NAIZ

Arte historikoaren aretoa eraberritu du San Telmo Museoak

Hamabi urtez ikusgai eduki ondoren, San Telmo Museoak arte historikoari eskainitako aretoa eraberritu du. Arte Ederren aretoetako eraberritze integralaren lehen fasea da hau, 2024an euskal artearen espazioarekin bukatuko dena.

San Telmo Museoko arte historikoaren areto eraberritua.
San Telmo Museoko arte historikoaren areto eraberritua. (Iker Azurmendi)

Donostiako San Telmo Museoak arte historikoaren aretoa, XV. mendetik XX. mendera arteko obrak biltzen dituena, eraberritu du. Museotik azaldu dutenez, kontzeptualki diskurtso kronologikoa mantendu dute eta gunean txertatu dituzte euskal pinturaren aurrekariak eta euskal artisten lehen belaunaldiak, orain arte euskal artearen aretoan erakusten zirenak.

Erakusketa berriak 101 pieza ditu. Horietatik 80 San Telmoren bildumakoak dira,  20 museoaren parte dira nahiz eta Museo del Pradoren gordailu historikoak diren, eta bat Bilboko Arte Ederren Museoko lagapena da.

Horien artean artista garrantzitsuen obrak daude, besteak beste, El Greco, Rubens, Guido Reni, Alonso Cano, Ykens, Carreño de Miranda eta Fortuny; baita euskal artista ezagunenak ere, hala nola Valentin Zubiaurre, Iturrino, Olasagasti edo Regoyosen lanak.

Museoak 9 obra berri gehitu ditu Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, gordeak egon direnak eta zaharberritze tailerretan prestatu dituztenak ikusgai jartzeko. Horien artean ‘Inmaculada Concepción’ nabarmendu dute, Mateo Cerezo ‘Gaztea’-k margotutakoa 1663 eta 1665 artean. «Hor Barrokoaren formen inplantazioa hautematen da Kontraerreformaren baloreak finkatzen ari ziren une batean, non sakratuak profanoaren gainetik erabateko gailentasuna zuen», azaldu dute.

Aukeraketa horretan daude museoak dituen aldi kronologiko honetako emakumezko artista guztien lau obra, emakume artistei ikusgarritasuna emateko politika jarraituz. Zehazki, Catherina Ykens, Inocencia Arangoa, Victoria Malinowska eta Elena Brockmann dira artista horiek. Hala ere, une honetan Brockmannen ‘Patio de un parador’ eta Malinowskaren ‘Pequeñas pescadoras de Ondarroa’ ez daude aretoetan San Telmok Thyssen-Bornemisza Museoari Maestras erakusketarako mailegatu dizkiolako.

Zuloaga aretoa eta Ortiz Echague aretoa

Aretoak bi gune berezi ditu Zuloaga eta Ortiz Echagueri eskainiak eta horietan ere aldaketak egin dira. Lehenean, aldi baterako ‘Juan Sebastián Elcano’ lana ikusi ahalko da eta bigarrenera ‘Fiesta de la Cofradía de Atzara’ obra gehitu dute.

Aretoan espazio bat gorde da gonbidatutako obrak ikusgai jartzeko: espazio hau3 metro luze dituen akuarela batekin inauguratuko da, Ramon Cortazar arkitektoak sortu zuena Perla bainuetxea eraikitzeko jatorrizko proiektu arkitektonikoaren aurkezpenerako. 2024ko maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Aretora doako bisita gidatuak antolatu dira abenduaren 14 eta 28an, 17.00etan gaztelaniaz eta 18.00etan euskaraz.