NAIZ

Pirinioetako ibaien emaria %15 murriztera irits liteke 2040an

Euskal Herria, Aragoi, Katalunia, Andorra, Akitania Berria eta Okzitaniako erakundeek elkarlanean burututako ikerketa batek ohartarazi du Pirinioetako ibaien ur emaria %15 murriztera heldu litekeela 2040 urtean. Bidasoa ibaiaren arroa aztertu dute ikerketaren baitan.

Xorroxin ur-jauzia, Baztanen, Bidasoa ibaiaren iturburua.
Xorroxin ur-jauzia, Baztanen, Bidasoa ibaiaren iturburua. (EHU)

‘Piragua’ izeneko proiektuak Pirinioetako eta mendikate hau hartzen duten eskualdeetako (Euskal Herria, Aragoi, Katalunia, Andorra, Akitania Berria eta Okzitania) ur baliagaiek gaur egun duten egoera eta etorkizunekoa aztertu ditu klima aldaketaren ikuspegitik, eta haiek kudeatzeko egokitzapen neurriak proposatu ditu. Ikerketa horren baitan, Bidasoa ibai arroa izan du aztergai EHUko Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeak.

Ikerketaren emaitzekin bi monografia aurkeztu dituzte, frantziar eta espainiar Estatuetako eta Andorrako hainbat erakundek lankidetzan garatutakoak. Lehen liburukiak Pirinioetako ur baliagaien egungo eta etorkizuneko egoera aztertzen du, eta bigarrenak, berriz, klima aldaketara eta ur baliagaien gaineko eskari hidrikoen aldaketen kudeaketara egokitzeko neurriak proposatzen ditu.

Ikerketak ohartarazi duenez, Pirinioetako ibaiek gero eta emari txikiagoak izango dituzte. Hots, urteko ur ekarpena %15 murriztera irits daiteke 2040an, eta %20tik gora mende amaieran.

«Horrekin batera, urtarokotasuna gero eta markatuagoa izango da, agorraldi luzeago eta biziagoekin», adierazi du Ane Zabaleta Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeko kideak. Horixe da hain zuzen ere ‘Piragua’ proiektuan egindako ikerketaren ondorio nagusietako bat, zeinaren bidez egiaztatu baitute azken hamarkadetan ur baliagaiak pixkanaka murriztuz joan direla. 

EHUk azaldu duenez, Ibaien erregimen naturaleko emari datuen azterketak erakusten du azken hamarkadetan ur baliagaien adierazle guztien beherakada orokorra gertatu dela. Aldaketa horiek arrazoi klimatikoengatik (batez ere tenperaturen igoera, prezipitazioen bilakaerak ziurgabetasun handiagoa erakusten baitu) eta lurzoruaren erabileran izandako aldaketengatik gertatu dira, batez ere mendietan nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak bertan behera uztearen ondorioz baso estalkia handitu delako.

Jesus Angel Uriarte, Ane Zabaleta eta Iñaki Antiguedad, EHUko Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeko kideak. (EHU)

Bestalde, etorkizuneko proiekzio klimatiko askoz elikatutako simulazio modeloek erakusten dute datozen hamarkadetan ipar isurialdeko ibaien ur emariek izango dutela beherakada nabarmenena, nahiz eta hegoaldeko isurialdean ere jaitsierak egongo diren, batez ere erdialdean eta ekialdean.

Urtaroei dagokienez, elur urtzearen ondoriozko ur emari altuak aurreratu egin dira denboran, eta agorraldiak gero eta luzeagoak eta nabarmenagoak izan dira. Alde horretatik, simulazioek erakusten dute elur prezipitazioa nabarmen murriztu dela, eta ur emarien sorreran elurraren urtzeak duen pisu erlatiboa murriztu dela.

Tenperaturaren igoera

Ur emariak murrizteko arrazoi nagusietako bat da Pirinioetako lurraldeko urteko tenperatura batez beste igo egin dela, hamarkada bakoitzeko 0,8 °C igo baita 1981-2010 bitartean. Tenperaturaren igoera are nabarmenagoa izan da Pirinioen erdialdean (Gallego, Cinca eta Eserako ibai arroak) eta ekialderagoen dagoen eskualdean, baita iparraldeko isurialdean ere. Urtaroei dagokionean, igoera nabarmenagoa izan da udaberrian eta udan.

