Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Txoriei txori-izenak, eta ez beste inorenak

Ingelesezko txori-izen askotan, egun ere baztertzaileak eta mingarriak diren iraganeko lotura asko gordetzen dira. Eponimoak eta, bereziki, esklabisten ohorezko txori-izenak aldatuko dituzte AEBetan, izen deskribatzaileagoen mesedetan.

Bonaparte antxeta, Napoleonen iloba Charles Lucien Bonaparteren ohorez horrela deitua. Orain, pertsona batena izango ez duen izena jarri nahi diotenen zerrendan lehenetarikoa.
Bonaparte antxeta, Napoleonen iloba Charles Lucien Bonaparteren ohorez horrela deitua. Orain, pertsona batena izango ez duen izena jarri nahi diotenen zerrendan lehenetarikoa. (John WIJSMAN | GETTY)

Euskaraz ez daukagu arazo hori, ez dauzkagu esklabistak, supremazistak edo muturreko erlijiosoak goratzen eta ohoratzen dituzten txori-izenak. Ez halako jendearenak ezta beste inorenak ere. Martin arrantzalea izan daiteke, lehen etorrian, salbuespena, hots, pertsonaren izena daraman txori-izen bakanetarikoa. Gainontzean, koloreak eta ezaugarriak nabarmentzen ditugu euskaraz (“ahate buruzuria”, “txantxangorria”, “kaskabeltza”, “buztangorria”, “belatxinga mokohoria”, “antzara hankahoria”...), edo nongoak diren (“pagausoa”, “uroiloa”...), edo zer jaten duten (sugejalea, arrantzalea...), edo besterik gabe, izen onomatopeikoak lehenesten ditugu ("pitxartxar" bezalakoak).

Benetan ondare handia dugu euskarazko txori-izenekin, txori bakoitzak dozena erdi izen izan ditzake euskaraz. Har dezagun "txantxangorria", adibidez, "papargorria" adituko duzu Iparraldean, edo "txindorra" Bizkaiko hainbat tokitan, "txotxolongorria" Sakanan, "txantxakoa", "anttonpapargorria", "bulargorria", "lepagorria"... Zoritxarrez, asko galtzen ari dira.

Ingelesezko txori-izenen kasuan, ez da gauza bera gertatzen. Nonbait, izenak indar handi bat gordetzen duela ohartuta, boteretsuak direla, eta ingelesezko txori-izen askotan egun ere baztertzaileak eta mingarriak diren iraganeko lotura asko aurkitzen direla jakitun, Amerikako Estatu Batuetako Ornitologia Elkarteak, AEBetako eta Kanadako txorien izenak katalogatzen dituenak, iragarri du pertsonen izenekin txoriak izendatzeari utziko diola. Argitasun freskagarri bat duen erabakia izan da, bi partetan ematen diren latinezko izen zientifikoak bere horretan utziko dituena.

Deliberatzen bi urte eman ondoren, Ipar Amerikan ingelesezko deitura iraingarria edo baztertzailea duten txori-izenak banan-banan aldatu ordez, gaia orokortasunean eta errotik birplanteatzea beharrezkoa ikusi du elkarteak. Txoriei izena emateko prozesu zientifikoa erakargarriagoa eta barneratzaileagoa egin nahi dute, arreta osoa txorien beraien ezaugarri eta edertasunean kokatuz. Eta prozesu horren lehen etapa batean, aurkakotasunak sortu direla ezkutatzeke, 80 hegaztiren izenak aldatzeari ekingo diotela aurreratu dute, esklabista, supremazista zuri eta indigenen hilobien profanatzaileak ohoratzen dituzten txori-izenetatik hasita. Izen gehienak duela mende bat baino gehiago eman ziren. Epe luzera, helburua pertsonen izena duten txori-izen guztiak aldatzea izango dela aurreratu dute.

«Woke» gerren itzala

Zalaparta eragin du erabakiak. Eta ez dira falta deuseztapenaren kulturaren adibideak, woke epidemiaren edo woke gerren erakusgarri berria dela diotenak. Hau da, muturreko ezkertiar errebisionisten gurutzada berria dela, pribilegioen aurkako praktikaren aitzakian, tradizioen kontrako erabakia dela. Eta «anti-woke» erreakzioa bere kasa ideologia bihurtu denetik, intolerantzia erresistentzia mugimendu bezala berrizendatuz, ez dira gutxi orain izaki bizidunen izen polemikoekin lehendik datorren gurutzada baten itzala ikusi dutenak.

Orain txorien txanda iritsi dela pentsatzen dute. Lehen hiriena, mendiena, aintzirena, eraikin publikoena, monumentuena eta kaleena izan zen bezala, arrazista, faxista, kolonizatzaile edo esklabisten izenak kendu ziren bezala, edo beltzen eta indiarren aurka iraingarri zirenak, orain ornitologoak eta esploratzaileak ohoratzen dituzten izenak direla. Enbor bereko ezpalak direla, alegia.

