NAIZ

Sortuk aldaketarako aukera azkartzeko konpromisoa berretsi du Nazio Batzarrean

Sortuk Nazio Batzarra egin du herrietako arduradun politikoekin, Euskal Herrian indartzen ari diren aldaketarako aukerak nabarmenduz, eta haren aldeko lanean berretsiz. Euskal Herriak dituen erronkei herri gisako erantzunak eman beharra azpimarratu dute.

Iraola, Gil de San Vicente, Rodriguez eta Altzugarai, batzarrean.
Iraola, Gil de San Vicente, Rodriguez eta Altzugarai, batzarrean. (Sortu)

Sortuk Nazio Batzar delegatua egin du herrietako arduradun politikoekin. Une politikoaren azterketa partekatu dute, besteak beste, Euskal Herriko hiru errealitate administratiboetan zabal-zabalik diren aldaketarako aukerak aztertuz. Euskal Herriak dituen erronkei herri gisako erantzunak eman beharra azpimarratu dute Arkaitz Rodriguezek, Kizkitza Gil de San Vicentek eta Xabi Iraolak egindako hitzartzeetan, eta horretarako aliantza eta elkarlan esparru zabalen premia onetsi dute.

Ezker independentismoa «inoizko indartsuen» dagoela berretsi dutela azken hauteskundeek azaldu dute. Horrez gain, adierazi dute udazkenean izandako herri mobilizazioek ere erakusten dutela «aldaketarako gogo hori». Horregatik, aukera eta nahi horiek «indarrez eta ilusioz» bultzatzeko konpromisoa adierazi du Sortuk, independentziarako indarra biltzeko eta askapen prozesua azkartzeko helburuz.

Gogora ekarri dute ezker independentismoak hauteskunde ziklo honetan jokoan asko zuela esanez ekin ziola udaberriari, besteak beste, «instituzioetako indar-korrelazioek eta horietako norabide politikoak herritarron bizi baldintzak eta Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuko zituztelako». Bada, udal, foru eta nafar parlamenturako hauteskundeak eta Espainiako Gorteetarakoak igarota, balantze positiboa egin dute.

EH Bilduren gorakadak, edo Nafarroako eta Espainiako Gobernuen osaerak aukera berriak ireki dituela uste dute, tartean, «lurralde auziaren gaineko eztabaida irekitzekoa». Halaber, EAEko legebiltzarrerako hauteskundeak ere aldaketaren bidean sakontzeko mugarri garrantzitsu bat izango dirakoan daude: «EAEko egungo gobernuaren politikak eta gobernantza eredua bera agortuta daude, hainbat sektoretako protestek edo EAJren beraren krisiek erakusten duten gisara».

Mobilizazio jendetsuak ere seinale

Era berean, azpimarratu dute udazkena herri mobilizazio «jendetsuen» aldia izan dela: Palestinaren aldekoak, euskararen oldarraldiaren aurkakoa, Greba Feminista Orokorra... Sorturen arabera, jendarteak aldaketarako gogoa «argiki» adierazi du kaleetan ere.

«Bestelako lidergo eta politiken» beharra nabaria dela adierazi dute, eta ezker abertzalea aurkeztu dute aldaketa horren gidari posible gisa, «euskal herritarron bizitzak erdigunean jarriz parametro subiranista eta eraldatzaileetatik». Hori sustatzeko konpromisoa agertu du Sortuk, ezker independentismoaren eragiteko gaitasuna «ahalik eta handiena» izan dadin.