Jon Ormazabal

Joseba Aldabe atzelariak 27 urterekin egingo du debuta Asperekin

Igantziarrak bi urterako sinatu du Eibarko enpresarekin eta Donostian jokatuko du bere lehen partida abenduaren 8an.

Joseba Aldane, bere kontratu berria sinatu berritan.
Joseba Aldane, bere kontratu berria sinatu berritan. (ASPEPELOTA)

Mugimendu askoko egunak izaten ari dira azkenekoak Baiko eta Asperen bulegoetan eta Eibarko enpresak astelehen honetan eman du jakitera atzelari berri batek, Joseba Aldabe igantziarrak, debuta egingo duela datorren abenduaren 8an Donostiako Atano III.ean. Nafarra afizionatuetan maila bikaina ematen ari bada ere, bere jauziak badu ezustekotik zerbait, pilotariak 27 urte bete baitzituen maiatzean eta gero eta gazteago debutatzeko dagoen modan, salbuespen bat suposatzen duelako.

Azkenaldi luzean, Fernando Goñi aipatu izan da berandu debutatu duten pilotarien adibide gisa eta Zubirikoak 25 urterekin eman zuen profesionaletarako jauzia. Azkenaldian Exposito eta Matak 23 urterekin debutatu dute eta nahikoa «zaharral» ziruditen, 23 urterekin norbait zaharra izan badaiteke. Hori bai, debutatzen azkena izan arren, adinean Aspeko 22 pilotarietan hamargarren zaharrena izango da, Ezkurdia eta Zabaleta, (32), Rezusta (30), Erostarbe (29), Tolosa (28) eta Altuna, Elordi eta Darioren (27) atzetik. Azken hiru hauek urte berekoak dira baina igantziarra izan zen jaiotzen azkena.

Aspek jakitera eman duenez, atzelari nafarrak bi urterako kontratua sinatu berri du eta abenduaren 8an jokatuko du profesional gisara bere lehen partida Atano III.a berriztuan. Zabala lagun, Mata eta Erostarberen aurka arituko da.

Etxanizekin ikasi

Bere enpresaren web orrialdean jasotako adierazepenetan, Aldabe oso pozik agertu da aukera berri honekin. «Afizionatuetan torneo asko jokatu ditut, baina abenduaren 8tik aurrera datorkidana oso desberdina izango da. Niretzat pilota nire bizia izan da eta nere biziaren une asko eskaini dizkiot», azaldu du. Hemendik aurrerako lehentasunak oso argi ditu atzelari nafarrak. «Jokin Etxanizen eskuetan jarri nahi dut, ahalik eta gehien hobetu eta profesionaletan maila on bat eman ahal izateko.

Afizionatuetan aurten Munduko txapeldun izan zen Biarritzen eta Lezoko Josetxo Etxandi torneoan ere txapela jantzi ahal izan zuen. 2021.ean Biharko Izarrak ere irabazi zuen eta, pixka bat itxaron behar izan badu ere, azkenean bete da Mallabian txapeldun irteten den atzelariak profesionaletan amaitzen duenaren idatzi gabeko lege hori.