Cooper belatza, XIX. mendeko naturalista baten ohorezko izena du. Belatz hankahoria izango du izen berria? (Kerry HARGROVE / GETTY)

Baina, egia da, erresistentzia dezente sortu bada ere, apurka-apurka gauzak aldatzen ari dira. Egia da hau erabaki historiko eta esanguratsua dela, jarraitu beharreko bidea, gogor egin beharko dela lan jendea ulermen berri honetara erakartzeko. Azken urteetan, zientziaren elkarte eta instituzio akademikoak presiopean izan dira basakeriak egin zituztenen izenean deituriko aldizkari, sari, ikasketa programa eta instalazioen izenak aldatzeko.

Baina kontraesanak ez dira falta. Har dezagun, adibidez, John James Aubudon-en ohorez izena jarri zioten urretxoriaren kasua. Aubudon urretxoria “Ornithological Biography” aski famatua argitaratu zuen txorien ilustratzaile handia goratzeko izena da. Baina kontua da Aubudon esklaboen jabe eta beltz-tratulari galanta izan zela, eta negozio horretatik irabazi zuen diruarekin finantzatu zituela bere ornitologia «lan handiak». Txori-izena aldatuko dute, bai; baina, aldiz, naturaren kontserbaziorako irabazi asmorik gabeko National Audubon Society elkartearen zuzendaritzak ez du onartu izen aldaketarik.

Eponimoen zentzugabekeria

Eponimo edo izen-emaileak eta ohorezko deiturak ez dira soilik zentzugabekeria bat. Deskribatzaileagoak diren izenak, txorien ezaugarriak, itxura, lumajea, edertasuna edo habitata ospatzen eta adierazten dituzten izenak ere badaudelako. Edo identifikazioa errazteko ezaugarri mesedegarriagoak dituztenak, erabilgarriagoak direnak, zentzu handiagoa dutenak. Txoriok izendatu zituzten naturalista zuriek ez zituztelako «aurkitu», Kristobal Kolonek Amerika «aurkitu» ez zuen bezala.

Eta, azken buruan, txoriak ez direlako inorenak. Izen alienatzaileak dira, gainera, Ameriketako herri indigenek aspalditik ezagutzen eta izendatzen zituztelako, kolono zuriak etorri baino askoz lehenagotik. Eta bestalde, XIX. mendeko nomenklaturaren konbentzioek herri indigenak baztertzen dituztelako.

McCown berdantza, indigenen kontra borrokatu zen jeneral konfederatuaren ohorez izena emandakoa. (Brian E.KUSHNER / GETTY IMAGES)

Eponimoak problematikoak dira. Nolabait, espeziearen jabetza inplikatzen dutelako, oso garai zehatz bateko izenak direlako, egitura sozial hertsi bateko garaikoak. Ia eponimo denak gizon zurien izenak dira, oso emakume gutxi daude, eta daudenetatik, ia denak bataio-izenak dira. Txoriak behatu eta zaintzen dituen publikoa lortu nahi bada, dudarik gabe, hor bada zer artatu, bada zentzurik gabeko izen franko, bada, bai, txoria bera erdian jarri eta hobe deskribatuko duten izenen beharra.

Bereziki okaztagarri diren txori-izenak ere badaude. Berdin gertatzen da landareen izenekin ere, eta ez bakarrik izen horietako batzuk ideia arrazistak zituztelako, ekintza zitalak egin zituztenen izenak direlako ere bai. Har dezagun, adibidez, Townsend txinboa (Townsend saguzarra eta Twonsend urtxintxa ere badaude, haren ohorez izendatuta). John Kirk Towsend XIX. mendeko ornitologoa gogoratu eta goratzen dute: bere espedizioetan herri indigenen hilobiak ireki zituen, are hilotzei burua moztuz, bere teoria baieztatzeko, indigenen gutxiagotasun-arraziala erakusteko, bere eskuz idatzita utzi zuen bezala, «basapiztiak baino zerbait hobeak ziren basatiak» zirela deituz.

Izendatzeko aukera eta boterea

Townsend izena, baina, ez da zuzendu beharreko anomalia isolatua. Kolonialismoan, arrazismoan, sexismoan eta bestelako aurreiritzietan oinarritutako gaitz sakonago baten adierazpidea ere bada, denbora luzean, luzeegian, konpontzeke pasa den gaitzarena.

