Arnaitz Gorriti

Garaipenak eta Top 16rako sailkatzeak ezin dute Bilbao Basketen joko eskasa ezkutatu (68-73)

Alex Renfroe eta Sacha Killeya-Jones gabe jokatu dute Errumanian Jaume Ponsarnaurenek, eta egiari zor, nabarmen geratu da jokalari hauen bien falta. Melwin Pantzarren lana antolatzaile kontuetan, Adam Smithek 25 puntuak eta Rabasedaren defentsako seriotasunak bermatu dute garaipena.

Xavi Rabasedak bost baloi ostu ditu eta defentsan lan bikaina egin du.
Xavi Rabasedak bost baloi ostu ditu eta defentsan lan bikaina egin du. (@FIBABASKETBALL)

CSU SIBIU 68 - SURNE BILBAO BASKET 73

Joan den igandean Real Madrilen aurka 84-87 galdu ostean idatzita utzi bagenuen maila horretan arituz gero bolada txarra berehala etengo duela Surne Bilbao Basketek, Sibiu talde errumaniarraren aurka, logika beraren pean azpimarratu behar da maila horretan beltzezko gizonek ez dutela ganorazko ezer aterako, ez ACB Ligan ezta FIBA Eurocupean ere. Egia da Europako txapelketa honetako Top 16a txartela bermatu duela garaipen honi esker, baina Jaume Ponsarnauren gizonek tarteka erakutsi duten maila kezkagarria izan da.

Renfroe eta Killeya-Jones gabe bidaiatu du Transilvania aldera Bilbao Basketek eta, nabari izan du antolatzaile beteranoaren erabaki onak eta pibot estatubatuarraren gaitasun fisikorik ez dela izan. Besterik ezean, Melwin Pantzar antolatzaile suediarra nabarmendu da eta minutuek aurrera egin ahala, Adam Smithek eskumuturra berotu du, 25 puntura iritsi arte. Horiekin biekin batera, Xavi Rabasedak atzean ematen duen seriotasuna nabarmendu behar. Hegaleko katalanak bost baloi ostu ditu eta eskerrak horri, batez ere markagailua 63-66 zela talde biak inola ere asmatu ezinik ibili diren azken laurdeneko tarte horretan. Eskerrak Rabasedak atzean seriotasuna eman duen, eta eskerrak Pantzarrek eta Smithek puntuak jarri dituzten!

Tamalez, beste inor ere ez da nabarmendu eta Sibiuk espero baino buruko min gehiago eman ditu hasera haseratik eman ere. Lehenengo jokaldietan 0-5 galtzen hasita ere, aurrea erraz asko hartu du, 9na berdinduta egotetik 16-9 ihes egitera.

Errumaniako taldeak 2-3 zonakako defentsa egin du eta bilbotarrek, kontzentrazioz eskas, baloi pare bat oparitu dituzte defentsa horren aurka. Nolanahi, aurreneko laurdenaren azkenera zertxobait hobetu du talde bizkaitarrak eta markagailua 18-14raino itxuratzea lortu dute gutxienez.

Uste baino gehiago kosta zaio Bilbao Basketi partidan murgiltzea, motelegi ekin baitio bai erasoan zein defentsan. Hala, Sibiu 28-21 aurreratu da. Halakoren batean, Adam Smith eta Hlinason esnatzen hasi dira eta pixkanaka aldea murriztu dute beltzezko gizonek.

Defentsa apur bat gogortzea nahiko izan zaie bizkaitarrei aurkarien erasoak oztopatzeko eta, kostata izan bada ere, neurketan sartzeko zantzuak ematen hasi dira. Denzel Anderssonen hiruko batek 0-8ko partziala osatu du eta 28-29 aurreratu Bilbao Basket; errumaniarrek erantzutea lortu dutelarik, Adam Smithen bitartez berriz ere partidako burua hartu dute. Atsedenaldira bidean, hala ere, Gravioaia hegaleko errumaniarraren hirukoak Sibiu 39-38 aurretik eraman du.

Gabeziak bistan

Ahalegina egin duela ezin zaio ukatu Bilbao Basketi, baina ahalegina une bateko kontua baino zeozer serioagoa da. Adam Smith aurreneko erdian baino finago azaldu da saskira begira, baina Bilbao Basketek ezin izan du alderik atera, Pratt, Uta eta Barro etxeko jokalariek estu hartu baitute talde bilbotarra, batez ere errebotean nagusi izan direlako. Nolanahi, azkenengo laurdenaren hasierara 58-61 aurretik iritsi dira Jaume Ponsarnaurenak, eta gaitz erdi.

Baina azken laurdena ere Sibik hobeto hasi du eta aurretik jarri da, 63-61, zaleen eromenerako. Bizkaitarrek 0-5eko partziala aitaren batean lortu dute beren alde eta 63-66 jarri dira. Orduan iritsi dira neurketako minuturik eskasenak. Bilbao Basket ez da erasoan erabaki on bat hartzeko gauza izan eta Sibiuk, bere aldetik, aukera garbi askoak galdu ditu neurketa berdindu eta baita buelta emateko ere, talentua falta baitzaio, zalantzarik gabe.

Bilbao Basket eta bere zaleen zorionerako, Rabasedak baloi bat ostu du eta Pantzarrek kontraerasoan 63-68koa ezarri du, eta hurrengo erasoaldian Adam Smithek hiruko batekin neurketa erabakita laga du. Artean partida amaitzeko hiru minutu luze falta ziren, baina ez Sibiu ezta Bilbao Basket ere ez dira kapaz izan maila txukun bat eskaintzeko azken minutu horietan.

Hala eta guztiz ere, bilbotarrek nahikoa zuten garaipena FIBA Eurocupeko Top 16a jauzi egiteko eta lortu dute bederen. Baina ez partida onik jokatu dutelako.

FITXA TEKNIKOA:

SIBIU: Dragoste (4), Ivanov (9), Pratt (16), Uta (12) eta Barro (14) –hasierako bostekoa–, Gavriloaia (3), Banciu (3) eta Kuti (7).

BILBAO BASKET: Melwin Pantzar (16), Adam Smith (25), Xavi Rabaseda (6), Denzel Andersson (5) eta Tryggvi Hlinason (8) –hasierako bostekoa– Kristian Kullamae (5), Thijs De Ridder (6), Georgios Tsalmpouris (2), Alex Reyes, Tomeu Rigo eta Unai Barandalla.

Epaileak: Karabilecen, Edis eta Lucic. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 18-14, 21-24, 19-23, 10-12.