Gernika-Palestina ekimenak hurrengo hitzordu bat aurreratu du, Donostiako eginiko manifestazio masiboa eta herriz herriko elkarretaratzeen ostean. Abenduaren 8an ekimen berezia egingo du Gernikan, Euskal Herritik Gazara elkartasuna helarazteko asmoz eta gatazkari behin betiko irtenbidea emateko aldarrikatuz.
Asteartean emango dira ezagutzera ekimen berri horren zehaztapenak, baina bertan eragile eta norbanako ugari egongo dela aurreratu dute. «Ekitaldi masiboa izango da, eta hainbat artista eta taldek parte hartuko dute, Gernikako sinbolismotik nazioarteko komunitatea interpelatzeko», aipatu du ekimenak. Abenduaren 8a ostirala da eta eguerdiko 12.00etan izango da ekitaldia.
«Deialdi honetako partaideok uste dugu inoz baino beharrezkoagoa dela salaketa publikoa eta mobilizazioa areagotzea, munduko beste leku askotan gertatzen den bezala», aipatu du Gernika-Palestinak ohar batean.
Gainera, ostiral honetan indarrean sartu den su etenari erreparatu diote. «Albiste positiboa dela uste dugu. Palestinan itxaropen leiho txiki bat irekitzea litzateke kontua, baina, ezinbestean, behin betiko su eten gisa finkatu beharko litzateke, abian den genozidioarekin amaitzeko».
Gogora ekarri duenez, jada 12.000 pertsona baino gehiago hil dira, eta kopuru horren erdia haurrak dira. «Beharrezkoa da bonbardaketak betiko etetea eta, aldi berean, korridore humanitario seguruak sortzea», nabarmendu du.