozioko Lau eta Erdiko finalerdian, Jon Alberdiren aurka, Berrizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Julen Egigurenek eta Iraitz Zubizarretak badakite zer den Promozioko Lau eta Erdiko final bat jokatzea; garaipenaren zapore gozoa dastatzea, ordea, ez. Larunbat honetan, behingoz, batek jantziko du aurrenekoz txapela. Egigurenek hirugarren finala du Lau eta Erdikoan, eta Zubizarretak bigarrena.

Aldarte onean daude biak, eta ondo ikusten dute euren burua finalerako. Joan den astearteko material aukeraketaren aurretik entrenatu egin zuen azpeitiarrak, eta sentsazio «onak» izan zituela nabarmendu du.

«Fisikoki ondo nago, eta eskuak ondo ditut. Larunbatean partida on bat egiteko eta nirea emateko gogoz nago. Nire aukerak aprobetxatuta, ea txapela irabazten dudan».

Ataundarra ere «oso momentu gozoan» dago, eta «asko disfrutatzen» ari da: «Uda on batetik nator, ez da azken bi-hiru asteetako kontua. Orain saiatuko naiz bukaera polit bat ematen. Orain arte egindako guztiarekin harro nago, baina ez dut konformatu nahi aste honetan, hurrengo astetik aurrera baloratuko dut dena».

Ligaxkan onena Zubizarreta izan zen, partida guztiak irabazi baitzituen. Haren hitzetan, bere maila «onenetik gertu edo maila onenean» aritu zen. Multzo berean jardun zen Egiguren, eta, hain justu, ataundarraren aurkako partida bakarrik galdu zuen. Partida hori kenduta, Aspekoak adierazi du ligaxka «ona» egin duela, kantxan «gustura» sentitu dela, eta bere maila ematea lortu zuela.

Ligaxkan ez bezala, finalerdietan gogotik sufritu zuten biak; bereziki, azpeitiarrak. Hodei Expositoren aurka jokatu zuen, eta 2-16 zihoala markagailuan, partidari buelta ematea lortu zuen, 22-21 irabazteko.

Zubizarreta: «Orain arte egindako guztiarekin harro nago, baina ez dut konformatu nahi»

Neurketa hark bere alde onak eta txarrak izan zituen, eta horiek aletu ditu azpeitiarrak: «Horrelako partida bati buelta emateko derrigorrezkoa da nik ondo jokatzea, baina berak ere aukerak eman behar zizkidan. 16-2 markagailua iraultzeko ez da nahikoa ni ondo jokatzen hastea. Alde horretatik, uste dut finalera sailkatu naizela nire mailarik onena eman gabe. Baina, beste alde batetik, ikusten dut ere horrelako egoera zail bati buelta eman niola, eta kantxan egoten jakin nuela, sufrituta eta partida irabazita. Eta hori oso positiboa iruditzen zait finalerako».

Zubizarretaren partida ez zen Egigurenena bezain zoroa izan; hala ere, Jon Alberdik lanak eman zizkion ataundarrari. «Finalerdian asko-asko sufritu behar izan nuen pilotari on baten aurka. Berak ere maila handia erakutsi zuen finalaurrekoan. Lanak oso zail izan nituen, baina buelta ematea lortu nuen (22-19), zorionez, eta hemen gaude nahi genuen tokian».

Ligaxkako elkarren aurkako partidan, Zubizarreta garaile

Badago bien arteko aurrekari bat: ligaxkan ataundarrak 7-22 markagailu irmo batekin hartu zuen mendean azpeitiarra. Partida hark eta finalak zerikusirik izango al duten galdetuta, nork bere interesen alde egin du. Egigurenek espero du ezetz, eta Zubizarretak nahiko luke baietz, baina aitortu du ez dutela «zerikusirik» izango.

«Frontoia ezberdina da, bion momentua ezberdina da, eta finalak ezaugarri berezi bat edukitzen du: tentsioa handiagoa izaten da beste partidetan baino», adierazi du Baikokoak.

Aspekoak esan du ligaxkako lehian «sekulako egurra» eman ziola Zubizarretak, eta «erraz galtzea» tokatu zitzaiola. Finalari begira, azpeitiarrak espero du «hobeto jokatzea, partida gogorragoa izatea, irabazteko aukerak edukitzea, eta ligaxkako partidako antza handirik ez izatea».

