Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Garbiñe Etxeberria
Realeko kirol zuzendaria

«Aukera berdinekin bidea egiten ari gara, eta horrek aurrekoa deseroso sentiarazten du»

Garbiñe Etxeberria erreferente bat izan da futbolean, eta jarraitzen du izaten. Oraindik zer hobetzeko badagoela esan du, baina uste du «dagoenari etekin gehiago atera behar zaiola, eta balioan jarri zenbat jendek egiten duen lan atzetik». Iraganaz, orainaz eta geroaz mintzatu da.

Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria Zubietan.
Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria Zubietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

14 urterekin hasi zen jokatzen futbolean Garbiñe Etxeberria (Hernani, 1967). Ez du aurkezpen askorik behar, Euskal Herrian eta bereziki Gipuzkoan, aski ezaguna den pertsona baita. Lau hamarkada luzez egon da futbolari lotuta. «Gizonen mundutik» dator, eta tokia egitea egokitu zaio. Bidean «aldapa gora eta behera» ibili dela nabarmendu du, baina aldaketa «izugarria» izan dela gaineratu. Realeko kirol zuzendariak esan du emakumeek bizkarrean motxila bat eraman dutela beti, eta hori kentzeko aholku bat eman du: «Egin dezagun lana baldintza berdinekin»

Lau hamarkada luze egon zara futbolari lotuta. Berdintasunaren arloan zer aurrerapauso ikusi dituzu?

Urte asko dira, eta egoera asko-asko aldatu da. Gu hasi ginen garaian hasierak ziren; 80 hamarkadan, ezerezetik, eta gehien bat gustatzen zitzaigun kirol hori bultzatu nahian: egitura gabe, antolaketa gabe, tekniko gabe... Gaur egun ikusten duzu emakumezkoen futbola, eta esaten duzu ‘zenbat lan egin den ibilbide horretan’. Aldaketa handia egon da alor guztietan; antolaketa guztian, nola ikusten den futbola, kirolak berak ere aldaketa asko izan ditu... Baina horren eboluzioa izan da batez ere kanpotik dagoen lanketa guztia; taldeek eta klubek egin duten apustuagatik. Hor atzean dagoen lana, alegia. Aldaketa izugarria da. Gu 80. hamarkadan hasi ginen bezala, eta orain dagoen futbola ikustearekin ez du zerikusirik.

Orain dela zazpi urte egindako elkarrizketa batean esaten zenuen kirolean hasteko orduan neska gazteek mutilen aukera berdinak zituztela, baina behin adin «kritiko» batetik aurrera mutilek errazagoa zutela. Egoera horrek hobera egin al du?

Hobekuntzak jarraitzen du, baina uste dut berdin pentsatzen jarraitzen dudala. Neskek aukera gehiago dituzte adin batetik aurrera ere, baina uste dut gizarteak oraindik ere asko aldatu behar duela. Gipuzkoan eskola kirolean denak berdintasun batetik abiatzen dira: neska-mutilek kirola berdin egiten dute. Baina gero seriotasuna edo ardura, edo ez dakit zer sartzen denean, erabakiak hartu behar direnean; zergatik neskek atzera egiten dute? Zergatik, kirol egiteko aukera berdinak badaude? Horrek zer pentsatua ematen dit; oraindik ere badagoela pentsamolde bat gizartean, familian... pixka bat atzera egiten dutenak. Aukeratu egin behar den momentuan, -eta ez dakit zergatik aukeratu behar den-, kirola edo ikasketak aukeratu behar diren momentuan, neskak errazago uzten du kirola. Eta oraindik horrela pentsatzen dut.

Emakumeak babes handiagoa behar du kirolean jarraitzeko, bestela zu pertsona bezala, oso argi baldin badauzkazu ideiak, indartsua bazara, erronkak bete nahi baldin badituzu, edo pixka bat gauzak argi baldin badituzu, aurrera egingo duzu; baina laguntza behar den momentu horietan, gauzak partekatu behar direnean, ikasketak, ordutegiak... zalantzan zaudenean, uztera behartzen zaitu. Esango nuke pixka bat gizarteak, orokortasun batetik, inor seinalatu gabe, sistema bat dago oraindik ere guk, emakumeok, lan bikoitza egin behar dugula.

Uste duzu alderdi ekonomikoak ere eragiten duela horretan? Maila profesionalean mutilek beren bizitza nahiko bideratuta dute, eta, neskek, ordea, futbola utzita, beste zerbaitetan jardun behar dute derrigorrez.

