NAIZ
Donostia

2024ko urte hasieran aurkeztuko dute Talaia Feminista dosierra

«Trantsizio feminista ebaluatzea eta elikatzea» helburu, aurtengo sei gertaera nagusi aztertu dituzte Talaia Feminista dosierra lantzeko, eta haietatik abiatutako azterketa eta irakurketak osatzen dira. Otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egingo dute Errenterian.

Talaia feministaren batzarra Donostian
Talaia feministaren batzarra Donostian (Jon URBE | FOKU)

2023. urteko gertakari nagusien azterketatik abiatuta ari dira Talaia Feminista dosierra osatzen, «emakumeongan duten inpaktuari eta Euskal Herriko trantsizio feministan dutenari erreparatuz». Otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egingo dute Errenterian, dosierra ixteko; gero, interpelazioari eta dibulgazioari ekingo diote.

Euskal Herriko hainbat emakume feminista subiranista eta independentista bildu dira gaur Donostian, emakumeen etxean. Iazko abenduan Iruñean lehen mugarria jarri zuten hainbat eragile politiko eta sozialetako, sindikatuetako, akademiako, herrigintzako eta beste zenbait esparrutako dozenaka emakumek: Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista aztertzeko urteroko dosier bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Horretan ari da azken hilabeteotan 35 lagun inguruko talde sustatzailea.

Urtarrilean aurkeztuko dituzte 2023ko dosierreko edukiak, eta otsaileko Talaia Feminista Unea ariketa kolektiboan itxiko dute. Gero, dibulgazioa eta interpelazioa egingo dute, edukiak sozializatzeko eta eragiteko asmoz.

«Trantsizio feminista ebaluatzea eta elikatzea» du helburu Talaia Feministak: «Gure inguruaren irakurketa kolektibo bat egiteko ariketa bat da. Aktualitatea irakurri nahi dugu begirada feministarekin eta subiranistarekin. Modu kolektiboan: Euskal Herriaren luze-zabalean bizi eta lan egiten dugun emakume feminista eta subiranisten artean egindako irakurketa», azaldu du Jone Etxeberria talde sustatzaileko kideak.

Aurtengo sei gertaera nagusi aztertu dituzte, eta haietatik abiatutako azterketa eta irakurketak osatzen dira, bi elementuri erreparatuz: emakumeongan duten inpaktua, eta trantsizio feministan dutena.

Unea eta dibulgazioa

Edukiak osatzeko lanetan dabiltza orain, eta urtarrilaren erdirako behin-behineko dosierra amaitua izango dute. Ordutik otsaila bitarte emango diete edukien berri eragile eta hedabideei. Otsailaren 17an, berriz, Talaia Feminista Unea egingo dute Errenterian, Lekuona fabrikan: «Dosierra osatzeko bidean emakume feminista subiranisten parte hartze zabala ezinbestekoa da guretzat. Talaia Feminista Unea edukiak lantzeko eta hausnartzeko momentua izango da; baita, halaber, emakume feminista subiranistok biltzeko topagunea ere», azaldu du Idoia Zengotitabengoa taldekideak. Euskal Herriko emakume feminista eta subiranista guztiak gonbidatu dituzte Errenteriara.

Otsailaren amaierarako izango dute Talaia Feminista 2023 behin betiko dosierra. Haatik, ez da hor amaituko azterketaren ibilbidea, dosierrak tresna praktiko eta erabilgarria izatea baitu xede. Horregatik, Talaia Unean urteko gertaeren irakurketa kolektiboa egin ondoren, bertan sortutako gogoetak eragile sozial, politiko eta sindikalengana eramango dituzte gero, «gogoeta horien oihartzuna zabaltzeko eta haien agendetan eragiteko».