Izaki bizidunei izena bi zatitan emanez (genero bat eta espezie bat), taxonomia lineala mugarria izan da mendebaldeko biologian, bizidunen munduaren inguruko gure jakintza ordenatzeko eta kudeatzeko, laguntzen gaituzten unitate biologikoak sortuz. Baina bistan da, mundu naturaleko izenak ezarrita, mendebaldeko praktika zientifikoak ondorioak eta legatu bat utzi dituela: (europar eta estatubatuar) inperialismoarena, desjabetzeena eta bazterkeriarena. Zeinek dauka espezieak izendatzeko aukera eta boterea? Zein ohoratzen da izen horiekin? Ez al da arrazoi historiko eta sozial nahikorik figura historiko batzuk nola goratu diren birplanteatzeko? Zergatik ia ez ditugu hegoalde globaleko izenak aurkitzen? Ez daudelako? Are, aurkitzen eta deskribatzen diren landare eta hegazti espezie berri gehienak hangoak direnean?

qTownsend txinboa: John Kirk Towsend ornitologoaren ohorez hartzen du izena, herri indigenen hilobiak profanatu, hilotzei burua moztu eta indigenen gutxiagotasun-arrazialaren teoria formulatu zuena. (Yuan ZHU / GETTY)

1950etik aurrera ikertzaileek deskribatu dituzten hegazti berrien %95 hegoalde globalean bizi ziren, baina beren izenen %68k iparralde globaleko zientzialariak ohoratzen dituzte. Gehienak gizonezkoak, zuriak eta europar jatorrikoak. Eta datuak hausnarketarako arrazoia ere uzten du: zientziaren oinarri sozial eta inpaktuaren ingurukoa, hegoalde pobrean egiten diren ikerketa eta lanak iparralde aberatsaren botere eta autoritatearen mesedetan nola itzultzen diren, proportziorik gabeko neurri batean gainera, dominazioaren aurpegi berria eskainiz.

«Zientzialari-soldaduak»

Beraz, ezagutu ditzagun orain arteko izenarekin hegan egiteari utziko dioten hegaztietako batzuk. Esan bezala, AEBetako Ornitologia Elkarteak 80 espezietako izenekin prozesua hasiko duela esan du. Zehazki, agerikoen diren 78 eponimorekin hasiko da, gehienak 1825-1875 urteen artean ezarritako amerikar mendebaldeko txoriei dagozkie, eta izenek indigenen eta mexikarren kontrako gerretan AEBetako armadarekin batera bidaiatzen zuten «zientzialari-soldaduak» ohoratzen dituzte.

Har dezagun Bachman txolarrea (Bachman txinboa eta erbia ere baditu bere ohorez). John Bachman beltz-tratulari eta naturalistatik jaso du izena. Bere hitzartze publiko batean irakurri zuen pasarte hau gogoratu behar da nor izan zen ulertzeko: «Beltzak bere horretan jarraituko du ez bada fusio baten ondorioz bere forma aldatzen, higuingarria dena, bestalde. Bere adimena kaukasiarrena baino askoz ere kaskarragoa da, beraz, autogobernatzeko ezgaia da. Horregatik arrimatzen da gure babesera. Esklabismoaren gure defentsa Eskritura Santuetan jasoa dago».

Xantus kolibria, izen bereko zoologo hungariarraren ohorez deitua; aurrerantzean bere jatorri geografiko edo markengatik izendatuko da (William LEE / GETTY IMAGES)

Edo Clark intxaurjalea hartu genezake, adibidez. Elefantearen memoria duen hegazti eder honi indigenak beren lurretatik bota zituen espedizioaren burua ohoratzen duen izena jarri zioten. Thomas Jefferson presidenteak berak bidali zuen lehen lerroan, eta AEBetako indigenen kontrako politiken aitzindaritzat hartu dute Clark. Cooper belatza, Bonaparte antxeta, Bachman txolarrea, Xantus kolibria... ingelesezko txori-izen askotan mingarriak diren lotura asko gordetzen dira.

Ez arrazistena ez inorena

Aurrerantzean, beraz, Ipar Ameriketako hegazti ederrenetariko batzuek ez dute izen itsusirik izango, itsuskeriak egin zituztenei gorazarre egitekoak behintzat. Ez esklabistenak, ez arrazistenak eta ez beste inorenak. Ez dituzte pertsonen izenak izango, bere ezaugarriengatik ezagutuko dira, ez aurrenekoz identifikatu zituen kolonizatzaileengatik.

Hirietako plazetako monumentuekin edo esklabisten izeneko unibertsitateko eraikinekin bezala, ornitologiara iritsi da olatua. Dotore eta pragmatismoz oratu zaio auziari, pertsonaren izena duen txori-izen orori aplikatuko zaio neurria, arrazista edo esklabista izan edo ez. Izenok historia ordezkatzen dute, eta historia ez da ahaztu behar. Baina ezta masiboki ospatu behar ere, are iraganeko barrabaskeriek orainean oihartzuna badute.