NAIZ

30.000 soldadu ukrainar hil dira gerran, ikerketa baten arabera

Ikerketa ukraniar batean, gerra hasi zenetik zenbat soldadu hil ziren kalkulatu dute. Guztira 30.000 izan direla hildako soldadu ukraniarrak ondorioztatu dute. Informazio hori lortzeko agintariek egindako adierazpen publikoak zein informazio ofiziala erabili dute.

Soldadu ukraniarrak frontean.
Soldadu ukraniarrak frontean. (Roman PILIPEY | AFP)

‘Tyzhden’ argitalpen ukrainarraren ikerketa baten arabera, 30.000 soldadu ukrainar hil dira iazko otsailaren 24an Errusiaren eraso militarra eskala handian hasi zenetik. Argitaratu berri den ikerketak errusiarren informaziorik ez badu biltzen ere, pasa den abuztuan ‘Pnas Politicalscience’ aldizkarian argitaratu zen gerrako lehen urtean 76.700 soldadu errusiar hil zirela.

Kalkulua Ukrainako buruzagiek denboraldi jakin batzuetan hildako soldaduen kopuruari buruz egindako adierazpen publikoetan, eroritako soldaduen, kondekorazioei buruzko informazio ofizialen, eta ‘Ukrainan Eroritakoen Memoriaren Liburua’ izeneko ekimen digitalean oinarritzen da.

Hildakoak, desagertuak eta presoak

Ikerketa honen egileek azaldu dutenez, 24.500 pertsona militar inguru hil dira gerra honetan zehar. 15.000 desagertu eta 3.400 gerrako preso ere identifikatu ahal izan dituzte.

Egindako kalkuluen arabera, 24.500 hildakoen izen-abizenak baieztatu dituzte, eta hauek eroritako soldadu guztien % 70a lirateke. Beraz, ikerketan jaso dutenez, 30.000 militar hil dira guztira.

Ikerketaren arabera, 90.000 eta 100.000 zauritu artean daude, eta gehienek tratamendua jaso ondoren berriz ere borrokara batzeko prest egongo ziren.