NAIZ

Pikete feminista eginez Donostian errepidea moztu du LABek zaintzaren negozioa salatzeko

Donostiako sarrera nagusi bat, Ibaeta auzoko Tolosa etorbidea, moztu egin du gaur LABek goizeko 8.45ean pikete feminista bat antolatuz. Helburuak zaintza negozioa bilakatu dela salatzea eta hilaren 30eko greba feminista orokorrera dei egitea izan dira.

LABen pikete feminista Donostiako Ibaeta auzoko Tolosa etorbidean.
LABen pikete feminista Donostiako Ibaeta auzoko Tolosa etorbidean. (LAB)

Pikete feminista bat eginez, trafikoa moztu du gaur 8.45ean LABek Donostiako Ibaeta auzoan, Tolosako etorbidean, hiriko sarrera nagusietako batean.

Sindikatuak azaldu duenez, ekimen honekin bi helburu bete nahi izan dituzte. «Lehena, zaintzaren negozioari amaiera ematea urgentziazkoa dela, eta horretarako ezinbestekoa dela zaintza zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresen kontratuak amaitzea, langileak publiko egin eta zerbitzuen kudeaketa zuzenera igarotzeko. Instituzioen eta enpresarien arteko aliantzak zaintza sistema publikoa pribatizatu du azken urteetan zehar, herritarrek kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko duten eskubidearen ordez, enpresen irabazi ekonomikoak lehenesten ari direlarik; honek, aldi berean, zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten langileen lan baldintzen prekarizazioa ere ekarri du berekin. Horregatik jo dute LABeko kideek Eulen enpresaren bulegoetara: enpresa honek eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatearekiko eta langileen lan baldintza prekarioekiko duen erantzukizuna salatu eta haien negozioa onartezina dela argi adierazteko», adierazi du LABek ohar batean.

Bestetik, hilaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egiteaz gain, argi utzi nahi izan dute zaintza eta bizitza erdigunean jartzea herritar guztien ardura dela, ez emakumeena soilik.

«Hau ez delako zaintza lanetan aritzen diren emakume langileen borroka bakarrik, langile klase osoaren borroka delako, guztiona delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea, bai eta zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa ere. Azken finean, eskubide hauek bermatzeak langile klasearen bizi baldintzen hobekuntza dakartelako berekin. Horregatik ari dira kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitarioa aldarrikatzen. Hain zuzen ere, horregatik elkartu dira goizeko ekimenean metaleko langileak, industriako langileak, administrazio publikokoak edota zerbitzu pribatuetakoak ere, eta ez sektore feminizatuetako emakume langileak soilik», gaineratu du.

Azkenik, hilaren 30ean Euskal Herria gelditzeko deia egin du LABek, «greba feminista orokorrak inflexio puntu bat izan behar duelako guztiontzat eta bereziki Gobernuan dauden agintari politiko eta haien lagun enpresarientzat: Azaroaren 30ean, beriziki greba egin ezin duten horiengatik, egin dezagun greba, ez gaitezen joan lanera, ez dezagun egin erosketarik, ez kontsumitu tabernetan, eta batez ere, zaindu dezagun elkar! Euskal Herria feiminista dugu irabazteko, eta bide horretan, kalitatezko zaintza sistema publiko komunitarioa lortu arte borrokan jarraitzea dagokigu».