NAIZ

Orozkoko Madres Mercedarias egoitzako langileek akordioa lortu dute itxiera saihesteko

LABek eta ESK-k iragarri dutenez, Orozkoko Madres Mercedariaseko langileek akordioa lortu dute, «itxiera saihesteko eta langile guztien enpleguari eustea bermatzeko». Egoitzako 43 langileen borroka goraipatu dute sindikatuek. Mobilizazio ugari eta 32 greba egun egin dituzte.

Madres Mercedarias zentroaren langileek egindako elkarretaratze baten argazkia.
Madres Mercedarias zentroaren langileek egindako elkarretaratze baten argazkia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Orozkoko Madres Mercedarias egoitzako langileek akordioa lortu dute, «itxiera saihesteko eta langile guztien enpleguari eustea bermatzeko». Hala iragarri dute LAB eta ESK sindikatuek, eta 43 langileen borroka goraipatu dute. Izan ere, «borroka horrek mobilizazio asko eta 32 greba egun ekarri ditu».

Ohar batean azaldu dutenez, «borroka honetan garrantzi handia izan du, alde batetik, Aiaraldeko greba batzordeak, eskualdean gatazka ezberdinen arteko elkartasun testuinguru oso garrantzitsua sortu baitu; eta, bestetik, Bizkaiko Aniztasun Funtzionalaren Sektorean ere borrokan ari diren enpresen arteko elkartasunak, hala nola Gorabide edo Gaude».

Bizkaiko Foru Aldundia, Madres Mercedarias (EDE Fundazioak ordezkatuta) eta Aita Menni LAB eta ESK sindikatuekin bildu ziren. Bilera horretan, Orozkon dagoen zentroan gaur egun dauden lanpostu guztiak mantentzeko erabakia jakinarazi zen. Aita Mennik kudeatuko du zentroa, eta erakunde horretako zuzendaritzak konpromisoa hartu du Ibarrako langile guztiak subrogatzeko.

«Langileen borrokak Aldundiaren eta EDE Fundazioaren arteko negoziazioen erdigunean zera jartzea lortu du: irtenbide bakarra lanpostu guztiak bermatzea eta lan baldintzak hobetzea zela. Eta borroka horrek fruituak eman ditu», nabarmendu dute LABek eta ESK-k.

Beste zaintza sistema baten beharra

Sindikatuen ustez, «Madres Mercedariasen borrokak agerian uzten du beste zaintza sistema baten beharra. Orozkoko langileak langile publikoak dira. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz zaintza lanen pribatizazioa ezartzen du».

Salatu dutenez, «pribatizazioak okertu egiten ditu jasotako zerbitzua eta lan baldintzak, eta sistema honek enpresa pribatuei bakarrik egiten die mesede». Halaber, diotenez, «egungo sistemak aukera ematen du lantoki bakoitzeko plazen prezioa errentagarritasunaren arabera negoziatzeko, eta ez zerbitzuaren kalitatearen arabera».

«Zerbitzu publikoak pribatizatzeko sistemaren ondorioz, sektorearen baitan Ibarrako zentroa low cost izan da Bizkaiko Aldundiarentzat. Soldatak eta lan baldintzak ahalik eta merkeenak izan daitezen saiatu dira. Aita Menni enpresa etorri berri den honetan, eta haien denbora behar izango dutela ulertuz, subrogazioaren xehetasunak eta lan baldintza berriak zehaztuko dituen proposamena ezagutzeko zain daude sindikatuak», gaineratu dute.

Eta azaroaren 30eko greba feminista orokorraren atarian, zaintza zerbitzu publikoen egungo pribatizazio sistemaren arduraduna seinalatu dute LABek eta ESK-k: «Bizkaiko Foru Aldundia».