NAIZ

Donostiako suhiltzaileek ontzat jo dute Goiarekin bildu izana baina zuhurtziaz aritu nahi dute

Eneko Goia alkatearekin azkenik bildu izana positibotzat jo dute Donostiako suhiltzaileek. Dena den, zuhurtziaz jokatu nahi dutela iragarri dute, euren aldarrikapenak lortzea bermatua ez dutelako.

Donostiako suhiltzaileen parkean abuztuan jarri zuten pankarta.
Donostiako suhiltzaileen parkean abuztuan jarri zuten pankarta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zerbitzuaren baldintzak salatzen dituzten Donostiako suhiltzaileak Eneko Goia alkatearekin bildu ziren hilaren 16an, elkartzeko eskaera ugari egin ondoren.

Ohar batean azaltzen dutenez, aseguruaren patronalaren elkarte Unespak Udalari bideratzen dion dirua suhiltzaileen zerbitzura bideratzeko eskaera beteko zuela esan zien Goiak, sententzia ugarik horrela adierazten baitute.

Dena den, Goiak esan zienez suhiltzaileen hainbat eskaeren gainean ez zien erantzunik eman oraindik 2024ko aurrekontuak prest ez dituztelako. Honekin batera, suhiltzaileen eskaeretako bat, zerbitzuko zuzendari berria izendatzea, bete da.

Pertsonalari dagokionean, suhiltzaileen batzordeak 2024 urterako eskaera minimoa luzatu zion Goiari. «Erantzun zen onartu egiten zela 2024ko operadoreen egutegia betetzeko beharrezkoa zen laneratzea, hamaika posturekin, eta aurrerago erantzungo zitzaiola suhiltzaile-kopurua hiru plazatan handitzeko eskaerari, brigada bakoitzeko 17 plaza izateko.

Suhiltzaileen batzordeak bileraren balantze positiboa egin dute. «Baina kontuz ibili behar dugu. Positiboa izan arren, aurrekontu-proiektuan egiaztatzeke dago Udal Gobernuak langileriaren, gastu arruntaren eta inbertsioen kapituluei dagokienez duen konpromisoa», azaldu dute.

«Jakinarazi dizkiguten proposamenak plantilla egoera larrian gauden tirita txiki bat dira. Eta datorren urteari begira egoteko baino dute balio, lan-dosierrean ezarritako beharrak negoziatzen jarraitzen den bitartean», gaineratu dute.