NAIZ

Michelinek 176 langile kaleratuko ditu Gasteizko eta Lasarte-Oriako lantegietan

Michelin multinazionalak Gasteizko lantegian 150 eta Lasarte-Oriakoan 26 langile «soberan daudela» erabaki du. LABek albistearen «filtrazioa» salatu du prentsaren bidez jakin dutelako langileek. «Konfiantza ezaz asko hitz egiten duen» enpresaren «errespetu falta» dela uste dute.

Michelin Gasteizko langileen batzarra, ekainean.
Michelin Gasteizko langileen batzarra, ekainean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Michelin multinazionalak Gasteizko lantegiak 150 langile eta Lasarte-Oriakoan beste 26 «soberan» daudela jakitera eman du ostiral honetan, datorren urterako ekoizpen aurreikuspen txarrak daudela argudiatuta, enpresako iturriek Efe eta Europa Press agentziei jakinarazi dietenez.

Enpresa batzordea egutegiari buruz hitz egiteko konpainiarekin bilduta zegoenean zabaldu dute albistea komunikabideek eta LAB sindikatuak filtrazioa «errespetu falta izugarria» dela deitoratu du.

Unai Arregi Gasteizko lantegian LABeko ordezkaria denak NAIZeri azaldu dionez, «ez dugu ulertzen» enpresak erabaki hau jakinarazteko hartu duen bidea, eta «errespetu falta» gisa ikusten dutela azpimarratu du. Duela egun batzuk sindikatu abertzaleak enpresaren «jazarpenaz» ohartarazi zuen.

«Matrizeak asko hitz egiten du ‘konfiantzarik ezaz’. Galdetu beharko litzateke ea jokabide horrek plantillak zuzendaritzarekiko duen pertzepzioa eta konfiantza hobetzen dituen», adierazi du sindikatuak ohar batean.

Arregik azaldu duenez, filtrazioari buruz galdetuta, enpresak «ez du erantzun zehatzik eman» eta, sindikatuaren arabera, «aditzera eman du ez dutela horrekin zerikusirik». Langileen ordezkariak «tenteltzat» hartu izana salatu du LABek, eta informazio gehiago eskatu du. Bada, erantzuna izan da ez dagoela beste ezer gehitzekorik.

Enpresak Eferi jakinarazi dionaren arabera, langileen murrizketa «ahalik eta modu ez traumatikoagoan» egingo da, eta, beraz, borondatezko baja pizgarriak edo erretiroak bezalako formulak aztertuko dira, «ahal den neurrian».

Gainera, beste 650 langileren lan egutegiak doituko dira, lanaldia murriztu baitezakete. Lasarte-Oriako lantegian, egutegien doikuntzak 240 langileri eragingo die. Horrekin, Michelinek Gasteizen aurreikusi du lantegian 75 milioi euroko inbertsioak «geldiaraztea» hiru urtean.

«Prozesu baten hasiera»

Ildo horretatik, «aspalditik hauspotzen ari den prozesu baten hasiera besterik ez» dela uste du LABek, azken hilabeteotan Gasteizko lantegian «lan kargaren galera, plantilla gaindimentsionatua, soberan dagoen jendea eta, berriz ere, konfiantza galera» argudiatu dituelako enpresak.

Bide batez, sindikatuak gogorarazi du «langileek egin duten gauza bakarra beren eskubide demokratiko oinarrizkoenak defendatzea izan dela», mobilizazioei eta lantoki arteko batzordea uzteko erreferenduma aipatuz. «Badirudi hori ez zaiola gustatu bere balioak eta pertsonak erdigunean jartzea hainbeste aldarrikatzen dituen zuzendaritzari». «Penagarria» dela dio sindikatuak.

CCOOk, bestalde, «kezkaz» hartu ditu datorren urterako aurreikuspen produktiboak eta Gasteizko lantegiaren egoera «bereziki kezkagarria» dela esan du. «Hemen inor ez dagoela soberan» azpimarratu ostean, «erantzukizuna, elkarrizketa eta akordioa» eskatu ditu «egoera hau neurri traumatikorik aplikatu gabe salbatzeko».

Sindikatuetako iturriek Eferi zehaztu diotenez, datorren astelehenean Michelineko sindikatuek xehetasun handiagoz ezagutuko dute zuzendaritzak ostiral honetan aurreratutako proposamena.

Denis Itxaso Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak X sare sozialaren bidez «enpresaren eta langileen arteko elkarrizketa soziala» eskatu du, eta «prezipitazioak saihestea eta akordioari aukera ematea» eskatu du.