NAIZ

«Zerrenda» da urteko hitza Euskaltzaindia eta UZEIrentzat, Gazako «albiste lazgarrien» eraginez

Euskaltzaindiak eta UZEIk «zerrenda» hautatu dute urteko hitz, aurten ezohiko protagonismoa izan duelako, batez ere urriaz geroztik Gazatik iristen ari diren «albiste lazgarrien harira».

Soldadu israeldarrak, Gazan suntsitutako auzo baten aurrean.
Soldadu israeldarrak, Gazan suntsitutako auzo baten aurrean. ( Menahem KAHANA | AFP)

Euskaltzaindiak eta Uzeik «zerrenda» hautatu dute urteko hitz aurten, Gazako zerrenda toponimoak ezohiko protagonismoa izan baitu, bereziki urriaz geroztik.

Euskararen Akademiak ohar batean jakinarazi duenez, hamarkada bat baino gehiago joan da Gazako zerrenda forma arautu zuenetik, baina «aurten ezohiko protagonismoa izan du toponimo horrek; bereziki, urriaz geroztik Palestinatik iristen ari diren albiste lazgarrien harira».

«Hedabideen bidez jarraitu ahal izan diren giza eskubideen urraketek zeresan handia eman dute nazioartean eta hizkuntza guztietan, baita euskaraz ere», azaldu du. Azken asteetan forma hori hedabideetan hainbeste erabili izanak, zeharka bada ere, bide eman du euskarazko zerrenda hitzak «lursail luze eta estua» adiera ere baduela gogoratzeko.

Euskaltzaindiaren arabera, «gaur egun ‘zerrenda’ hitza aipatu eta edonori burura etortzen zaion lehen adiera ez da hori, baizik eta hiztegi arauemailean jasota dagoen ‘bata bestearen ondoren kokaturiko gauzakiez, eta bereziki bata bestearen azpian ezarririko izenez, osatutako multzoa’; esate baterako, ‘gai-zerrenda’, ‘itxaron-zerrenda’ eta ‘zerrendaburu’ hitzak oso ohikoak dira eguneroko hizkeran.

Horrekin batera, «zerrenda» hitzak badu «zati luze eta meharra» adiera ere; adibidez, marrazkilariek egunkarietan eta aldizkarietan argitaratzen dituzten formatu luzeko marrazkiei ere «zerrenda» esaten zaie.

«Lursail luze eta estua» adierako lekukotasun ugari daude jasota Euskaltzaindiaren hiztegi historiko deskriptiboa den Orotariko Euskal Hiztegian, «euskarak bere-bereak baititu, adibidez, ‘lur-zerrenda’ eta pareko esamoldeak (gauzen edo izenen segida batekin zerikusirik ez dutenak)».

Euskaltzaindiak nabarmendu du, beraz, ez dela adiera berria, «baina, inguruko hizkuntzetan ‘Gazako zerrenda’ esamoldeak dituen ordainekin ez bezala, euskarazko moldeak bide eman du ‘zerrenda’ hitzaren adiera hori ezagunagoa izan dadin, hiztun batzuek agian hain barneratua ez dutelako».

Horregatik guztiagatik, erantsi du, «euskaratik begiratuta, aurten erabilera nabarmena edo bereizgarria izan duten hitzen artean», «zerrenda» hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitz.