NAIZ

Garaik ezustekoa eman du Arrizabalagari irabazita, eta Aldairekin batera, finalerdian sartu da

Gasteiztarrak sasoiko jarraitzen duela berretsi du gernikarra 22-14 mendean hartuta. Finalerdietarako bigarren txartela dimoztarrak lortu du Galeanori erraz irabazita (22-10). Larunbat honetan Gaminde-Zabaleta eta Mendizabal-Arrillaga pilotariek jokoan izango dute finalerdietarako sailkatzea.

Olatz Arrizabalaga ezkerrean, eta Leire Garai eskuinean, final-laurdena jokatu aurretik ateratako argazkian
Olatz Arrizabalaga ezkerrean, eta Leire Garai eskuinean, final-laurdena jokatu aurretik ateratako argazkian (Emakume Master Cup)

Aurtengo Master Cupeko Lau eta Erdikoan ezustekoak egon zitezkeela aurreikusten zen, eta uste hori berretsi besterik ez da egin: Leire Garaik finalerdietarako txartela lortu du Olatz Arrizabalagari 22-14 irabazita. Iaz finalean sartu zen gernikarra, eta kaiolakoa da Master Cupeko zirkuituan lortzeko geratzen zaion txapel bakarra. Bada, gutxienez, beste urtebetez itxaron beharko du.

Hiru Hiriburuak binakako txapelketan sasoiko ikusi zitzaion Gariri. Irati Zabalarekin batera finaleraino ailegatu zen, eta azkenean, txapela janztea lortu ez zuten arren, –Amaia Aldai eta Arrate Bergara bikoteak eraman zuen garaikurra–, oso txapelketa ona egin zuen. Joan den igandean, Orozko frontoian, sasoiko jarraitzen duela berretsi zuen, eta finalerdietarako txartela lortu.

Gasteiztarrak konfiantza osoz ekin zion lehiari, kantxan momenturo zer egin behar zuen jakinda. Horrela, neurketa hasieratik bukaerara arte kontrolatu zuen. Errematean fin aritu zen, eta bereziki, zabalera moztutako pilotekin min handia egin zion gernikarrari.

Azken hori, aldiz, hasieratik oso urduri jokatu zuen, eta behar baino pilota gehiago bota zituen txapapera. Gernikarrak ez zuen lortu partidaren aginte makila hartzea, eta ez zen gai izan markagailuari buelta emateko.

Aldai, nagusitasunez, aurrera

Amaia Aldai gorriz, eta Leire Galeano urdinez.

Garairen eta Arrizabalagaren ondotik jokatu zuten beste final-laurdena Aldaik eta Leire Galeanok. Oso bestelakoa izan zen dimoztarrak eta antzuolarrak jokatu zuten lehia; iazko txapeldunak nagusitasunez irabazi zion Galeanori (22-10). Atzelariak maila polita eskaini zuen arren, dejadaz eta pilota moztuta tanto politak eginda, ezer gutxi egin izan zuen gaur egun beste koska bat gorago dagoen dimoztarra zertxobait estutzeko.

Igandean ez ezik, joan den larunbatean ere Sondikan jokatu zituzten final-zortzirenak. Bi ziren jokatzekoak, baina Nora Mendizabalen eta Eva Ibarrolaren artekoa bertan behera geratu zen, azkenak eskuko mina zuelako. Beraz, zuzenean Mendizabal final-laurdenetarako sailkatu da, eta Miriam Arrillagaren aurka neurtuko ditu indarrak larunbat honetan Legution (18.00etatik aurrera).

Goiuri Zabaleta gorriz eta Maddalen Etxegarai urdinez.

Beste neurketa Goiuri Zabaletak eta Maddalen Etxegaraik jokatu zuten, eta Zabaletak estutasun handirik gabe mendean hartu zuen Etxegarai (22-13). Leitzarra ezustea emateko beste hautagai sendoetako bat zen, eta oraingoz, pausoz pauso, txapelketan aurrera egitea lortu du. Final-laurdenetan Enara Gaminderen aurka lehiatuko da, larunbat honetan, Legution ere bai.