Jon Ormazabal

Jose Javier Zabaletak Lizarran topatu du Binakakoan beregan ohikoa den maila (9-22)

Peio Etxeberriak ere Azkoitian erakutsi ez zuen eraginkortasuna izan du gaur errematean eta gaur ere erabat defentsan aritu behar izan duten Elezkano eta Martijak ez dute garaipenerako inolako aukerarik izan (22-9).

Jose Javier Zabaleta goitik behera nagusitu da Lizarran.
Jose Javier Zabaleta goitik behera nagusitu da Lizarran. (Monika del VALLE/FOKU)

Histori handiko herria da Lizarra zaharra, baita bere San Andres feria ere, eta pilotaren historian ere bere lekua egin nahi duen Jose Javier Zabaletak bertan aurkitu du, gutxienez azken hamarkadako atzelaririk onena izatera eraman duen jokoa. Lehen jardunaldian tradizio handiko beste kantxa batean zalantzati aritu bazen, gaurkoan sailetik apartekoa den bere ohiko maila berreskuratu du Remontivalen eta, Lau eta Erdiko finalaren bestondoa gaindituta, askoz eraginkorrago aritu den Peio Etxeberria batekin, txapelketako lehen puntua eskuratu dute Elezkano eta Martijaren gainetik pasata (22-9). Egungo atzelari txapeldunak, ezker-eskuin, frontisetik oso urrun ibili ditu pilota eta Martija eta txapelerako oso kontuan izan beharreko bikotea direla berretsi dute, etxarrendarra bere mailan aritzen den guztietan gertatzen den bezala.

Lehen egunean Azkoitian sortutako zalantzak errotik uxatzeko asmoz irten dira Lizarrako kantxara Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta eta ez dute denbora askorik behar izan Gurean falta izan zitzaien konexio hori Remontivalen erakusteko.

Auzotarren arteko deman, Jose Javier Zabaleta erraz xamar nagusitu zaio atzeko koadroetan nagi antzean hasi den Julen Martijari eta Peio Etxeberriak estreinakoan erakutsi ez zuen eraginkortasuna izan du errematean. Hirunako berdinketaren ostean 0-7ko partzial batekin partida hautsi du bikote nafarrak. Tarte horretan nahieran ibili da Jose Javier Zabaleta, hainbeste, ezen bikote urdinaren lehen hutsa 3-10ekoan heldu den, etxarrendarrak goiko sapaira bidalitako pilotaå batean. Lehen koadroan topatu du pilota atzelariak eta boterik eman gabe errebotean jarri nahi horretan egin dio ihes pilotak gora.

Nahi eta ezin

48 ordu ziren gorriek Eibarren jipoi handi xamarra hartu zutela eta gaur ere partida osoa defentsa lantean aritzea egokitu zaie, Julen Martija erabat dominatuta egon delako. Enpresako bi jotzailerik handienen aurka jokatzea egokitu zaio etxeberritarrari lehen bi jardunaldietan, –hurrengoan Mariezkurrenaren aurka aritu beharko du– atsedenerako oso denbora gutxirekin gainera, eta erabat gaindituta aritu da.

Saiatu da Danel Elezkano, aukera zuen bakoitzean, jokoa aurreko koadroetan nahasten eta ezin zaio gehiago eskatu zaratamarrari, oso baldintza zailetan aritu delako, baina bere ahaleginak antzuak izan dira parean oso bikote segurua aurkitu baitu. Denera, hiru pilota baino ez dituzte galdu nafarrek eta Elezkano eta Martija oso urrun geratu dira, beste behin, garaipenetik.

FITXA TEKNIKOA

Elezkano-Martija: 9

Peio Etxeberria-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 457. Iraupena: 50,57 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 3-3, 3-10, 5-10, 5-13,6-13, 6-16, 7-16, 7-21, 9-21, 9-22 . Sakeak: 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 5 Elezkanok, 2 Martijak, 9 Peio Etxeberriak eta 5 Zabaletak. Galdutakoak: 6 Elezkanok, 2 Martijak, 2 Peio Etxeberriak eta 1 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Lizarrako Remontival pilotalekuan.