NAIZ

Azkoitiko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du

Ezohiko osoko udal bilkuran erabaki du Azkoitiko Udalak UEMAko kide izatea. Larunbat honetatik aurrera izango da UEMAko kide, beste bost herrirekin batera, hots, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanurirekin batera.

UEMAk irailean egin zuen batzarra.
UEMAk irailean egin zuen batzarra. (Maialen ANDRES | FOKU)

UEMAko kide izatea erabaki du Azkoitiko Udalak. Ezohiko osoko udal bilkuran hartu dute erabakia eta, horrela, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako bat izango da larunbat honetatik aurrera. Gaur arratsaldera arte erabakia irmoa izan ez bada ere, EH Bilduk eta Azkoitia Bai udal taldeek aldeko jarrera agertua zuten eta, beraz, jakina zen udalerriak UEMAko kide izateko eskaera egingo zuela.

Izan ere, abenduaren 16. honetan urte amaierako batzar nagusia egingo du UEMAk Orion eta orduan onetsiko dituzte udalek mankomunitatera sartzeko egindako azken eskaerak. Bertan, sei udalerri batuko dira mankomunitatera: Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa, Zeanuri eta Azkoitia bera. Larunbatetik aurrera 107 udal izango dira UEMAko kide, eta denen artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.

Zeanuriko Udalak irailean hartu zuen UEAMko kide izateko erabakia. Azaroaren 14an onartu zuen Mendexako Udalak osoko bilkuran mankomunitatera sartzeko eskaera egitea, aho batez, eta 23an Hondarribikoak. Hilaren 28an erabaki zuen Berrobiko Udalak UEMAko kide izan nahi zuela, eta egun bat beranduago Lezokoak.

2023an bideratutako egitasmoen balantzea egingo du UEMAk larunbateko batzarrean eta 2024rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte, UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.