Maite Ubiria

Bilakaera instituzionalaren norabidean autonomia proposamena mamituko du EH Baik

Aitzinetik eskualdez eskualde eginiko bilkuretan osaturiko plangintza onartu du Euskal Herria Baik antolaturiko Biltzar Nagusiak. Euskal Elkargoan eginiko ekarpena oinarri gisa harturik bilakaera instituzionalari bidea irekitzeko herri akordio zabala bultzatuko dute ezkerreko abertzaleek.

Ehun bat lagun bertaratu ziren Haritz Barne zineman eginiko batzarrera.
Ehun bat lagun bertaratu ziren Haritz Barne zineman eginiko batzarrera. (Guillaume FAUVEAU)

Ehun bat lagunek parte hartu zuten Hazparneko Haritz Barne zinema gelan Euskal Herria Baik abenduaren 2an eginiko Biltzar Nagusian.

2023-2026 epealdirako helburu politiko nagusiak biltzen dituen proposamena gehiengo zabalez onartua izan zela nabarmendu du bilera ostean Mathilde Hary EH Baiko bozeramaileak.

Iazko azaroaren 26an Baionan bere kongresua egin ondoren EH Baik antolaturiko lehenengo biltzar nagusi horretan erronka nagusia jorratu zuten ezkerreko abertzaleek.

Dagoeneko kongresuari begira eginiko eztabaida prozesuan argiki adierazi zuen EH Baiko militantziak Euskal Elkargoaren etapa gainditzeko nahikeria. Bere Biltzar Nagusiak hitzetatik ekintzetara igarotzeko tenorea dela baieztatu du.

«Bilakaera instituzionalaren alde bozkatu du Biltzar Nagusiak, egungo Euskal Elkargoan lan aktiboa egiten badugu ere, gure borondatea eboluzio bat abiatzea delako», laburbildu du egitasmo horren harira EH Baiko bozeramaileak.

Batzarrean onarturiko proposamenak ez du formula zehatz bat zehazten, nahiz eta gaitasunen gaineko eztabaida soila gaindituz ahal den eta autonomia maila zabalagoa bermatuko lukeen erakunde moldearen aldeko apustua jasotzen duen.

Autonomia proposamena mamitzeko ebazpena

«Burujabetza prozesuari dagokionez, Euskal Elkargoa baino eskumen handiagoak lituzkeen instituzio bat erdiesteko fasea herri akordio zabal baten bidez abiatzearen eta EH Baik autonomia proposamen bat mamitzearen inguruko proposamenak onartu ziren Biltzar Nagusian», azaldu du alderdiak astelehen honetan plazaturiko oharrean.

Dagoeneko, Korsika zein Bretainiatik heldutako gonbidatuen laguntzaz, lurralde eztabaida mahai gainean eman zuen EH Baik bere udako eskoletan, Itsasun.

«Hemendik aurrera militante ete hautetsiekin gogoeta zabaltzeko prozesua abian emanen dugu», zehaztu du Haryk.

2024. urtean zehar bilakaera instituzionalari buruzko «proposamena fintzeko lana» hobetsiko dute ezkerreko abertzaleek.

Barne mailan eta lurralde osoan garatu nahi duten lanketa kolektibo horren osagarriz «esparru bat eratzea etapa berriari ekiteko» litzateke hurrengo urratsa.

Bere garaian Baterak egin zuen lanak inspiratuko luke, neurri handi batean, bilakaera instituzionalaren aldeko plataforma zabala sortzeko asmo hori.

«Batera plataformaren baitan adostasun zabala lortu zen estatus bereziko lurralde elkargoa sortzearen alde, horrek pista hau ematen digu, baina, bistan dena, badira aukera ezberdinak, beste estatus posibleak, beste forma eta garapena eskaintzen dituztenak», onartu du EH Bairen bozeramaileak, gogoeta partekatuaren gainean «adostasun zabalak» eratzeari lehentasun osoa emanez.

2026ko bozak prestatzeko lanak

2020ko herri bozek ezkertiar eta abertzaleentzat aitzinamendu handia ekarri zuten.

Uztaritzen, Baigorrin, Itsasun, Ziburun edota Urruñan abertzaleek bultzaturiko udal gobernuak badituzte geroztik.

Urte bat beranduago heldu ziren kantonamendu bozek goranzko joera hori baieztatu zuten.

Hiru lurraldeak aintzat harturiko EH Bai bigarren indarra izan zen eta hautetsi bi lortu zituen Pirinio Atlantikoen Kontseiluan.

Oinarri horretatik, 2026ko udal hauteskundeek marrazten duten «erronka garrantzitsua»ri erantzuteko prozedura abian eman du Biltzar Nagusiak.

Beti ere programaren gaineko akordio zabalak sustatuz, ahalik eta zerrenda gehien aurkeztea izanen da abertzaleen helburu nagusia.

Finean, 2024ko udaberrian iraganen diren europar bozetan parte hartzeko «adostasun handia dagoela militanteen artean», baieztatu du Haryk.

Estaturik gabeko nazioen defentsan ardazturiko parte-hartzea hobesten du RPS taldearekin solasean den alderdiak.

Edonola ere, kanpainan parte hartzeko erabakia irmoa izanik ere, oraindik ez dago hautu zehatzik egin hautagaitza baten inguruan.