NAIZ

Eremu digitalean eragitea, lege babesa eta doan ikasteko aukera, Euskararen Eguneko aldarri

Euskararen Eguna da, baita Nafarroaren Eguna ere, eta biak lotuta daudela aldarrikatu dute. Eremu digitalean euskara gehiago erabiltzeko erronka azpimarratu du Lakuak. Akordio sozial eta politiko berri bat defendatu dute, aldiz, EH Bilduk eta EH Baik, euskalduntze prozesuan jauzia emateko.

Euskararen Eguneko Lakuako Gobernuaren ekitaldia, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, Donostiako Tabakaleran.
Euskararen Eguneko Lakuako Gobernuaren ekitaldia, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, Donostiako Tabakaleran. (Jon URBE | FOKU)

Euskararen eta Nafarroaren Eguna ospatzen dugu igande honetan. Bata bertzea gabe nekez ulertuko dugu. Data esanguratsu honetan, makina bat adierazpen zabaldu da. Erakundeetatik hasita, ekitaldia egin dute Donostiako Tabakaleran, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martxan duen Gaitu kanpainan jarri dute fokua. Eremu digitalean euskararen presentzia areagotzeko asmoz, ‘Batu ditzagun gure ahotsak’ lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian beren ahotsa grabatzeko eskatzen diete. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten materiala.

Urrian Gaitu kanpaina martxan jarri zenetik euskara mundu mailan grabazio ordu gehien pilatzen dituzten hizkuntzen artean hamabigarrena da 131 hizkuntzako zerrendan, italiera eta japoniera bezalako hizkuntzak gaindituz. Guztira, 171.149 esaldi prestatu eta igo dira plataformara. 8.232 hiztunek parte hartu dute grabazioetan, eta 518 ordu grabatzea lortu da.

EAEko lehendakariak azaldu duenez, eremu digitalean ere euskarak bere tokia behar du «beste hizkuntzen artean bizi dadin eta aurrera egin dezan. Erronka berria da, bizi dugun garaiari dagokiona. Horretan ere aurrera goaz».

Euskararen Eguneko Lakuaren Adierazpen Instituzionalak ere herritarrek egunero erabiltzen duten tresneria digitalari euskaraz lan egiten erakustearen beharra azpimarratzen du.

Urkullurekin batera izan dira Tabakaleran hainbat sailburu: Bingen Zupiria, Olatz Garamendi, Arantxa Tapia, Jokin Bildarratz, Gotzone Sagardui, Nerea Melgosa... baita Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere. Bertze alderdi politikoetako kideak ere izan dira, EH Bildukoak adibidez.

 

 

Euskalgintzako ordezkariak ere batu dira ekitaldira, bertzeren artean Euskaltzaleen Topagunea.

 

 

Babesgabetasuna eta oldarraldia

Euskarak bost egoera juridiko ezberdin izateak normalizazio prozesua garatu ahal izatea trabatzen duela nabarmendu dute EH Bilduk eta EH Baik Euskararen Egunaren harira elkarrekin plazaratu duten manifestuan. «Babesgabetasun horrek frantziar eta espainiar estatuen esku hartzeari eta euskararen kontrako oldarraldiari bide ematen die», dio idatziak.

Erantsi dutenez, «oso urriak dira azken urteetan euskararen lege babesean egindako aurrerapausoak: 40 urte inguru dituzte EAEko Euskararen eta Nafarroako Euskararen legeek (Foru Hobekuntzak) eta Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du gaur-gaurkoz ezagupen ofizialik».

Azken hamarkadetan ezagutzan aurrera egin dugula baloratu dute, «baina bereziki euskarak estatus ofiziala duen eremu geografikoetan; gainerakoetan, ezagutzan aurrerapauso nabarmenak egin ezinik gaude».

EH Bilduk eta EH Baik «kezka eta desadostasuna» adierazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean hizkuntz ereduen politika mantentzeko hainbat alderdik harturiko erabakiarekin. «Lege hori onartzen bada, euskararen normalizazioan urrats berri bat egiteko aukera galduko dugu».

Jauzia

Hizkuntza politika sendo eta ausartak behar ditugula aldarrikatu dute EH Bilduk eta EH Baik, euskararen ezagutza orokortzeko eta euskara alor guzietan normaltasunez erabili ahal izateko. «Gizarte aldaketak, teknologia aldaketa eta hainbat egiturazko ezintasun (zatiketa administratiboa, botere politikorik eza eta demolinguistika konplexua) ikusirik, euskarak inbertsio politiko, sozial eta ekonomiko handia eskatzen duela deritzogu. Eskala handiko erreakzio bat».

Euskalgintzak adierazi duen gisan, euskalduntze prozesuan jauzia emateko akordio sozial eta politiko berri baterako momentu erabakigarria dela uste dute. «Azaroaren 4an Bilboko kaleetan ikusi zen bezala eta 2024ko martxoan Korrikak Euskal Herri osoan erakutsiko duen bezala, bide hori egiteko bada aski atxikimendu. Herri gogoa eta borondate politikoa, biak ala biak dira beharrezko», defendatu dute.

Eskubide unibertsala

Elkarrekin Podemosek ere egin du adierazpena. Miren Echevestek oroitu duenez, «bide luzea egin dugu azken 40 urteetan erakunde publikoetan euskararen ezagutza ziurtatzeko baliabideak eta tresnak garatzeko lanean (derrigorrezko hizkuntz eskakizunak, besteak beste) baina ez, ordea, euskararen ikaskuntza herritar guztientzat irisgarria egiteko betekizunean».

Horregatik, euskara doan ikasteko aukera aldarrikatu du, «herritarren errenta maila oztopo izan ez dadin gure hizkuntza ikasteko».

Sumarrek ere doakotasunaren alde egin du. Halaber, hezkuntza politikak eztabaidaren erdigunean dauden une hauetan, hezkuntza komunitatea bere osotasunean entzutearen aldeko apustua egiten du, «guztion artean hizkuntza ereduei buruzko adostasunak eta irtenbideak aurkitzeko. Eskola publikoan euskaraz ikasteak gure hizkuntzaren erabileraren normalizaziorantz urratsak ematen lagunduko digula bermatu behar da».

«Alde egon baino, alde egin»

Herri mugimenduek ere plazaratu dituzte aldarriak egun seinalatu honetan. Errate baterako, Gazte Euskaltzaleen Sareak euskara aurrera eraman behar dela adierazi du, zonifikazioa bukatuz eta inbertsioak eginez.

 

Errigorakoek aldarri bakarra egin dute, argi eta garbi:

 

 

Ekitaldiak egin dituzte herrietan, adibidez Tuteran.

 

 

Norbanakoek ere baliatu dute aukera sare sozialen bidez testigantzak eta borrokak ezagutarazteko.

 

Jende ugarik islatuta ikus dezake bere burua halako kontakizunetan: