NAIZ

Gazarako diru-laguntza gehiago iragarri dituzte Lakua eta Nafarroako gobernuek

Lakua eta Nafarroako gobernuek Gazarako diru-laguntza gehiago iragarri dituzte aste honetan, UNRWA agentziako ordezkariekin bildu ondoren. Guztira, 300.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte krisi humanitarioari aurre egiteko.

Palestinarrak UNRWAren laguntza jasotzen.
Palestinarrak UNRWAren laguntza jasotzen. (Said KHATIB | AFP)

Iñigo Urkullu eta Maria Chivite lehendakariak UNRWAko ordezkariekin bildu dira aste honetan Gazako krisi humanitarioari aurre egiteko. Bi gobernuek diru-laguntza gehiago iragarri dituzte ekintza humanitariorako. Hain zuzen, Lakuak 117.549 euro bideratuko ditu Gazarako, eta Nafarroak, 200.000 euro.

Urkullu lehendakaria Ekialde Hurbil eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sailen arteko mahaiaren bigarren bileraren buru izan da ostiral honetan. Batzarrean Raquel Marti UNRWAko espainiar Estatuko zuzendari exekutiboa ere izan da, baita Jesus Nuñez Gatazka eta Ekintza Humanitarioei buruzko Ikerketen Institutuko (IECAH) zuzendarikidea ere.

Joan den asteartean Lakuako Gobernuaren Kontseiluak Gazan ekintza humanitarioetarako 117.549 euroko laguntza bat onartu ondoren egin da bilera hau, duela aste batzuk helburu horretarako onartu zuen 500.000 euroko zenbatekoari gehituta. Laguntza horiek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko ditu, palestinarren oinarrizko beharrak asetzeko, eta UNRWA agentziak egindako deialdiari erantzuten diote.

Bere lehenengo agerraldian Urkulluk gogorarazi duenez, «gure esperientziak erakusten digu beti egon behar duen begirada biktimenganako begirada dela. Biktimei begiratzeak konpromiso etiko eta politikoa dakartza berekin. Indar eraldatzailea dauka. Aski da pentsatzea telebistaren bidez ikusten dugun edozein biktima gure familiako kidea dela».

Mahaiaren aurrekariak

Ekialde Hurbil eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko sail arteko mahaia urriaren 24an osatu zen. Mahai honen helburuak hiru puntutan laburbiltzen dira: «Eskura dagoen informazioa partekatu eta baloratzea, Ekialde Hurbil eta Ertaineko gatazkaren egoeraren, garapenaren eta ondorioen jarraipen estua egiteko»; «krisi humanitario honen aurrean Euskaditik plantea daitezkeen ekarpenak proposatzea, baloratzea, eta, hala badagokio, antolatzea, lurraldean bertan, eta, beharrezkoa bada, pertsona errefuxiatuak jasotzeko programetan parte hartuta»; eta «behin-behinean, euskal gizartean modu negatiboan eragin ahal duten barne-ondorio sozioekonomikoak aztertzea, eta, hala badagokio, aurre egiteko neurri eta esku-hartzeak baloratzea».

Nafarroako Gobernuak 200.000 euro emango ditu

Maria Chivite Nafarroako lehendakariak ere bilera egin zuen joan den asteazkenean Raquel Martirekin. Chivitek jakinarazi zion 200.000 euroko diru-laguntza emango diola Gazako zerrendak une honetan bizi duen krisi humanitarioaren ondorioz sortu diren oinarrizko beharrei erantzuteko. Eskubide Sozialak, Ekonomia Soziala eta Enpleguko kontseilaria Carmen Maeztu ere izan zen bileran.

UNRWA agentziari emandako laguntza asteazkenean bertan onartu zen, Gobernu bileran, beste larrialdi ekarpen bat egiteko helburuarekin. Ekarpen horri beste 66.000 euro gehitu zaizkio urgentziaz, urrian piztutako gatazka hasi ondoren.