Jon Ormazabal

Unai Laso garaipenaren bidera itzuli da eta Jokin Altuna oso oso gertu geratu da

Jon Ander Albisuk ez du asteazkenean Urretxun emandako mailari eusterik izan eta erraztasun handiak eman dizkiete Bizkarreta-Gerendaingoari eta Aranguren sendo bati (22-16) Labriten. Bartzelonan, Ezkurdiak eta Tolosak azken hatsean lortu zuten puntua (22-21).

Pixkanaka-pixkanaka Unai Laso bere sasoirik onenera bueltatzen ari da.
Pixkanaka-pixkanaka Unai Laso bere sasoirik onenera bueltatzen ari da. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Kosta egiten da Jokin Altuna eta Uai Lasoren izenak Binakako sailkapeneko azken postuetan ikustea, baina batak zein besteak oraindik esateko asko dute oraindik. Jokatutako hirugarren partidan, Aranguren oso sendo batek lagunduta, Bizkarreta-Gerendaingoak lehen puntua eskuratu zuen Labriten euren mailatik oso urrun aritu ziren Peña-Albisuri 22-16 gailenduta eta lehiaketara itzuli zen egunean garaipenetik puntu bakarrera geratu zen amezketarra Bartzelonan, eskuetan zuen puntuak (11-17 irabazten joan ziren) azken unean ihes eginda. Datorren ostiral gauean elkarren aurka arituko dira bi bikote hauek Donostiako Atano III.ean, azken postu horri ihes egiteko lehia ezin erakargarriagoan.

Labriten jokatutako partidan, pixkanaka bada ere, Laso eta Arangurenek txapelketari maila hartzen ari direla berretsi zuten. Ez zuten partida distiratsurik jokatu agian, baina puntuak jokoan diren partida hauetan puntuak batzea izaten da helburua eta lehena eskuratzea gogoz ospatu zuten elkarri besarkatuta. Aurkezpen egunetik, txapelketa bereziki zaila izaten ari da aginagarrarentzat eta orain arteko atzelaririk onentsuenetako baten aurka bere lekua aldarrikatu izan zuen atzo, bide batez, bizkarretik zama handi bat kenduz. Zabaleta zertxobait estutzeko gai izan zen aurreko astean eta atzo partidaren zati handi batean Jon Ander Albisuri bizkarra erakusteko gai izan zen, partida oso txukuna jokatuta, estelarreko pilotaririk onena izanda.

Eta haizearen aurka jokatu beharrik gabe, Unai Lasok ere askoz gehiago neurtu ahal izan zituen bere indarrak, pilota guztietara gorputz eta arima sartu beharrik izan gabe, askoz osoago amaitu zuen partida eta konfiantza zaku bat eraman zuen bere onenera itzultzeko geratzen zaion bide horretan. Ohikoa duen oldarkortasunik gabe baina partida oso burutsua jokatua, lehen puntua eskuratzeak gora egiten jarraitzeko balio beharko lioke.

Hori bai, ezin da ahaztu Peña eta Tolosak emandako erraztasunak handiak izan zirela. Aurkezpenaren egunetik argi zirudien erregulartasuna izango zela Jon Ander biek osatutako bikotearen erronka nagusia eta lehen hiru partidetan oso itxura ona eman ostean, atzo huts gehitxo–bien artean dozena bat– bildu zituzten gauza onerako.

Partidaren hasieran Urretxuko partida kirurgikoari jarraipena eman nahi izan zioten gipuzkoarrek 0-3 aurreratua. Jon Ander Peñak oso eraginkor ekin zion lehiari, baina bidean erabat okertu ziren, hein handi batean Albisuk ezin izan zuelako atzean agindu eta Peñak ere ez zuelako lan horretan gehiegi laguntzeko modurik topatu.

Laso-Aranguren: 22

Peña-Albisu: 16

Pilotakadak: 523. Iraupena: 64,09 minutu. Markagailua: 0-3, 6-3, 6-6, 9-6, 9-8, 15-8, 15-11, 19-11, 19-14, 20-14, 20-16, 22-16. Sakeak: 2 Lasok eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 6 Lasok, 4 Arangurenek, 6 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Galdutakoak: 3 Lasok, 4 Arangurenek, 4 Peña II.ak eta 6 Albisuk. Gorabeherak: Betekadarik ez Labriten jokatutako partidan. Dirua oso urdin hasieran.

 

Erremate festa Bartzelonan

Vall d´Hebroneko kantxa bereziki azkarrean, partida edozein aldetara eror zitekeen, baina azkenerako, Jokin Altunak txokoan utzitako dejada batek bete-betean txapan jo zuen eta garaipena Ezkurdia-Tolosarentzat izan zen, tanto bakarraren aldearekin (22-21).

Ez ohiko plaza da Bartzelonakoa, baina bertaratu ziren pilotazaleek bi aurrelarien erremate festarekin gozatu ahal izan zuten. Hori bai, bi atzelariek ere lan oso txukuna burutu zuten eta azkenerako 774 pilotakada gurutzatu zituzten 84 minututan.

Kaiolako txapela jantzi zuenetik partidarik jokatu gabea zen Jokin Altuna eta amezketarrak itxura ona utzi zuen, nahiz eta beretzat galdutako pilota gehitxo izan zituen. Baina garrantzitsuena bere sorbaldatik erabat osatuta dirudiela da, ongi mugitu zuen pilota, fresko ikusi zitzaion eta garaipena oso gertu izan zuen.

Partidako lehen erdi oso orekatu baten ostean, 2022ko txapeldunek erabakigarria zirudien aldea eskuratu zuten 11-17 aurreratuta, baina Joseba Ezkurdiak ez zuen bere azken hitza esan, azken txanpan errematean asko asmatu zuen eta partida ezin berdinduagoa heldu zen azken unera eta patua alde izan zuten. Garaipen honekin, arbizuarrak eta Anoetakoak bigarren puntua eskuratu zuten eta, lau jardunaldi jokatuta, punturik bildu ezinik jarraitzen dute Altuna-Martijak.

 

Ezkurdia-Tolosa: 22

Altuna III.a-Martija: 21

Pilotakadak: 774. Iraupena: 84,50 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 3-2, 4-3, 4-4, 4-7, 6-7, 6-10, 10-10, 10-13, 11-17, 16-17, 16-19, 21-19, 21-21, 22-21. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 2 Altuna III.ak. Egindakoak: 13 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 11 Altuna III.ak eta 2 Martijak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 2 Tolosak, 8 Altuna III.ak eta 0 Martijak. Gorabeherak: 400 ikusle, sarrera erdi Bartzelonako Vall d´Hebron pilotalekuan.