NAIZ
Gernika

Gernika-Lumoko EH Bilduk zentsura mozioa aurkezteko proposamena egin dio EAJ-ri

Jose Maria Gorroñoren aurkako zentsura mozioa aurkezteko proposamena egin dio EH Bilduk EAJ-ri Gernika-Lumon. Gorroño Alkatetzan dago, nahiz-eta EAJ-rekin zuen akordioa legegintzaldi hasieratik hautsita egon. EH Bilduk adierazi duenez, EAJ-k «prestutasuna» adierazi du.

Gorroño, bere aldeko bozka ematen ekainaren 17ko udal eraketan.
Gorroño, bere aldeko bozka ematen ekainaren 17ko udal eraketan. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

EH Bilduk Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko Alkatetzatik kentzeko proposamena egin dio EAJ-ri, zentsura mozioaren bidez. Gorroño (Guztiontzako Herria) EH Bildu postu horretatik kentzeko EAJrekin lortu zuen akordioari esker iritsi zen boterera, baina akordio hau hautsitzat eman zuen urriaren hasieran. Jeltzaleekin sinatutako itunaren arabera, Gorroño alkate izendatu ondoren erretiratuko litzateke, Iñaki anaiak kargua heredatu zezan.

Maniobra hori aspaldi egina behar zuela iritzi zuten EAJ-n, baina ez zen iristen, eta horrek ezinegona sortu zuen jeltzaleen artean eta Gorroñok berak hautsi zuen akordioa.

Orain, EH Bilduk, maiatzeko hauteskundeetan indar bozkatuena izan zenak, zentsura mozioa aurkeztea proposatu dio EAJ-ri. «Zentzura mozioa da, gaur gaurkoz, gobernagarritasuna bermatu dezakeen aukera. Honek ez du baztertzen, inondik inora, udalbatzan ordezkaritza duen Guztiontzako Herriarekin elkarlana bilatzea», adierazi du koalizioak ohar bidez.

«Indar bozkatuena izateak ematen digun arduratik, zentsura mozioa aurkeztu eta Jose Ramon Bilbao Catalá “Buli” alkate izan dadin proposamena luzatzen dugu», nabarmendu dute.

Baieztatu dutenez, EAJ prest agertu da balizko zentsura mozioaren parte izateko. «Gure helburua Gernika-Lumok aurrera egitea da, aro politiko eta instituzional berriari ateak irekitzea. Horregatik, erantzukizun politikoagatik eta Gernika-Lumok eta gernikarrok merezi dugulako, herria martxan jartzeko lan egingo dugu», azpimarratu dute.

Gobernagarritasun hori bermatzeko aukera bakar gisa ikusten dute zentsura mozioa. «Gernika-Lumoren eta bertako herritarren interesak lehenetsiko dituen akordioaz ari gara. Honek, ezinbestean, bestelako eskuhartzerik eta tutoretzarik gabekoa behar du izan. Gernika-Lumotik eta Gernika-Lumorakoa eta herritarren interesak lehenesten dituena».

Egonkortasun eza

Azken hilabeteen radiografia egiterakoan, EH Bilduk adierazi du «joan den astean bertan, berriro ere eskua luzatu» ziela Guztiontzako Herria eta EAJ alderdiei «proiektuak egikaritzen lagunduko duen udal aurrekontua adosteko». «Hori bai, udalerriari gobernagarritasun egonkorra eskainiko dion gehiengoa osatzeko bideak aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu genuen».

Azken hilabete honetan harremanak «areagotu eta emankorragoak» izan direla baloratzen du EH Bilduk. «Bereziki EAJ-PNVrekin, gobernagarritasun akordio bat sinatzeko puntuan egoteraino».

NAIZ Irratian egindako elkarrizketa honetan, Jose Ramon Bilbao 'Buli' EH Bilduko ordezkariak azaldu du asmoa egonkortasuna bermatzeko gobernu indartsua osatzea dela.

«Hiru urterako gobernagarritasun akordioa prest dugu EAJrekin Gernikan»

Loading player...

Atea zabalik

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak atzo Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean antzeko analisia egin zuen, Gernikako Udala «paralisi» egoeran dagoela baieztatu baitzuen. Horrela, adierazi zuen EAJk ez duela baztertzen zentsura mozioa.

Andonio Ortuzar EAJko buruak ere onartu zuen atzo badela aukera bat, baina beste tresna batzuk hobeak izan daitezkeela. Akordioa ez betetzeaz gain, alkate lana behar bezala ez egitea leporatu zion Ortuzarrek Gorroñori. Egoera horren aurrean, EAJk arduraz jokatuko duela adierazi zuen, «konponbiderik onena aurkitzeko».

Gorroño, «oso lasai»

Gorroño alkatea «oso lasai» agertu da EH Bilduk EAJri egindako proposamenaren ondoren, eta baieztatu du EAJk «hitzartutakoa betetzen badu», berak ere egingo duela. Izan ere, uste du «gardena eta garbia» izan dela beti eta harridura agertu du «elkartuko direlako, elkartzen badira, bata bestearen aurkakoak diren bi eredu».

Desberdintasunen artean dago, besteak beste, Urdaibaiko Guggenheimen inguruan batzuek eta besteek duten ikuspegia. Gorroñok «aulki banaketa» baino ez dela izango adierazi du: «Zer da nahi duena? Aulkiak banatu? Ba hor dauzkate, banatu ditzatela».