Joseba Salbador Goikoetxea

Indarkeria matxistak lau emakume eta haur bat hil ditu aurten

Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz lau emakume –horietako bat haurdun zegoena– eta haur bat hil dituzte: Lourdes del Hoyo, Maialen Mazón, Bego, Zhen Jiang eta Mateo ziren beren izenak. Iraila bitartean 6.448 eraso zenbatu dira (iaz baino %6,5 gehiago). Sexu erasoak %26 hazi dira.

Lourdes del Hoyo maiatzaren 16an hil zuten, Orion, kaleko eserleku batean liburu bat irakurtzen ari zen bitartean. Irudian, hilketa gertatu zen tokian jarritako oroigarria.
Lourdes del Hoyo maiatzaren 16an hil zuten, Orion, kaleko eserleku batean liburu bat irakurtzen ari zen bitartean. Irudian, hilketa gertatu zen tokian jarritako oroigarria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurtengo heriotza matxisten kronikak maiatzean idatzi zuen orrialderik latzena, hilabete horretan bi emakumek bizia galdu baitzuten beren bikotekide-ohien eskuetan. Lehen gertakaria Orion gertatu zen, hilaren 16an. Lourdes del Hoyo kaleko eserleku batean zegoen liburu bat irakurtzen eta, ezustean, bere bikote-ohia agertu eta eskopeta batekin tiro egin zion. 50 urte zituen, bi seme eta banatze prozesuan zeuden. Gizonezkoak ondoren bere buruaz beste egin zuen.

Bi aste geroago, hilaren 28an, beste gizonezko batek bere emazte-ohia hil zuen Gasteizen. Maialen Mazon izena zuen, 32 urte zituen eta haurdun zegoen. Senar-ohiak hil zuenean bere haurraren ondoan zegoen. Ondoren, gizonak ihes egin zuen eta Zaragozan atxilotu zuten. Polizia iturriek onartu zuten emakumea arriskuan zegoela eta babes neurriek huts egin zutela.

Ekainearen 16an, bestalde, Bego, 89 urteko emakume batek bizia galdu zuen berarekin bizi zen hilobak erasotu ostean. 28 urteko gizonezkoa atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Bizilagunek azaldu zutenez, arazo sikologikoak zituen.

Laugarren heriotza uztailaren 1ean gertatu zen, Iruñean. Zhen Jiang txinatar emakumea ere bere bikote-ohiak hil zuen lan egiten zuen tabernan. 47 urte zituen, hogei urte zeramatzan Nafarroan, batezere ostalaritzan lan egiten, eta lau seme-alaba zituen. Bananduta zegoen eta azkenaldian zuen bikotea izan zen hiltzailea. Tratu txarrak ere egotzi zizkioten espetxera bidali aurretik.

Bosgarren eta azken hildakoa ez zen emakumezkoa izan, 7 urteko haurra baizik. Bere aitak amildegitik bota zuen bere burua, Urbasan, semea besoetan zuela. Bananduta zegoen eta indarkeria bikarioa bezala ezagutzen den kasutzat jo zuten, emazte-ohia kaltetzeko asmoa baitzuen. Gizonezkoa Iguzkitzan bizi zen eta emakumea Lizarran. Haurrak bertako ikastolan ikasten zuen.

Bost hildakoez gain, urtean zehar hainbat eraso larri ere gertatu dira, emakumeak zaurituta gertatu direnak. Kasu larriena martxoaren 30ean gertatu zen Bilboko Deustu auzoan. Bertan, 58 urteko emakume bat ospitalera eraman behar izan zuten, egoera kritikoan, bere bikote-ohiak erredura larriak eragin ondoren. Erasotzailea libre geratu zen.

Urrian, 36 urteko emakume bat zauritua gertatu zen Errotxapean bere bikote-ohiak labanaz erasotu ostean. Bertan zegoen bere amak ere zauriak jasan zituen. Gizonezkoa kartzeleratua izan zen.

725 sexu eraso Hego Euskal Herrian
Baina hildakoak eta zaurituak eragiten dituzten erasoez gain, beste eraso mota asko gertatu dira aurten. Guztira, urtarrila eta iraila bitartean 6.448 eraso salatu dituzte, iaz baino %6,5 gehiago.

Horien artean, emakumearen sexu askatasunaren aurkako erasoak dira gehien hazi direnak. Izan ere, aurten 725 sexu eraso izan dira, iaz baino %26 gehiago. Horietatik 266 Nafarroan gertatu dira (iaz baino %49 gehiago) eta 459 Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan (iaz baino %15 gehiago).

