NAIZ

Etxejabeak bermea itzuli dio alokatzaileari, Biarritzen, Aldaren ekintzaren ondotik

Etxebizitza eskubidea defendatzen duen Alda elkarteak Biarritzen egin duen ekintzaren ondorioz, etxejabe batek alokatzaile ohiari itzuli behar izan dio zor zion bermea. AFC Promotions higiezinen agentziaren zuzendaria da elkarteak jomugan hartu duen «ohiko iruzurgilea».

Aldak antolaturiko ekintzan parte hartu duten lagunak, gaurko garaipena ospatzen.
Aldak antolaturiko ekintzan parte hartu duten lagunak, gaurko garaipena ospatzen. (@Alda_EH)

Alain Lalande FC Promotions higiezinen agentziaren zuzendariak «Biarritzeko Foch etorbideko 48. zenbakian alokatzen duen etxebizitzan eginiko iruzurrak aitortu ditu», ospatu du agiri baten bidez etxebizitza eskubidearen alde borrokatzen den Alda kolektiboak.

Kazeta.eus atariak jaso duen albistearen arabera, hitzordua 10.00ak baino lehen eman dute Aldako militanteek, Biarritzeko Clemenceau plazan, alokairuen garestitzea «elikatzen duen legez kanpoko praktika baten salatzeko».

Bertatik AFC Promotions higiezin agentziaren hiriko egoitzara zuzendu dira ekintzaileak, higiezinen bulego horren zuzendari den Alain Lalanderekin hitz egitera, bera baita etxebizitzaren jabea.

Ekintzaileen artean, Lalanderen etxebizitzaren aitzineko alokatzailea. Hain zuzen, ekintza horren bidez, pertsona horri eginiko «iruzurra» agerian jarri duelako Aldak.

Kolektiboak salatu duenez, jabeak 1.500 euroko bermea eskatu zion bere etxea alokatu zuen herritarrari, «legearen arabera berme gisa hilabeteko alokairuaren baliokidea baizik ezin duelarik eskatu jakinda ere».

Alokatze epea bukatu zenean «nahiz eta etxebizitza egoera bikainean utzi eta bermea itzultzeko epearen baitan jokatu», etxearen jabeak ez zion berme hori itzuli nahi izan pertsona horri.

Beraz, ekintza horren bidez bermea hori ordainaraztea lortu nahi zuen Aldak.

Higizinen bulegoaren aurrean protesta martxan eman eta ordu erdi batean etxearen jabeak onartu du segidan 1.500 euroko banku-transferentzia egitea alokatzaileari, Aldako militanteek bertatik bertara baieztatu ahal izan dutenez.

Hurrengo alokairuarekin ere iruzurretan

Bestalde, kolektiboak salatu duenez, behin alokairu kontratu hori amaitu zenean –joan zen irailean– «ohiko iruzurgile gisara» definitu duen etxearen jabeak legeari muzin egiten jarraitu zuen.

Hala, etxebizitza alokairuan eman zuen berehala ‘Bon Coin’ webgunearen bidez.

Hilabeteko 1.050 euroko alokairua eskatzen zuen. Hala ere, etxea sartu aitzin 2.100 euroko bermea eskatu zion alokatzaile berriari, nahiz eta hori ezin zuen egin «bi alokairuen artean obrarik ez zuelako egin».

Tentsiopean dagoen eremua kokatzen da Biarritz. Horrek esan nahi du legea bihurritu zuela jabeak aipaturiko baldintza ezarriz etxea alokatzeko orduan.

Aldak azaldu duenez, gaurko ekintzaren ondorioz araua betetzeko asmoa azaldu du Alain Lalande.

Kolektiboak ohartarazi duenez, gertutik jarraituko du kasua etxearen jabeak legearen baitan jokatzeko desmartxak bete ditzan.