Profesionaltasun munduan entzuten den zerbait da, baina ni harrobiko futboletik nator, landu behar den arlo horretatik, orduan hor ez dago ezer begiratzerik. Hor kontua da aukerak izatea, sinistea eta berdinak kontsideratzea. Eta ez diogu inongo «bainarik» jarri behar. Beti dauzkagu amaierako ohar batzuk kirolean, eta beti emakumeak seinalatzen gaituzte: «Entrenamenduak jartzen dizkizuegu eta ez duzue oso ondo erantzuten». Uste dut oinarrira joan behar dela, eta beti esaten dut, guk aukera baldintza berdinekin, kirolean ondo-ondo erantzuten dugu. Orain, giroa ez baldin badugu ondo ikusten, ez dagoelako behar dugun begirada hori, arreta hori, eta ari naiz orain orokortasun batean; klubetan, ordutegi aldetik, material aldetik, tekniko aldetik... Hori nabaritu egiten dugu, pertsonak garenez, hor sentsibilizazioa badaukagu, eta ikusten dugunean ez dela benetan guregan hori bizitzen, aitzakiak jartzen dira.

«Aukeratu egin behar den momentuan, kirola edo ikasketak aukeratu behar diren momentuan, neskak errazago uzten du kirola»

 

Uste dut diruari begira, zer eragiten dugun, zer datorren bueltan diruarekin, zer gastu dugun... hortik abiatzen bagara, ez gara haziko. Noski, dirua garrantzitsua da maila batetik aurrera. Hori ere ondo landu behar duzu zure klubean, irteera diruaren kudeaketa, kudeatzaileek ondo ikusi behar dute diruaren mugimendu hori, baina desberdindu egingo nuke. Iruditzen zait, oinarritik hasita, horretan ez dugula erori behar. Emakumearen kirola errentagarria al da? Emakumearen kirolak gastu asko al du? Niretzat hori akats handi bat da.

Uda honetan eskakizun batzuk egon dira, ez bakarrik Espainiako selekzioan, baita beste batzuetan ere, baliabideen aldetik, eta eraso batzuk ere azaleratu dira. Alde horretatik zer eboluzio izan du futbolak? Okerrera egin al du?

Gaur egun mediatikoki beste mundu batean bizi gara. Gu hasi ginen garaian gure familiak eta gure lagunek bakarrik jakiten zuten zer gertatzen zen edo nola geunden, zerbait gertatzen baldin bazen, egoera edo deserosotasunen bat. Garai haietan ere gertatzen ziren gauza batzuk; deserosotasun horiek, federazio aldetik, kluben antolaketagatik... Gaur egun mediatikoki dena ateratzen da, orduan errazagoa da gauza guzti hauek agirian ateratzea. Gehiago dagoen edo ez dagoen? Gehiagok egiten dugu kirola, emakume gehiago dago futbolean, talde gehiago, lehiaketa gehiago; Munduko Txapelketak, Europakoak... Orduan aukera horiek ere gehiago suertatzen dira.

Eta non ikusten duzu arazoa? Klubetan, taldeetan, familian, gizartean...

Ez dakit errudun bat non aurkitu behar den, ez nago ni errudun bat aurkitzeko, baina argi dago oraindik lanketa handia egin behar dela. Guk daukagun irudia, emakumearen irudia, beti izan gara atzetik joan garen figura bat, emakumeok beti bigarren plano batean gelditu gara, eta bizitu dugu. Eta orain zer gertatzen ari da? Bidea egiten ari garela aukera berdinekin, ematen ari zaizkigun aukera horiekin, eta gure tokia aurkitzen ari garela. Eta horrek aurrekoa deseroso sentiarazten du. Eta errudunak ez dakit, baina argi dago gu egiten ari garen hori geldiezina dela, eta gero eta gauza gehiago lortzen ari garela. Eta espazio hori lortzen ari garen heinean, beste batzuek leku hori galtzen ari direla. Eta hori alor guztietan. Espazio fisikoa, komunikabideetan... gure tokia aurkitzen ari gara, albiste gara gauza askotan, eta zoritxarrez, kirolean gauza negatiboetan gehiago ateratzen ari gara, baina horrela izan behar badu, izan dadila gure etorkizunerako gauza positibo bat.

Udan gertatu zen ekintza hori, mundu guztiak ikusi zuen. Argazki batek zenbat gauza adierazi dizkigun, ezta? Batzuek esan dute: «Zer gertatu da? Ez da hainbesterako». Niri horrek kezkatzen nau; jakinda zer dagoen hor, atzean zer egon den, zer bizitu duten jokalariek, zer bizitzen dugun... Detaileak dira, baina gauza asko daude. Zauden selekzio horretan zure tokia ematen al dizute? Ba al dute sentsibilizazioa? Hitza ba al daukazu? Baldintza onenetan bizi al zara? Gauza askoz ari gara hizketan. Gertatu den horrek lagundu dezala mesedez. Guk aspalditik esaten ari ginen gauza horiek, orain bistara atera dira, eta badirudi orain aiba, ba gertatzen dira gauzak.

Garbiñe Etxeberria. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zoritxarrez, ikusi egin behar dira esaten genituen gauzak. Etiketatu egiten gaituzte, ni orain tekniko bezala nago, baina jokalariak ulertzen ditut, eta batzuetan etiketatuta bizi dira. Iruditzen zait hori dela orain beraiei gertatzen zaiena, baina atzetik datorren gauza bat da, eta uste dut entitateen eta elkarteen aldetik, badagoela hausnarketa bat egiteko beharra. Elkarri begiratu eta aurrez aurre jarri eta esan: Zuk zure partzela badaukazu, baina gu orain non gaude? Gu nola kontsideratzen gaituzue? Emakumearen kirola nola dago? Ez du horrela izan behar, baina espazioa lortzen ari garen heinean, norbait deseroso jartzen ari gara, eta hori ulertu eta onartu egin behar da, eta egokitzapen horretan gaude.

Realean urteak daramatzazue kiroltasunaren alde lanean. Lau urte badira Joko OK programa aurkeztu zenutela. Zerk eraman zintuzten kanpaina hori martxan jartzea?

Joko programa hori ez da bakarrik emakumearen sailera begira, programa hori klubean dagoen pertsona oro zaintzeko edo prebentzio lan bat egiteko da. Ikusten genuen gizartean zer gauza dauden, zer baliabide edo tresna ditugun, zer arrisku dauden... Eta hori ondo bideratu behar zela. Programa horrek egunean jartzen gaitu, prebentzio lana egiten dugu, arriskuak zein diren eta egon daitezkeen jakin, eta horiei aurre egin.

Horrez gain, oso garrantzitsua da denboraldian zehar teknikoekin, langileekin eta jokalariekin egiten ditugun hitzaldiak eta sentsibilizazio bilerak. Ez dadila bat-batean zerbait gertatu, eta aurretik ikusi ez izana. Gertatuko dira noizbait? Gertatuko dira gaur egun gertatzen direlako, baina helburua da adi egotea eta pertsona orori babesa ematea. Denok dakigu zerbait gertatu, sumatu, ikusten dugunean, badagoela bide bat gai hori lantzeko, eta programa horrek hori du helburua. Denok sentsibilizazio horretan ondo landuta egotea, baina beti ere zerbaiti heltzeko aukera izatea. Tresna garrantzitsu bat da.

«Zauden selekzio horretan zure tokia ematen al dizute? Ba al dute sentsibilizazioa? Hitza ba al daukazu? Baldintza onenetan bizi al zara?»

 

Horrez gain, Ainhoa Azurmendirekin batera berdintasun plan bat garatzen ari zarete.

Bai, Realak badu berdintasun plan bat. Duela urte batzuk hasitako talde bat da, eta eguneratu egin behar dira plan horiek. Noizean behin biltzen gara taldetxo bat; klubean eremu ezberdinetako jendea, eta berdintasun plangintza horrek eskatzen dituen edo ukitzen dituen gai guztiak aztertzen saiatzen gara. Eta gutxienez, gai horretaz hitz egitea, klubaren barruan nola gauden, begirada hori izatea... garrantzitsua da, dena ez baita kirola bakarrik. Izan daiteke batzuetan marko bat ere, hori edukitzea garrantzitsua da eta denok jakitea non gauden, zer garen eta nola moldatu behar dugun. Lehen esan dizudanarekin, badirudi sistemak daudela gizarte honetan, eta beti horrela izan da, horrela egin dugu. Horrek ez du balio, eguneratu egin behar gara, eta gaur egun, beste egoera batzuk daude eta hor klubean gauden guztiok ikusi behar dugu.

Gaurtik abiatuta, zeren falta sumatzen duzu? Zer ikusten duzu hobetzeko berdintasun batera iristeko?

Pausoak ematen ari gara, ez dakit zein den horrela gauzaren bat hobetu beharra. Nik nahi dudana da edozein tokitan berdin sentitzea, hitza edukitzea, zure iritziak garrantzia edukitzea... Eta hemen horrela gaude, ondo gaude, baina ez da erraza. Iruditzen zait historiak esaten duela beti bigarren plano batetik gatozela, eta hori aldatzen da gauzak lortzen direnean, eta gauzak lortzen dira egiten duzun horrek zentzua duenean. Eta zer da zentzua izatea? Beti emaitzetan oinarritu behar dugu? Iruditzen zait ezetz. Realean gauza asko lortu dira: erreferenteak izatea, futbola aukera bat izatea Gipuzkoan, neska-mutil txiki horrek zer nahi duen aukeratzeko aukera izatea... eta lehen ez zen horrela. Ez dira gauzak emaitzekin bakarrik neurtu behar, baizik eta egin dituzun edo egiten ari zaren ekintza askorekin, eta iruditzen zait hori dela aberatsena.

Orain dela gutxi arte Realak bakarrik talde bat zuen, eta sei urtetan lau talde izatera pasatu gara. Horrek esan nahi du Realean lan handia egin dela. Nola dagoen emakumezkoen futbola Gipuzkoan, zer balio dituen, zein den neska batek egin behar duen ibilbidea, zer maila dauden, zer aukera dituen... Mundu guztiak ezingo du Realean egon, baina Reala izan dadila eredu, pizgarri, erreferente, nik Realean egiten dudana klubak niri emateko. Gauza asko daudela, eta ez dela bakarrik talde bat. Atzean lan asko dago, eta izugarrizko indarra du.

«Ez dira gauzak emaitzekin bakarrik neurtu behar, baizik eta egin dituzun edo egiten ari zaren ekintza askorekin»

 

Adibideren bat jar zenezake?

Realera sartu nintzenean, orain dela 20 urte, emakume bakarrenetakoa nintzen, eta gaur egun hori erabat aldatu da. Orain, nahikoa da edo ez da nahikoa? Gehiago beharko genituzke? Emakumearen presentzia Zubietan handia da, eta nik hori asko nabaritu dut, eta rol guztietan: entrenatzaile, prestatzaile fisiko, fisioterapeuta, nutrizionista... Beste pauso bat da. 2018an klubak bere ereserkia aldatu zuen edo aldatu beharra izan zuen. Hori zer da tradizioa aldatzea? Tradizioak aldatzeko daude, tradizioak ez balira aldatu, emakumeok oraindik etxean sartuta biziko ginateke. Batzuk tradizioak aldatu behar izan dituzte oso gutxi, eta gu etengabe ari gara aldatzen. «Hau horrela da? Aldatu egin behar da, eta hau egin behar da eta honela». Hori da gure lana, emakumeon lana, gizartean, kirolean eta toki guztietan. Hori tokatu zaigu, eta onerako izan dadila. Realak ere Z7 zelaian emakumezkoentzat instalazio berriak egiteko proiektu bat egin zuen, eta eraikuntza lanak jada hasiak dira.

Horrez gain, ikusten ari naiz belaunaldi desberdinak daudela. Nik zu eta zuk ni nola ikusten nauzun. Ni nator gauzak asko landu, lortu, borrokatu eta egin, dena lanaren bitartez. Eta zuen belaunaldiari tokatu zaizue beste momentu bat. Batzuetan faltan botatzen dut jakitea nondik gatozen, eta gauzei balio gehiago ematea. «Ni emakumea naiz eta horrela izan behar du». Noski, hori ez dizut ukatuko. Baina zenbat lan egin behar izan dugun atzetik; balioa eman, eta daukagun hori hobetu egin behar da. Gure tokia dugu, aurkitu dugu, gure lanean ari gara, eta orain hori hobetu behar da. Baina ez hor gaudenez, dena... ez dakit nola esan.

Agian gehiegi eskatzen dugu?

Bai, eta zuen belaunaldiari esango nioke: dagoenari etekin gehiago atera, baina balioan jarri zenbat jendek egin behar izan duen lan atzetik. Eta hobetu egin behar da; noski, baina dagoenari balioa emanda. Gaurko gazte jende honi tokatu zaio, zortez, nik hemen ikusten dudana. Bat-batean klub handi batean sartzen dira, eta erakutsi egin behar zaie honek eguneroko lana duela. Mutilei eta neskei. Baina badirudi batzuetan hor dugula... emakumeok protesta, protesta... Ez lasai, balioa eman eta egin dezagun lana baldintza berdinekin.