NAIZ

Lanuzteekin aurrera jarraitzea erabaki du CAFeko langile batzarrak Beasainen eta Irunen

LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, Beasain eta Irungo CAFeko langileen batzordeek berretsi dituzte aurretik bozkatuta zeuden lanuzteak. ELAk, CCOOek eta UGTk bertan behera uztea eskatu zuten. Madrilen, aldiz, lanuzteak bertan behera uzteko proposamena gailendu da.

Lanuzteekin aurrera jarraitzea erabaki dute CAFeko langileek Irunen eta Beasainen.
Lanuzteekin aurrera jarraitzea erabaki dute CAFeko langileek Irunen eta Beasainen. (LAB Sindikatua)

Zenbait lanuzteren ondoren, CAFeko zuzendaritzak hitzarmen berrirako proposamen bat egin zuen. ELAk bultzatuta eta CCOO eta UGTren babesarekin, Beasain, Irun eta Madrilgo lantegiak ere biltzen dituen lantokiarteko batzordeak gehiengoz presio-neurriak bertan behera uztea eskatu zuten. «Zuzendaritzako eskaerei men eginez» egin zuten eskaera hau, LABek ohar batean salatu duenez.

Hala ere, LABek eta ESK-k osatzen duten Beasaingo eta Irungo zentroetako batzordeen gehiengo sindikalak mobilizazioei eustea eskatu zuen, «ez baitzuten uste langileak desmobilizatzeko behar besteko edukirik eta arrazoirik zegoenik».

Astearte honetan egin dute mobilizazioekin jarraitu edo ez erabakitzeko batzarra. Beasaingo lantegietan mobilizazioak bertan behera uzteko proposamenak 411 boto jaso ditu guztira, eta mobilizazioei eusteko proposamenak, LABek eskatu bezala, 825 boto. Irunen 41 izan dira mobilizazioak bertan behera uztearen aldeko botoak, eta 172 mantentzearen alde.

ELAk, CCOO eta UGTren babesarekin lanuzteak bertan behera uzteko egindako proposamenak Madrilgo lantegian egindako batzarrean bakarrik egin du aurrera. «Langileen gehiengo zabalak mobilizazio eta lanuzteekin aurrera jarraitzea lehenetsi du», dio LABek, eta ostegun honetan bertan izango da hurrengo mobilizazio eta lanuzte eguna.

«Gaurko emaitzekin langileen borroka indartzen eta balioesten» dela nabarmendu du LABek, eta enpresari galdegin dio «behingoz negoziazioa edukiz bete dezan». Bestalde, Zuzendaritzak sustatzen duen «zatiketa-politika ez elikatzeko» ere eskatu die gainerako sindikatuei, «soilik langileen arteko batasun eta determinazioarekin» lortuko direlakoan ezarritako helburuak.