Iraitz Zubizarreta. (Luis Angel GARCIA | OPTURA)

Ataundarrak uste du biak beren «merituz» heldu direla finalera, eta biak «zerotik» abiatuta jokatuko dutela. Partida «irekia» eta «gogorra» aurreikusten du ataundarrak, eta «edozer gerta daitekeela» iruditzen zaio: «Julen [Egiguren] pilotari oso fina da, dena ondo egiten du eta aurkariari behartzen dio bere mailarik onena ematea. Julen handi bat espero dut, eta nik nire maila onena eman beharko dut finalaren mailan egoteko».

Aldi berean, Egigurenek ataundarraren bertuteak kontuan hartuta, berak nola jokatu behar duen azaldu du, ligaxkako partidatik gaizki egindakoak aintzat hartuta.

«Iraitzi [Zubizarreta] irabazteko kantxan denbora asko egon behar da, eta, hortik aparte, piloteoa nik dominatu beharko dut. Ligaxkan alderantziz izan zen, eta oso erraz irabazi zidan. Finalean saiatuko naiz, behintzat, piloteoa nik dominatzen, eta gero aukera dudanean beldurrik gabe aurrera egiten, tantoa bukatzeko. Horrez gainera, buruz buruko partida denetan bezala, sakea eta errestoa oso-oso inportanteak izango dira. Bi horiek ondo egiten dituenak eskura izaten du partida erdia».

Egiguren: «Finalean saiatuko naiz piloteoa nik dominatzen, eta gero aukera dudanean beldurrik gabe aurrera egiten, tantoa bukatzeko»

Tolosako Beotibar frontoian jokatuko dute, eta bi finalistek bat egin dute esanez pilotaleku horretan ez dagoela aitzakiarik. Haien hitzetan, frontoi «on bat» da, «irregulartasunik gabekoa», eta «egokia» pilotan jokatzeko.

Txapela irabazten duenak, saria

Iaz Egiguren txapeldunorde geratu zen, Iker Salaberriak irabazi zion. Larunbatean hirugarren finala jokatuko du, eta esaerak dio hirugarrenean asmatzen dela. Hala egingo al du azpeitiarrak?

«Ea esaera hori egia den eta betetzen den. Harro nago hirugarren finala jokatzeaz. Nik ere txapel bat jantzi nahi dut eta ea hirugarren aukera honetan, esaerarekin batera, txapela lortzen dudan».

Zubizarretak bigarren finala jokatuko du, orain dela bi urte Joanes Bakaikoaren aurka galdu ondotik. Final hartan bizitakoa berekin daramala adierazi du ataundarrak, eta nabarmendu du helduago iristen dela final honetara «bai pertsona, bai pilotari, bai kirolari bezala»: «Emaitza alde batekoa edo bestekoa izan arren, nire sentsazioa da esperientzia hark lagunduko didala, eta prestatuago iristen naizela oraingo partidara».

Txapela lortzeak sari handia du: datorren urtean gorengo mailako Lau eta Erdikoa jokatzea. Horren harira, Baikokoak adierazi du ez zaiola «burutik ere pasatu», «kontrolatu ezin duen gauza bat» delako: «Aste honetan egin ahal dudan gauza bakarra da entrenatu –ahalik finena–, zaindu, errekuperatu eta larunbateko partidan dena eman».

Aspekoak, bere aldetik, adierazi du txapela lortzea «sekulako» saria dela, «ez bakarrik txapelagatik, baita lehen mailan jokatzek aukera lortzeagatik ere». Haren ustetan, ikusita gaur zer-nolako maila dagoen, horrelako txapelketetan lehen mailan jokatzea «oso zaila» da: «Oso zaila da toki bat hartzea, eta hurrengo urtean partida bat jokatzeko aukera izatea sari handia da».

Biek ala biek izango dute nora begiratu kantxan daudenean; Ataundik eta Azpeititik autobusak etorriko baitira. Zubizarretak esan du herriko festak direla, San Martinekoak, eta larunbatean mozorroen eguna dela. Irabazi edo galdu, Ataunen, behintzat, partidaren ondotik, ospakizuna egingo duela esan du Zubizarretak. Txapelarekin bada, are hobeto.