NAIZ

Tolosako kiroldegietako langileek greba bertan behera utzi dute, Udalaren erabakiaren ostean

Ia zazpi hilabetez greban egon ondoren, Tolosako kirol zerbitzuko langileek greba bertan behera utziko dute Udalak BPX enpresarekin zuen kontratua eten eta plegu berriak argitaratu ondoren.

Tolosako kiroldegietako langileen elkarretaratzea.
Tolosako kiroldegietako langileen elkarretaratzea. (ELA)

Tolosako kirol zerbitzuko langileek greba bertan behera utziko dutela jakinarazi du ostegun honetan ELA sindikatuak. Erabaki hau Udalak zerbitzua gestionatzen duen BPX enpresarekin zuen kontratua eten ondoren etorri da.

2020. urtetik zeuden hitzarmenik gabe, eta 2023ko urtarrilean hasi ziren hori berritzeko negoziatzen, BPX enpresa kudeatzailea sartu eta handik lau hilabeteetara. Negoziaketak erabat blokeatuta zeudelako hasi zuten greba langileak, eta oinarrizko eskaera batzuk jarri zituen mahai gainean.

Bada, gatazka luze baten ondoren, EH Bildu buru duen Tolosako Udal Gobernu berriak enpresarekin kontratua eten, eta plegu berriak atera ditu lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko helburuarekin.

ELAko grebalariek positiboki baloratu dute Udalak egoeraren aurrean «arduraz jardun» izana. «Plegu berriak aztertuta, honako hau ondoriozta daiteke: lan baldintzak duintzeko eta bermatzeko nahiko baliabide ekonomiko daudela plegu berrietan, eta hainbat hobekuntza sozial jasotzen dituela; adibide bat jartzearren, klase prestaketak lan ordu bezala jasotzen dira», dio sindikatuak ohar batean.

Beraz, Usabal, Uzturpe, Beotibar eta Berazubiko instalazioetako langileak bihar itzuliko dira lanera. Momentuz, eta kontratu berria sinatu arte, langileak lehenengo lan baldintzetan itzuliko dira lanpostuetara, BPX enpresarekin.

«Datozen hilabeteak korapilatsuak izan daitezke, enpresaren jarrera zein izango den argitzeke baita. Baina, Udalak lizitazio berria ateratzearen erabakia hartuta eta denboran luza daitekeela ikusita, langileek lanera itzultzea erabaki dute. Nahiz eta arriskuak egon badauden: lizitazio berria datorren enpresarekin negoziatu beharko da, eta auzia behar bezala amaitzeko enpresa berriarekin zehaztu beharko dira baldintzak», adierazi du ELAk.