Hala eta guztiz ere, Ertzaintzak emandako datuen arabera, sexu-eraso larriak dira gehien hazi diren erasoak (%43 gehiago), iaz 62 zenbatu ziren bitartean, aurten 89 izan baitira. Era berean, inguru digitalean gertatutako eraso sexualak dira gehien hazi direnak, %70 baino gehiago.

Gainera, gero eta biktima gehiago adin txikikoak izan dira. Ezagutzera eman diren adin txikikoen kasu larrienak Nafarroan gertatu dira: urtarrilean 12 urteko neska bat bortxatu zuten Iruñean, otsailean 8 urteko beste bat Barañainen eta abuztuan, 13 urteko beste neska bat bortxatu zuten Burlatako jaietan.

Bilboko Aste Nagusian hamar atxiloketa izan ziren ukituak egiteagatik. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Udako jaiak, une eta gune kritikoak

Emakumeen aurkako erasoek une kritikoa bizitzen dute urtero udako  jaietan. Aurten antolatu diren prebentzio neurriek egoera apur bat hobetzen lagundu badute ere, batezere hiriburuetan, eraso larriak gertatu dira Zumaian, Irunen, Urduñan, Abadiñon, Getxon, Plentzian, Ondarroan eta Burlatan.

Aurreko urteekin alderatuta, aurtengo udan eraso gutxiago izan dela baieztatu daiteke. Gainera, iazko udan izandako emakumeen aurkako ziztadak aurten ez dira errepikatu, horren arrazoiak ezagutzen ez badira ere.
Euskal hiriburuetako aste nagusi eta jaietan, esaterako, ez da eraso larririk gertatu, baina horrek ez du esan nahi emakumeak askatasun osoz kalean ibiltzerik izan dutenik. Iruñean, adibidez, 18 salaketa jaso zituen Udaltzaingoak, guztiak ukituengatik.

Baionan emakume batek bortxatua izan zela salatu zuen, eta Gasteizen Udalak bost gertakariren berri eman zuen, nahiz eta Mugimendu Feministak guztira hamaika izan zirela azaldu, eraso matxista zein LGTBIfoboak barne, horietako sei txosnagunean. Donostian, bestalde, erasorik ez zela izan adierazi zuen Udalak eta Bilbokoak ere ez zela eraso larririk izan azaldu zuen, nahiz eta onartu hamar atxiloketa izan zirela ukituak egiteagatik.

Hiriburuez gain, hainbat herritako jaietan erasoak izan ziren. Horrela, udaberrian, Zumaiako San Telmo jaietan hiru gertakari salatu zituen mugimendu feministak, horietako bat homofoboa; Urduñako otxomaio jaietan bi gizonezko atxilotu zituzten neska batzuk ukitzeagatik; Abadiñoko San Prudentzio jaietan, emakume batek jazarpena jaso zuen taberna batean; Gallartan, aldiz, ferietako langile bat kartzeleratua izan zen hogei gaztetxori ukituak egiteagatik: eta Ondarroan gizon bat atxilotua izan zen neska bati jarraitu eta etxera sartzerakoan ukituak egiteagatik eta beste bost pertsona kanporatuak izan ziren txosnaguneetatik.

Uda betean, Plentziako madalenetan neska batek salaketa jarri zuen jai-gunean jasandako eraso batengatik; Getxoko Aixerrotan beste gazte bat ere erasotua izan zen; Irunen bestalde, bortxaketa bat gertatu zen Lakaxita gaztetxean, baita Burlatan ere. Herri honetan, gazte ezezagun batek 13 urteko neska bat bortxatu zuen etxera zihoanean.

Azkenik, Amurrion bi eraso matxista salatu zitzuten jaietan; Bakion «intentsitate altuko» eraso baten berri eman zuten; Lekeitioko Udalak Antzar Egunean gertatutako sei eraso matxista eta bi homofobo salatu zituen; eta Hondarribiako Udalak jaietan gertatutako bi eraso salatu zituen.

Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, oraindik ere erasoak gertatzen direla onartu zuen, baina hiriburuetako datuak aurreko urteetakoak baina hobeak izan direla nabarmendu zuen. «Urtez urte egiten ari den sentsibilizazio-lanak erasoak prebenitzea lortu du, eta, gainera, inolako erasorik ez jasatera eta salatzera animatu ditu, babestuago sentitu direlako».