Eneko Aizpurua lazkaotarraren eleberri berria da ‘Gaueko expressoa’ (Alberdania). Egileor ikertzailearen trilogiaren ostean, eleberri beltzetik urrundu eta deserria eta itzulerek pizten dituzten sentipenak ditu hizpide lan berrian.
Liburua astearte goiz honetan aurkeztu du Donostian eta, azaldu duenez, Miguel Barros portugaldarra da eleberriko protagonista nagusia, «gutun bat dela bide, sorterrira itzuliko baita portugaldarra». 70eko hamarkadan Salazarren diktaduratik ihesi, Antonio lagunarekin batera Portugaletik alde egin zuen Barrosek «Parisko paradisura» bidean, baina Bidasoako muga zeharkatu ezinik ez aurrera ez atzera geratu zen Euskal Herrian. Aizpuruak zehaztu duenez, Antonio lagunaren arrastoa galdu egingo du Bidasoako zeharraldi klandestino horretan, eta Barrosek bere bizitza berregingo du euskal lurraldean.
Bizi duen egonerokotasuna bat-batean hautsiko da gutun bat jasotzen duenean: Antonio lagunak gaixotasun sendaezin bat du, eta harekin elkartu asmoz Barros itzuli egingo da Portugalera.
Irakurleak Barrosen eta bere ingurukoen ahotik jarraituko du kontakizuna eta, Aizpuruak adierazi duenez, lerrootan «familia baten gainbeheraren kontakizuna» harilkaten da: «Inork entzun nahi ez dituen egia txiki eta deserosoen eta sentimendu kontraesankorren berri ematen dute, politikoki batere zuzena ez den moldez. Norberaren herrian eta deserrian errotzeko zailasuna, laguntasuna eta zeharka euskal gatazka deiturikoa» ere badira, egilearen hitzetan, eleberria zeharkatzen duten gaiak.
Eleberrian irakurleak ez duela «egia biribilik» topatuko ere iragarri du Aizpuruak, «bakoitzak bere ondorioak atera beharko ditu nobela irakurri ondotik. Egileak berak ere –gaineratu du–, idazterakoan erantzunen ordez galderak izaten ditu, eta galderen aurretik hutsune bat. Eta hortik sortu da nobela hau», ziurtatu du.
Aizpuruarekin batera Aritz Galarraga editoreak ere hartu du parte aurkezpenean. Idazlearen estiloa nabarmendu nahi izan du: «Jostea lortu duen idazkera, tonua eta estiloa aberatsa eta erritmo handikoa da, denbora guztian eramaten zaitu kulunka batean eta ez da sekula erortzen errazkerian. Beti ematen dio zer bazka irakurleari». Aizpuruaren estiloa Antonio Lobo Antunes eta Miguel Sanchez-Ostizenarekin parekatu ditu.