NAIZ

«Langileen aldeko egiturazko neurriak» eskatu ditu LABek EAE eta Nafarroako aurrekontuetan

Hiru lehentasun finkatu ditu LAB sindikatuak EAEko zein Nafarroako aurrekontuei begira: «herritarrak zaindu eta babestuko dituzten zerbitzu publikoen garapena, eremu publiko eta azpikontratatuetako lan baldintzen hobekuntza eta bidezko trantsiziorako batzordeak abian jartzea».

Endika Perez eta Igor Arroyo, LAB sindikatuaren gaurko agerraldian.
Endika Perez eta Igor Arroyo, LAB sindikatuaren gaurko agerraldian. (LAB)

LAB Sindikatuko koordinatzaile orokorrak, Igor Arroyok, eta ekintza sozialeko arduraduna den Endika Perezek EAE eta Nafarroako aurrekontuei begirako gogoeta plazaratu dituzte astelehen honetan. Arroyok salatu duenez, aurrekontuen inguruan «propaganda asko eta eztabaida gutxi» egiten da. Horren aurrean, «herri honek eta zehazki langileriak dituen behar eta erronken inguruko eztabaida estrategikoa ahalbidetzea» eskatu dute.

LABek «datorren hamarkadarako erronka handiak» nabarmendu ditu: «Ekoizpen eta kontsumo eredua irizpide ekosozialen arabera eraldatzea, ondasunaren banaketa gero eta desorekatuagoari aurre egitea edota zaintza nahiz osasun krisiari aurre egitea». Hori ahalbidetzeko «zerga erreforma sakona» eskatu du sindikatuak.

Inbertsioen atalari dagokionez, aurrekontuak «ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik berrikustea» eskatzen du LABek. «Emakumeek pairatzen duten egiturazko diskriminazioa eta ezartzen zaizkien arrakala desberdinak gainditzeko beharrezkoak diren baliabideak zehaztu beharko lirateke: zaintza lanak erantzunkidetasunez banatu eta zaintzaileen lan baldintzak hobetzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko edota kontziliazio neurriak hartzen dituzten emakumeek pairatzen duten errenta galerari aurre egiteko», azpimarratu du Arroyok.

Urkullu, hipotekatuta

Hala ere, «orain arte ezagutu dugunaren arabera», ez dira baikor agertu LAB sindikatuko kideak. «Urkulluren Gobernua hipotekatua dago, Patronalarekiko daukan menpekotasunaren ondorioz. Ez ditu lan baldintzak hobetu, zerbitzu publikoak indartu edota pentsioak osagarritzeko interesik adierazten. Eta gainera, bere erantzunkizunari muzin egin eta biktimaren papera hartzen ari da, pentsiodunen, zerbitzu publikoetako langileen edota mugimendu feministaren dinamika zabal eta transbertsalak bere aurkako erasoak bailiran aurkeztuz», adierazi du Arroyok.

Endika Perezek aurrekontuei begirako LABen hiru lehentasunen berri eman du eta EAEri dagokionez zertan gauzatu beharko liratekeen zehaztu du. Ekintza Sozialeko arduradunaren hitzetan, batetik, langile jendearen babesa eta zaintzari behar bezalako lekua eman behar zaie aurrekontu politikan.  Norabide berean, Euskal Eskola Publikoak beharrezkoa duen plan estrategikoa ekarri du gogora Perezek, berriz ere atal honetako inbertsioa Europatik urrun dagoela azpimarratuz. Pentsioei dagokienez, 1.080eurotako gutxieneko pentsioa osagarritzea aurrekontu proiektuetan jaso beharko litzatekeela adierazi du.

Aurrekontuei begirako bigarren lehentasun bat ere aipatu du. «Langileon lan baldintzak hobetu eta lan gatazka zehatzei soluziobideak emateko aukera dago aurrekontuen bidez». Azkenik, krisi energetiko eta oro har ekologikoak galdegiten duen eraldaketa sozioproduktiboa gauzatzeko inbertsio eza kritikatu du Perezek. «Historia amaigabearen kontakizuna bihurtu den Abiadura Handiko Trenak ohiko diru partida eskandalagarria izaten jarraitzen duen bitartean, aurrekontu hauek ez dute langileak eraldaketa sozioproduktiboaren parte izateko Bidezko trantsizio Batzordeak finantziatzeko aukerarik irekitzen edota krisian dauden enpresen birmoldaketak eta enpleguen defentsarako eskuahartze publikorik zehazten».