NAIZ
Orio

107 udalek osatzen dute gaurtik UEMA, denen artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri UEMAko kide dira gaurtik aurrera. 2024ko egitasmoen artean, Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra gehitzeko plangintza, maiatzaren 18an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna eta arnasguneei buruzko topaketak nabarmendu dituzte.

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuriko alkateak eta zinegotziak, UEMAko lehendakari Martin Aramendirekin.
Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuriko alkateak eta zinegotziak, UEMAko lehendakari Martin Aramendirekin. (Jon URBE | FOKU)

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri UEMAko kide dira gaurtik aurrera. Izan ere, batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean Orion. Besteak beste, 2023an egindakoaren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte. Horrela, gaurtik aurrera UEMAko kide dira beste sei herri ere. Zehazki, 107 udalek osatzen dute orain mankomunitatea, guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2024rako egitasmoa ere onartu dituzte batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, egindako zenbait lan nabarmendu dituzte: hamar herri gehituta UEMAk izan duen hazkundea; agintaldi aldaketa; udaletako erabilera planak; Hedatu hezkuntza proiektua sistematizatu izana irakasle, ikasle eta gurasoen artera zabaltzeko; Salto! udalekuak izandako harrera ederra; euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektua beste 13 herritara zabaldu izana; Arnasa Gara ekimenaren baitan Lakuarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sendotutako lankidetza; eta UEMAren ikerketa-lerroari emandako bultzada eta garrantzia.

2024ko egitasmoen artean, berriz, hainbat nabarmendu dituzte. Honakoak, beste askoren artean: Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra gehitzeko plangintza, maiatzaren 18an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna; kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa beste herri batzuetan zabaltzen segitzea; arnasguneei buruzko topaketak edota herritarrak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko saioak.

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri, UEMAko kide

2024rako egitasmoa eta aurrekontua onartu ondoren, mankomunitatearen ohiko jardunerako kontuez gain, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, sei herri gehiago dira UEMAko kide: Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri.

Sei horiek gehituta, 107 udalerri izatera heldu da gaur UEMA, eta guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek.

Herri berrietako alkateek eta zinegotziek hitza hartu dute, bai batzar nagusian eta baita amaieran ere, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. Batean zein bestean, lanerako beharra, gogoa eta ilusioa aipatu dute. Udalerri euskaldunak izan arren, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murrizteko hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta garatzeko beharra sumatzen dute guztiek, eta UEMAren esperientzia eta laguntza bidelagun izango dutelakoan gustura agertu dira mankomunitatera gehituta.