Europan irabaztea eta ACB Ligan aste berean irabaztea ezin da ezinezkoa izan, baina hala dirudi Surne Bilbao Basketen kasuan. Asteon Porton, ondo kostata izan bada ere, garaipena erdietsi du Jaume Ponsarnauren taldeak, baina etxeko lanak hobeto egiteko unean dago, ligako sailkapena benetan okertu baino lehen.
«Ia ia oso ondo gaude, Badalonan irabazi izan bagenu, edo Zaragozan esaterako... Ia ia oso gaizki ere egon gintezkeen, berriz, Granadaren aurka galdu izan bagenu. Gure errealitatea zein den aitortu behar dugu eta hortik ekin aurrerantz», adierazi du Jaume Ponsarnauk Kanaria Handiaren etxean larunbat gaueko 20.45etan jokatu bezperan.
Baina noski, Kanaria handia ez da ba hain ondo doakion aurkaria beltzezko gizonentzat. Orotara, 36 partida jokatu dituzte ACB Ligan elkarren aurka –baita Kopako bi ere– eta horietatik 10 baino ez dituuzte irabazi bilbotarrek; 9 etxean, gainera.
Sito Alonsoren aginduetara, eta Quino Colom, Latavious Williams eta Marko Todorovic kantxan zirela, 2014ko azaroan, hain zuzen, lortu zuten bizkaitarrek orain arte Kanaria Handiaren pistan erdietsiriko garaipen bakarra –Hervelle eta Mumbru min hartuta egon arren–. Ondorioz, larunbat gauean halakorik gerta litekeela pentsatzea ez da utopikoa, baina bai baikortasunez betetako pentsakizuna. Beti dago ondo baikor izatea, horixe baita gainera Jaume Ponsarnauren ohiko bertuteetako bat, baina Bilbao Basketek garbi izan behar du Jaka Lakovicen taldeari irabaztea balentria litzatekeela, eta ez badaezpadakoa.
Hargatik, «taldea ez dagoelako horren txarto», ikuspuntu «baikorragoa» eskatu du Ponsarnauk berak Kanaria handiaren aurkako partidari ekiteko.
Egia da Tarregako entrenatzaileak baduela argudio sendorik esku artean. Esaterako, talde handien aurka, akaso Saski Baskonia edo Unicaja kenduta, maila ona eman duela. Egia da, halaber, duela aste pare bat antzeko egoeran zegoela Bilbao Basket eta Valentzia Basketen kantxan erakustaldia emanda irabazi zutela. Azken baten, bizkaitarrek ederki dakite Valentzia Basket, Kanaria Handia eta antzeko arerioen aurrean normalean galtzea tokatuko zaiela eta horrek presiorik gabe jokatzera daramatzala eta beste askotan lotuta amaitzen duten zenbait jokalari –Melwin Pantzar jardunaldiko MVP izan zen Valentzian eta pasa den asteburuan Breoganen aurka ez zen bere mailara hurbildu ere egin– askoz ere askeago sentitzen direla porrota «ziurtaturik» dagoen neurketetan.
Alabaina, Kanaria Handiak asko du jokoan: Koparako sailkatzea, batik bat. Koparako sailkatzeko bidean lau jardunaldi falta dira aurreneko itzulia bukatzeko –Saski Baskonia, Bartzelona, Manresa eta Palentziarentzat, hiru– eta aurreneko zortzien barruan sartzeko dantza sekulakoa izaten ari da. Bost garaipen baino ez baditu ere, matematikek oraindik aukera apurren bat damaio Bilbao Basketi; Kanaria Handiak, berriz, halako txakur ametsik egin beharrik, gabe, uneotan zortzigarren postuan dakusa bere burua, zazpi garaipen aldean, baina Girona eta Joventutekin berdinduta eta partida bat gehiago jokatu duten Saski Baskonia eta Manresak baino garaipen bakar bat gutxiagorekin.
«Guretzat final bat da hau», bota du hargatik Jaka Lakovic Kanaria Handiko entrenatzaileak. Esloveniarraren taldeak etxea gotorleku bihurtu du, eta adibidez Gasteizen ere irabazi baldin badu ere, orain arteko zazpi garaipenetatik bost etxean eskuratu ditu, tartean Manresa edo Unicaja lako aurkari gogorrei.
Sendotasunaren bila
Bere txarrean, Bilbao Basketek talde osoa darama Kanaria handiaren etxera, Hlinason ere akaso minuturen bat izateko moduan izango baita orkatilako lesio bat atzean laga ostean. «Jokatzeko ez balego ere, taldea osatzeko balio du eta hori beti da ona», iritzi dio Jaume Ponsarnauk, besterik ezean.
«Baikorrago» izan behar dutela esateaz gain, «sendoago» ere izan behar dutela onartu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak, neurketako 40 minutuetan hainbesteko gorabeherarik ez izateko. Esan gabe doa FIBA Eurocupean gorabehera horiei buelta ematea errazagoa dela ACB Ligan baino, are eta zailagoa etxetik kanpo gertatzen diren horiek.
«Lan horretan gabiltza. Datuek diote Europan jokatzen dugun aldiro, kalte egiten digula ACB Ligan, baina gure ustez, epe luzera mesede egingo digula. Ez hori bakarrik, Europan jokatzea karga astun bat dela pentsatzen hasiko bagina, frustrazioan eroriko ginateke eta horrek bai egingo ligukela kalte», amaitu du bere hitzaldia Jaume Ponsarnauk.