NAIZ

‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpaina Legebiltzarrera iritsi da

Ikus-entzunezko ekosisteman euskara erdigunean jartzearen beharra nabarmendu du herritar talde batek Gasteizko Legebiltzarrean, ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpainaren barruan. Dinamikak jaso duen babes sozialean jarri dute azpimarra.

Kanpainaren aurkezpena, Gasteizko Legebiltzarrean.
Kanpainaren aurkezpena, Gasteizko Legebiltzarrean. (ALDATU GIDOIA EUSKARAREN ALDE)

Indarra hartzen ari da ‘Aldatu gidoia euskararen alde‘ kanpaina. Herritar talde baten sostenguz, pasa den irailean abiatu zen dinamika ikus-entzunezkoetan euskararen erabilerak beheranzko joera hartua duela eta paradigma aldaketa horrekin eteteko euskara erdigunean jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatzeko.

Hasieratik 32 eragileren babesa jaso zuen ekimenak –Euskal Herrian Euskaraz, LAB, AEK, Ikastolen Elkartea, Administrazioan Euskaraz Taldea, EAB, Lanartea...–, baita euskalgintzako, kulturgintzako eta ikus-entzunezkoen inguruko pertsona ezagunen atxikimendua ere, eta dagoeneko 2.500 herritar inguruk adierazi dute dinamikarekiko adostasuna.

Astelehenean, Gasteizko Legebiltzarrera eraman zituzten kanpainako aldarrikapenak. Bertan, UEMAK 2022an egindako azterketaren emaitzak aurkeztu zituzten, «bertan ikusten baita euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa oso urria dela, besteak beste, euskarazko eskaintzarik ez dagoelako, kalitatezkoa eta oparoa. Gehien kontsumitzen diren plataformetan euskara ia ez da agertu ere egiten», adierazi zuten, eta eduki ikusienak ez daudela euskaraz nabarmendu zuten.

Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarria osatzea eta jendarteari eskuragarri jartzea «urgentziazkoa» dela nabarmendu zuten eta EiTBk alor honetan duen garrantzia izan zuten hizpide, besteak beste bikoizketaren arloan edota euskarazko zinema eskaintzan.

Primeran plataforma martxan jarri izana begi onez ikusten badute ere, –«tresna baliagarria da herritarrek euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko»–, politika integral baten beharra sumatzen dute faltan: «Jaurlaritzak EITBren lehio eta euskarriez harago hizkuntza politikak abian jarri gabe jarraitzen du. Eta, EITBz harago, ez da ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarri bat bermatzen. Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila ez da diru-publikoz euskarara bikoiztutako audio eta azpidatziak plataformetara bidaltzen ari, Espainiar estatuko Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrak betebehar hori ezartzen duen arren», salatu zuten.

Hala, euren eskakizunak helarazi zizkioten Jaurlaritzari: besteren artean, Kultura Sailaren aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea; EiTB zazpi lurraldeetarako jardutea eta euskarazko kultura eta sortzaileei leehentasunezko tokia eskaintzea; euskarazko bikoizketa eta azpidatzien erabilera orokortu, hauek egokitu eta plataformetara helaraztea; euskarako estreinaldiak promozionatzea; eta bideojokoen industriarekin harremanak sendotzea.

«Legebiltzarreko alderdi politikoei eskatzen dizuegu gure eskariak aintzat hartzea 2024ko kultura politiketan eta aurrekontuetan», egin zuten azken eskaria.