NAIZ

Miriam Arrillagak eta Goiuri Zabaletak osatu dituzte Lau eta Erdiko finalerdiak

Aginagarrak Nora Mendizabal kanporatu zuen larunbatean Legution, 11-3 galtzen joan ostean partida erabat iraulita. Leire Garai izango du aurkari finalerdietan. Leitzarrak Enara Gaminde menderatu du gaur Arratzun, neurketa oso gogorra irabazita (22-19). Amaia Aldai dauka zain.

Miriam Arrillaga, pilota bat probatzen, Nora Mendizabalen aurkako kanporaketan.
Miriam Arrillaga, pilota bat probatzen, Nora Mendizabalen aurkako kanporaketan. (EMAKUME MASTER CUP)

Miriam Arrillaga eta Goiuri Zabaleta izango dira, hurrenez hurren, Leire Garai eta Amaia Aldairen arerioak abenduaren 6an Abadiñon, Matienako frontoian, jokatuko diren Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Masterraren finalerdietan. Asteburu honetan Legutio eta Arratzun jokatutako final laurdenetako azken kanporaketetan Nora Mendizabal (22-12) eta Enara Gaminde (22-19) menderatu dituzte.

Larunbatean, Legutioko kanporaketak bi zati oso desberdin izan zituen. Lehen erdi luzean, Nora Mendizabalek partida handia jokatu zuen, jokoa guztiz dominatuz eta era guztietako dejadekin tanto ugari lortuz. Miriam Arrillagaren etsipenerako, 11-3 aurreratu zen markagailuan. Hala ere, buruz buruko lehietan sakeak ikaragarrizko garrantzia duela enegarren aldiz erakutsiz, lehen pilotakadarekin sei tanto egin zituen jarraian aginagarrak eta partida goitik-behera aldatu zen. Bigarren zati horretan paperak erabat aldatu ziren eta 2019ko txapelduna ia zuzenean joan zen 22ra. Azkenean Nora Mendizabal izan zen lur jota amaitu zuena.

Gaur Arratzun jokatutako partida ez zaio atzean geratu eta bi pilotariek erabat akituta amaitu dute ordubete baina gehiago iraun duen lehia gogor eta ikusgarrian. Kasu honetan lehen erdia ezin orekatuagoa izan da, denera bost berdinketa ere izan baitira, seina, zazpina, zortzina, bederatzina eta hamarna. Hortik aurrera, ordea, horma-biko ederrekin amaitutako zenbait tantorekin, Goiuri Zabaletak bost tantotako zuloa irekitzea lortu du, alde hori ongi kudeatzen asmatuz. Enara Gamindek gauzak oso oso zail jarri dizkio azken unera arte, baina garaipena Zabaletarentzat izan da.

Beste mailetan hauek izan dira emaitzak:

Legution, pilota goxoarekin: June Agirrebeitia 18 / Uxue Gomez 7; Maddi Etxenagusia 15 / Ezki Arizti 18; Ainhize Arratibel 18 / Petra Rodriguez 4. Pilota mistoa gazteak: Eider Perez 18 / Enara Juantorena 15. Pilota mistoa promesak: Irati Betegi 9 / Alejandra Bilyak 18; Enara Anitua 2 / Amaia Arrastia 18.

Arratzun, pilota mistoa promesak: Maialen Gaston 6 / Onintza Galdos 18.