NAIZ

Atzerriko nazionalitatea duten 203.662 pertsona bizi dira EAEn, biztanleriaren %9,3

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nazionalitate atzerritarreko 203.662 pertsona zeuden 2023ko urtarrilaren 1ean, hau da, 2022an baino %9,1 gehiago. Kolektibo hori biztanleria osoaren %9,3 da. Bestalde, atzerriko herrialdeetan jaiotakoak 277.911 dira, populazio osoaren %12,7.

Emakume bat umeekin Getxon.
Emakume bat umeekin Getxon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Eustat estatistika erakundearen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 203.662 atzerritar zeuden 2023ko urtarrilaren 1ean, hau da, 2022an baino %9,1 gehiago. Kolektibo hori hiru herrialdeetako biztanleria osoren %9,3 da, duela urtebete baino %0,8 gehiago.

Atzerriko herritartasuna duten biztanleen ehunekoa pixka bat aldatzen da lurralde historiko batetik bestera: Arabak du proportziorik handiena, %10,6rekin (2022an baino %0,6 gehiago); gero Gipuzkoa dator, %9,3rekin (%0,7 gehiago), eta azkenik Bizkaia, %8,8rekin (%0,7 gehiago). Espainiar Estatuan %12,6koa da kopurua.

Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen batez besteko adina 33,5 urtekoa da, espainiar nazionalitatea duten egoiliarren batez besteko adina baino askoz ere txikiagoa (46,8 urte).

Gehienak amerikarrak

Nazionalitatea kontuan hartzen badugu, kanpoko nazionalitatea duten pertsonen %44,1 Amerikako herrialdeetakoak dira (2022an baino 3,3 puntu gehiago). Talde horretako kide gehien dituzten herrialdeak Kolonbia, Nikaragua, Honduras, Venezuela eta Paraguai dira, atzerriko nazionalitatea duten pertsona guztien %29,6, eta nazionalitate amerikarra dutenen %67,1. Amerikarren artean, %58,8 dira emakumeak.

Afrikako herrialdeak EAEko atzerritarren %25,1 dira, 2022an baino 2,1 puntu gutxiago, eta erdia baino gehiago Marokokoak dira (%54,1). Ondoren, Aljeria, Senegal eta Nigeria daude (%13,4, %10,4 eta %8,1, hurrenez hurren). Lau lurralde horiek Afrikako nazionalitatea duten pertsonen %86 baino gehiago biltzen dute, eta atzerritar guztien %21 baino gehiago. Sexuaren araberako banaketa kontuan hartuz gero, gizonak dira nagusi, guztizkoaren %62,4.

Atzerritarrak, nazionalitate-kontinentearen arabera. (EUSTAT)

EAEn bizi diren Europako nazionalitateko pertsonak atzerritar guztien %22,8 dira, 2022an baino 0,6 puntu gutxiago. Talde horretan Errumania nabarmentzen da, atzerritar guztien %9,1 eta europarren %40. Bigarren tokian, nahiko urrun bada ere, Portugal dago, EAEn Europako nazionalitatea duten pertsonen %13,4rekin. Eta hirugarren postuan Ukraina dago, %11,2rekin. Kolektibo horretan, bi sexuek antzeko pisua dute, baina gizonen ehunekoa zertxobait handiagoa da.

Azken tokian Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak daude, atzerriko biztanleen %8, eta aipatzekoa da bertan dauden ia herrialde bakarrak Afganistan eta Txina direla, taldearen %73,5 osatzen baitute.

Atzerrian jaiotakoak 277.000 baino gehiago dira

2023ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaiotako 277.911 biztanle bizi ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, biztanleria osoaren %12,7. Haietatik 91.195 lagunek eskuratu dute espainiar nazionalitatea, familia arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik. Kopuru horretatik, %69,4 Amerikatik dator. Horien artean, hiru herrialdek egoera horretan dauden pertsonen ia %45 biltzen dute: Kolonbiak (%21,7), Boliviak (%12) eta Ekuadorrek (%11,1).

Atzerrian jaiotakoen ehunekoak EAE osokoak baino handiagoak dira hiru hiriburuetan: Gasteizen dago proportziorik handiena (%16,1), Bilbon %15,4 eta Donostian %14.

Jaioterriari begiratzen badiogu, alde handiak daude adinaren batez bestekoan, leku hori Euskal Autonomia Erkidegoa, Estatuko autonomia erkidegoak edo atzerria izan den kontuan hartuta. Gehien zahartutako biztanleria Estatuko gainerako erkidegoetan jaiotakoa da (65,3 urte); ondoren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiotakoak daude (42,3 urte batez beste) eta, azkenik, atzerrian jaiotakoak (38 urte batez beste).