NAIZ

«Konponbidearen ateak irekitzeko», urtarrilaren 13an Bilbo betetzera deitu dute gazteek

Azken urteotan «aurrerapauso garrantzitsuak» izan diren arren, euskal presoei oraindik ere ezartzen zaizkien traba eta «salbuespen» neurriekin amaitzeko gazteek giltza izan nahi dutela aldarrikatuta, urtarrilaren 13ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Bilbotik.

Gazteek bat egin dute urtarrilaren 13rako Sarek deitutako mobilizazioarekin.
Gazteek bat egin dute urtarrilaren 13rako Sarek deitutako mobilizazioarekin. (Marisol Ramirez | FOKU)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Sarek urtarrilaren 13rako deitu duen manifestazioari babesa adierazi diote hainbat gaztek, eta euskal presoei oraindik ere ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitzeko bidean «konponbiderako giltzak» izan nahi dutela aldarrikatuz.

Adierazi dutenez, egungo gazteek ez dute bizi izan «gure herrian urte luzez iraun duen gatazka armatua», baina haren «ondorioak ezagutu eta gutako askok pairatzen ditugu oraindik ere». Izan ere, «gaur egun gatazka horretatik eratorritako egoera bidegabea eta giza eskubideen aurkakoa pairatzen jarraitzen dute euskal presoek».

Azken urteotan euskal presoen eskubideen aitortzan «aurrerapauso garrantzitsuak» eman direla nabarmendu dute, tartean urruntzearen amaiera, baina oraindik ere «beste hainbat salbuespen neurri» indarrean direla oroitarazi dute.

«Ez dauka inolako zentzurik –azaldu dute– ETAk bere jarduera amaitu zuenetik 12 urte eta desegin zenetik 5 urte igaro ondoren, terrorismoaren aitzakiapean euskal presoen zigorrak areagotzeko espreski sorturiko salbuespenezko legedia baten ondorioz bizi osorako zigorrak aplikatzea, gaixo dauden presoak espetxean mantentzea edota frantziar Estatuan espetxeratuta egondako urteak kontuak ez hartzea, zigorra birritan betetzera behartuz».

Ildo horretan, gaitzetsi dute legeek zehaztutako baldintzak betez «ibilbide penitentziarioan aurrerapausoak ematea galarazten dieten erabaki judizialek» ez daukatela «inolako kabidarik» egungo testuinguruan.

Egoera honek «bereziki kezkatzen» ditu gazteak: «Eskubideen urraketaren eta salbuespen legediaren ateak itxi, eta konponbidearen ateak irekitzeko giltza izan nahi dugu. Gazteok gara etorkizunerako giltza». Horregatik, gazte belaunaldi guztiari dei egin diote Bilboko kaleak betetzeko.