NAIZ
Iruñea

Iruñeko oposizio guztiak Olentzero Elkarteari laguntza handitzea eskatu du

Olentzero Elkarteak egindako eskaerari UPN-ren udal Gobernuak ezezkoa eman ostean, EH Bilduk, PSN-k, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek dirulaguntza 5.000 eurotan igotzea eta material guztia gordetzeko alternatiba baten bila hasteko eskatu diote Iruñeko Udalari.

Olentzero, iaz, Iruñeko kaleetan.
Olentzero, iaz, Iruñeko kaleetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iruñeko EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin koalizioak adierazpen proposamen bat aurkeztu dute, nafar hiriburuko Udalak Olentzero Elkarteari ematen dion dirulaguntza 5.000 eurotan (20.000 eurora arte) igotzeko eskatuz UPNren gobernu taldeari. Adostutako testua asteartean eztabaidatuko da Herritarren Batzordean.

Era berean, UPN-k Gabonetako desfile jendetsu hau antolatzaileei utzi izana gaitzetsi dute eta «desfilea egiteko behar den material guztia gordetzeko Olentzero Elkartearen alternatiba bat bilatzeko lanak hastea» eskatu.

Adierazpenak gogora dakar elkarte horrek 90eko hamarkadaren hasieratik antolatzen duela Olentzeroren desfilea, eta 2014tik dirulaguntza kopuru berdina (15.000 euro) duela esleituta. «Gaur egun, Olentzeroren desfilea Iruñeko Gabonetan egiten den kultur ekitaldi jendetsuenetako bat da, milaka familia eta haur kalera ateratzen baitira harrera egitera eta gabon gauean kantatzera», deskribatu dute taldeek.

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek, Udaltzaingoaren datuak eskuan, «Zabalguneko eta Alde Zaharreko kaleetara 70.000 pertsona inguru» gerturatzen direla baieztatu dute.

«2014an, Elkarteak babes faltagatik desfilea bertan behera utziko zuela iragarri ondoren, Udalak, iritzi publikoak eta oposizioak presionatuta, 15.000 euroko zenbatekoa ezarri zuen erakundearen zati bat ordaintzeko», nabarmentzen du adierazpenak. Zortzi urte geroago, 2022an, «pandemiaren ostean eta kostuak handituta, Elkarteak idatzi bat bidali zion Udalari 5.000 euroko igoera eta karroza gordetzeko udal lokal bat eskatzeko», gaineratu du.

«Oposizio taldeok inplikazio handiagoa eskatu genion arren, UPNko taldeak entzungor egin zion eta ez zuen eskaera horietako bat ere aintzat hartu», salatu dute lau alderdiek. Aurtengo desfiletik hilabete eskasera, eskaera bera jarri zen mahai gainean emaitza berarekin. «Ezezko berri honen aurrean eta UPNren taldeak irtenbideren bat emateko erakutsi duen utzikeriaren aurrean», lau talde sinatzaileek adierazpen hau aurkeztea erabaki dute.