NAIZ

Baldintzapeko askatasuna Lierni Armendarizi 22 urteko espetxealdiaren ondoren

2001. urtean kartzelaratu zuten Lierni Armendariz beasaindarrak baldintzapeko askatasuna lortu du, jorratu duen lege bidean zenbait oztopo gainditu ostean. Horretan dabil oraindik Joseba Borde; Ugaoko Udalak salatu du egoera, EAJ eta EH Bilduren bozak batuz.

Sareren mobilizazioa Martuteneko espetxearen aurrean. Bertan bete du zigorraren azken zatia Armendarizek.
Sareren mobilizazioa Martuteneko espetxearen aurrean. Bertan bete du zigorraren azken zatia Armendarizek. (Andoni Canellada | Foku)

22 urteko kartzelaldiari bukaera eman diote Lierni Armendariz beasaindarraren kasuan. Asteazken honetan jakitera eman du Etxeratek.

2001. urtean atxilotu eta espetxeratu zuten, ETAko «Bartzelona komando»ko kidea izatea egotzita. Geroztik besteak beste Pontevedrako A Lama kartzelan edota Leongo Mansillakoan izan dute preso.

Hurbiltze prozesuari bide eman zitzaionean Kantabriako Duesora lekualdatu zuten, eta gero azkenean Euskal Herrira, Martutenera hain zuzen ere. Hirugarren gradua proposatu zuen bertako Tratamendu Batzordeak eta onartu egin zuen Lakuako Justizia sailak, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, iazko udan.

Gauzak honela, orain arte atzeratu da baldintzapeko askatasuna emateko erabakia.

Akordioa Ugaon

Auzitegi Nazional espainolak jarritako oztopoek Joseba Borde berriz kartzelaratua izatea eragin dute, jakina denez. Ugaoko Udalak erabaki horren kontrako akordioa onartu berri du, EAJ eta EH Bilduren botoekin. Gogoratu dutenez, bigarren aldia da espetxera itzularazten dutena, eta ondorioz «kezka» adierazi du Udalak eta gradu progresio hauei trabarik ez jartzea eskatu du. «Baimen hauek arau izan daitezen, eta ez salbuespen», aldarrikatu du Udalak.

Ebazpen honetan jasotzen denez, Joseba Borde Gaztelumendik 64 urte ditu eta 20 daramatza kartzelan, nahiz eta 2019. urtetik zigorraren hiru laurdenak gainditu dituen. «Aspaldian hirugarren gradura igarotzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu», nabarmendu dute bi talde hauek.