NAIZ

EHNE: «Ezinbestekoa da elikaduraren eta bere ekoizpenaren inguruko eztabaida publikoari ekitea»

Elikaduraren eta bere ekoizpenaren inguruko eztabaida publikoari ekitea «ezinbestekotzat» jo du EHNE sindikatuak. Tokiko elikadura eta jasangarritasuna ardatz duen elikadura sistemaren eraldaketa proposatu du, eta elikadura politika publikoen erdigunean jarri behar dela azpimarratu du.

EHNEren ‘Elikadura Iraunkorra Erdigunera’ jardunaldia.
EHNEren ‘Elikadura Iraunkorra Erdigunera’ jardunaldia. (EHNE)

«Elikagaien ekoizpena eta iraunkortasuna txanpon beraren bi aurpegiak dira. Elikagaien prezioen igoera espekulazioaren ondorio da, eta arriskuan jartzen du pertsona askorentzat behar beharrezkoak diren elikagaien eskuragarritasuna. Elikadura osasuntsua izateko eskubidea dago jokoan». Ideia horrekin ekin dio Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) ostegun honetan Derioko Baserri Antzokian burutu duen ‘Elikadura Iraunkorra Erdigunera’ jardunaldiari.

Bertan, sindikatuak argi utzi du «ezinbestekoa» dela elikaduraren eta bere ekoizpenaren inguruko eztabaida publiko bati ekitea. Izan ere, gogoratu du nekazaritzako elikagaien sistema globaletan aldaketa eraldatzailea egiteko beharra «oso onartuta» dagoela «larrialdi klimatikoari eta sistema horiek sortzen dituzten ingurumen, gizarte, ekonomia eta osasun erronkei aurre egiteko».

«Gaur egungo nekazaritzako elikagaien sistemek, eskalako ekonomiaren, intentsifikazioaren, espezializazioaren eta uniformizazioaren logika industrialetik bultzatuta, ez dute bermatzen elikagaien segurtasuna, ezta jendearentzako nutrizio egokia ere. Aitzitik, lurraren emankortasunaren eta biodibertsitatearen suntsipenaren mugara eraman gaituzte, bai eta gehiegizko ustiapen hidrikora ere, lurzorua, airea eta ura kutsatuz», adierazi du EHNEk.

Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du elikadurari eta bere ekoizpenari buruzko eztabaida publiko bati ekitea. Andoni Garciak, Bizkaiko EHNEko bozeramaileak adierazi duenez, «ekoizpen eredu guztiak bateragarriak direla dioen diskurtsoa jasanezina da, eta premiazkoa da produkzio eta elikadura eredu jasangarrietaranzko trantsiziorako oinarriak ezartzea».

Bide horretan, hainbat eskalatako proposamenak antolatu behar direla nabarmendu du, «merkatuak arautzetik hasi eta tokiko elikadura sistema berriak eraikitzeraino». «Elikagai ekoizpena eta iraunkortasuna txanpon beraren bi aldeak izan behar dira», azpimarratu du Garciak.

Elikadura, politika publikoen ardatz

Elikadura politika publikoen erdigunean jarri behar dela azpimarratu du Garciak eta, besteak beste, janaria eskaintzen den espazio publikoetan (ikastetxeak, ospitaleak eta nagusien egoitzak) jarri du arreta. EHNEren ustez, hauek «lehentasunezkoak izan behar dute asmo handiko helburuak ezartzeko, eta produkzio fasean enplegua berreskuratzeko eta sortzeko prozesuak artikulatu ahal izan behar dituzte».

Zehazki, proposatzen du bost urteko epean erosketa publikoaren bidez eskainitako elikagaien %55 gutxienez tokikoa eta hurbilekoa izan dadila, eta lehentasuna eman beharko litzaiokeela ekoizpen arloan sartu berriei eta eskala txikiko ekoizpenei. Eta 2030erako erosketa publiko hori %65ean egotea.

Nekazarien feminismoaren alde

Gaurko jardunaldiak ere EHNE Bizkaiak eta Etxaldeko Emakumeek nekazarien feminismoaren alde egindako apustuan eta eraikuntzan oinarrituta sortutako azterlanak eta bideoak zabaltzeko balio izango du. Horri lotuta, arratsaldean hainbat ekimen izango dira.

Alde batetik, emakume baserritar nagusien jakintzak aitortzeari eta kulturaren, hazien eta lurralde bakoitzari lotutako bizimoduaren zaindari izatea ahalbidetu duten eredu jasangarrien alde egindako apustuari buruzko bideoak jarriko dira.

Bestetik, ‘Zainketen gida’ bat aurkeztuko dute, «landa inguruneko gai horri buruzko azterketa kritikoa egiteko, baserritarren baldintzak hobetzeko eta gazteak jardueran sartzeko aukera emango duten ekintza zehatzak proposatuz».