Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Euskal Selekzio lehiakorraren nazioarteko langa

Euskal Selekzioak mendean hartu ditu Txile (39-27) eta Lituania (35-31), asteburuan Berangon eta Bilbon jokatu den torneoan. Txiletarren kasuan, Munduko txapelketa prestatzeko baliatu dute proba, eta euskaldunen langa non egon zitekeen amesteko atea zabaldu dute emaitzek.

Paula Garcia, Txileren aurkako deman.
Paula Garcia, Txileren aurkako deman. (EUSKAL ESKUBALOI FEDERAZIOA)

Begiak itxi eta soilik imajinatu. Demagun Euskal Selekzio ofizial bat, nazioarteko txapelketa ofizialak lehiatzeko moduan, eta ekin amesteari. Eskubaloiko munduko txapelketa hasiko da hiru egun barru Danimarkan, Norvegian eta Suedian, 32 selekzio lehiatuko dira han, eta, orotara, bi euskaldun egongo dira, Maitane Etxeberria, Bera Berako hegaleko jokalari gipuzkoarra, eta Lysa Tchaptchet, pibote nafarra, Norvegiako Vipers taldean dabilena, Txapeldunen Ligako irabazlea bi urtez jarraian.

Euskal selekzioak, bitartean, txapelketa xume bat jokatu du asteburuan, nazioarte mailan berme osoarekin lehiatzen duten Txileren eta Lituaniaren aurka. Euskaldunak non kokatu gaitezkeen ikusteko balio izan du torneoak, hein batean; eta, utopikoa dirudiena errealitate egitearen ametsaren sokari tiraka, zalantza izpirik ez da Euskal Selekzioa sobera lehiakorra izango zela. Talde txiletarra, zeina bai egongo den Munduko txapelketan, aise garaitu zuten euskaldunek; Bera Bera, Beti Onak, Zuazo, Zarautz, Ermuko Errotabarri eta Berangoko jokalariekin hornitutako selekzioak, alegia. Atzo, Lituania garaituta, 35-31, torneoa irabazi zuten euskaldunek (Espainiak, Europako txapelketarako sailkapen partidan, 47-14 irabazi zion, ideia bat egiteko).

Selekzio posible bat marrazten

Sona handiko izenek osatu dute Euskal selekzioa asteburuan, baina falta ziren elitean jokatzen duten zenbait ere. Esaterako, Estitxu Berasategi (Malaga), Maider Barros eta Maddi Bengoetxea (Porriño), Ainhoa Hernandez (Rapid Bucuresti) eta Espainiako selekzioak deituta dauden Maitane Etxeberria, Lysa Tchaptchet eta Lyndie Tchaptchet (azken hau juniorretan). Horiek, 17 jokalariko deialdian sartuz, saihetsezina da Euskal Selekzioa nazioartean lehiatzearekin amets ez egitea, Imanol Alvarez eta Jorge Dueñas bikotea taldea zuzentzen.

Alba Menendez kapitainarekin kemen sobera izango zukeen taldeak. Bera Beran 15. denboraldia jokatzen ari den zarauztarrak, urteak joan urteak etorri, erakutsi du elitean, garaikur guztien borrokan dagoen taldeko giltzarria dela, taldearen filosofiaren ardatza. Noski, Esther Arrojeria usurbildarrak ongi babestua, jokoaren norabidea marrazten. «Orain Txilek Munduko txapelketa lehiatuko duela ikusita, erakusten du Euskal Herrian badaukagula maila nahikoa eta, hain gutxi entrenatuta gai izan bagara irabazteko, aukera gehiago izango bagenitu, nork daki!», adierazi dio NAIZi, hain zuzen ere, Arrojeriak, Lituaniaren aurka jokatu berritan. «Kadete edo jubenil mailan jokatzen diren txapelketa estatalez aparte, ez dakizu noiz jantziko duzun selekzioaren elastikoa, eta beti da oso polita, are gehiago etxean», esan du, hurrengo hitzorduaren esperoan.

Esther Arrojeria: «Hain gutxi entrenatuta gai izan bagara irabazteko, aukera gehiago izango bagenitu, nork daki!»

Bada, talde utopikoaren marrazketa atzetik aurrera, ordena apur batekin egitearren, Maddi Aalla (Bera Bera) eta Olaia Luzuriaga (Beti Onak) egongo lirateke; gazteak baina eskarmentudunak, biak ala biak Espainiako selekzio ezberdinetan arituak.

Alboetan jokatzeko, Menendezez gain, June Loidi (Bera Bera), Estitxu Berasategi (Malaga),  Paula Garcia (Beti Onak), Eider Hernandez (Beti Onak) eta Andrea Zaldua (Zuazo), erasoan zein defentsan oreka bilatu asmoz, altuera eta bizkortasuna uztartuz. Aipatu guztiak dira Espainiako Ohorezko Mailan arituak, eta horien erdiek Europan ere pilatuta dituzte zenbait partida.

Lehen lerro hori, erditik, Maddi Bengoetxea eta Esther Arrojeriaren artean banatuko litzateke. Usurbildarra hamarkada luzez dago Bera Beran, Espainiako selekzioaren deialdietan ere izan da azkenaldian –iaz Europako txapelketa jokatu zuen, esaterako–, eta jokoaren iparrorratza da.

Atzetik aurrera egin du, bestalde, errenteriarrak. Zuazon eskarmentua hartu eta Porriñora jauzi egin du aurten.
Hain zuzen ere, bere taldekide eta herrikide Maider Barros legoke hegalean jokatzen, eskuinaldeko eremu hori Laida Urbitarterekin (Beti Onak) uztartuz. Beste hegalean, Munduko txapelketan izango den Maitane Etxeberria eta Anne Erauskin (Bera Bera).

Eta pibote postuan, borrokarako beti prest, hirukote handia –laukote ere bilakatu daitekeena–: Tchaptchet ahizpak eta Maria Zaldua edo Ainhoa Hernandez. Lysa eta Hernandezek EHF Champions League txapelketa nagusian izen bat egin dute. Barakaldarrak, gainera, badaki zer den Munduko txapelketa bat jokatzea. Tchaptchet ahizpa gazteena, Lyndie, ere indartsu dator, egun Bera Beran golak egiten, eta Zaldua, aldiz, Rocasan.

Kirol lege berria

Berme guztiekin osaturiko Euskal Selekzioaren langa non ote dagoen galdetu beharko litzateke, aldarrikapena berriro ere lehen lerrora eramateko, sugarra kirol diziplina guztietara hedatzeko.

Bada urtebete pasatxo Madrilgo Gobernuan Kirol Lege berria onartu eta pilotan eta surfean Euskal Selekzio posible baten aukera saldu zigutela, baina bide orria oraindik hutsean dagoen sentsazioa agerikoa da. Nazioarteko pilota Federazioan egin ziren balizko urratsak, Espainiak zeharo oztopatuak eta esperantza berriz ere hilobiratua.

Bada urtebete pasatxo Madrilgo Gobernuan Kirol Lege berria onartu eta pilotan eta surfean Euskal Selekzio posible baten aukera saldu zigutela, baina bide orria oraindik hutsean dagoen sentsazioa agerikoa da

Maitane Etxeberria eta Lysa Tchaptchet Espainiako koloreekin ikusiko ditugu momentuz; Mexikon, zesta-puntan, Eñaut Urreisti eta Gorka Mugartegi eta Erika Mugartegi eta Arai Lejardi 22 urtez azpiko txapelketa irabazten ikusi ditugun legez; edota surfean, Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri junior mailako Munduko txapelketan lehiatu diren legez.