Hala, azterketak baieztatu du ur baliagaiak murriztu egin direla, eta hurrengo hamarkadetan joera hori areagotzea espero dela.

Aldaketa horiek Pirinioetako mendikatearen bi isurialdeetan hautematen dira, eta baliagai hidrikoen sorrera murrizten ari dela adierazten dute. Azken hamarkadetan joera hori finkatuz joan da eta etorkizunean areagotu daiteke, baldin eta proiekzio klimatikoak betetzen badira; izan ere, XXI. mendean Pirinioetako tenperaturek goranzko joera izango dutela adierazten dute.

Azterketa egin duen lantaldeak adierazi duenez, «modeloen emaitzek argi eta garbi erakusten dute etorkizunean Pirinioak epelagoak eta lehorragoak izango direla, eta idortasuna oro har handitu egingo dela bai espazioari bai denborari dagokienez, eskualde altuenetan izan ezik. Oro har, Pirinioetako ibaien urteko ekarpena pixkanaka txikituz joango da; areagotu egingo da mendean aurrera egin ahala, eta are okerragoa izango da emisioen agertokirik ezkorrenean».

Ikertzaileek prezipitazioen analisia ere egin dute, eta ez dute ikusi tenperaturaren kasuan bezainbesteko aldaketa seinale sendorik. Prezipitazio jaitsierarik handienak, eta «esanguratsu diren bakarrak», Pirinioen erdialdean eta Bidasoaren arroan izan dira: urtean 30 mm-rainoko jaitsierak hauteman dira. Hala ere, joera positiboak ikusi dira (prezipitazioen igoera aztertutako aldian) Paueko Gave sistemaren goiko aldeetan eta erdialdeko Pirinioetan.

Egokitze neurri eta proposamenak

Santiago Begueria ‘Piragua’ proiektuaren buruak gogorarazi duenez, Pirinioek «berebiziko garrantzia dute baliagai hidrikoak sortzeari dagokionez, mendikatearen beraren eremua gainditzen duen eremu zabalagoan eragiten baitu; izan ere, Pirinioetako baliagai hidrikoek mendipetik hedatzen den eskualde zabaleko nekazaritzarako, industriarako eta hornidurarako ur beharrak asetzen dituzte». Gainera, «urak garrantzi ekologiko eta paisajistiko handia du», gehitu du CSICeko ikertzaileak.

Horregatik, garrantzitsu eta beharrezkotzat jo du Pirinioetako baliagai hidrikoen kudeaketa klima aldaketara egokitzea, bai tokian-tokian, bai ibai arroetan, bai mendikate osoan. Horrenbestez, bigarren liburukian, «ura» baliagaiarekin lotuta klima-aldaketara egokitzeko ekintzak identifikatu eta proposatzen dira Pirinioetako lurralderako eta haren eragin-eremurako. 

Neurri komunen edo zeharkakoen artean, naturan oinarritutako konponbideak nabarmentzen dira, zerbitzu ekosistemikoak (ekosistema batek gizarteari ematen dizkion zerbitzuak) mantentzera eta indartzera bideratuak; hori dela eta, inbertsio teknologikoak egitea edo azpiegiturak eraikitzea eta mantentzea baino alternatiba jasangarriagoak, eta, batzuetan, kostu gutxiagokoak, proposatzen dira. 

Funtsezko egokitzapen neurri gisa, herritarren parte-hartzea sustatzea eta inplikatutako eragile guztiak aintzat hartzea planteatzen da, «tokiko biztanleak eta ur baliagaien erabiltzaileak direlako inplikatu nagusiak eta lurraldearen ezaugarriak eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak». «Gure ustez, ezinbestekoa da zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketa garatzea, Pirinioetan klima aldaketara egokitzeko ekintza eraginkor eta partekatuak bultzatzeko», ondorioztatu du Begueriak.