Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nerea Ibarzabalek jantzi du bigarrenez Bizkaiko txapela

Nerea Ibarzabal gailendu da larunbat arratsalde honetan Miribillan jokatutako finalean. Jone Uriarekin jokatu du buruz burukoa eta zazpi arteko aldea besterik ez da izan bi bertsolarien artean.

Nerea Ibarzabal, Bizkaiko txapelduna.
Nerea Ibarzabal, Bizkaiko txapelduna. (Oskar Matxin | FOKU)

Amaitu dira udazken honetako kinielak. Buruz burukoa iragarri bitarteko tartean ere oraindik irekita sumatzen ziren bertsozaleen apustuak. Nerea Ibarzabal da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa txapelduna 1036,5 punturekin, buruz burukoa Jone Uriarekin jokatu ostean. Zazpi puntuko aldea soilik izan zuten bi bertsolariek. Saioak aurrera egin ahala giroa berotzen joan zen Miribillan, eta azkenean eztanda egin zuen.

Bertsozalea gogotsu antzematen zen hasieratik. Miribilla ere horretarako prestatuta zegoen, bere foku eta bere pankarta. Buruz buruko azken ariketan, bakarkako gaiaren berri eman zien Beñat Vidal gai jartzaileak: «Kasualitate hutsa izan zen, baina orain inoiz gertatu zaizun onena dela uste duzu». Ibarzabalek, ohi duen moduan, zehaztasunez eta esanahiz beteriko film baten aurrean jarri du bertsozalea. Hamasei urterekin tabernako komunetan ezagutu eta lagun on bilakatutakoari kantatu zion. Bigarren bertsoan «ilea mudatu eta azala zimurtu arren, beraien laguntasunak iraun duela kontatu du, eta azkenekoan biribildu du, laguntasunaren bizitza oso baten kronologia egin ostean: «Zahartzen ari gara ta / urdindu dira ametsak / aldiro pizten ditugu / halere pozaren metxak / kafe bat hartu ohi dugu/ hartuz gero ondoezak / ta konpartitu pastillak / eta pixaren konpresak / auskalo zer etorriko den / hartuko gaitu sorpresak / nik etxe bat nahiko nuke / eta zu pixukidetzat / ureztatzeko kaktusak / garbitzeko leiho ertzak / pozik prestatuko nuke / jardin eder bat zuretzat».

Uriak, bere lanbideari kantatu zion, nahigabean matematikarekin topo egin eta bere bizitzan hartu duen pisua gogoratu zuen; «mundua ikusteko beste modu bat» eman diola esan zuen, eta amaieran baikortasunetik kantatu: «...edozeinek ez du lortzen / pozik joatea lanera».

Ofizioetan bizi

Seiko motzean bertsozalearen paperean jarri zituen gai jartzaileak, finalerako bidean autoari tximista batek jo eta mende hasierara egin zuten buelta. Umorez baina aldarriz abitu zen Uria: «...bi mila biko egun bat / ai ze aurpegi ezagunak / bost emakume zeudela eta / bostak bizardunak». Bizkaiko finalei errepaso eginez jarraitu zuen, berriz ere Iturriaga eta Elortza zeudela buruz burukoan kantuan esanez. Ibarzabalek ere umoretik eutsi zion, «...zenbat ilaje desberdin izan / dituen Onintzak», bota zuen.

Hirugarren Xabat Galletebeitiak egin zuen. Saio bikaina ondu zuen lekeitiar beteranoak. Plaza altxatzea lortu zuen bere bakarkakoarekin, esaterako. Nerabe baten gorputzean jarri zuten, bere zaletasunenagatik frikia dela esaten diote ikaskideek, baina gero eta gutxiago inporta zaio ikaskideek diotenak. «Guztiek deitzen / didate friki / gustuko ditut / mate ta fiki...» hasi zuen lehen bertsoa, eta hirugarrenean bikain errematatu zuen: «...Baina bakarrik gustura nago / neronen mundu zabalez / gero ez etorri nire hiletara / negar batean, txabales / bere sutea begiratzera / doan piromano bat lez».

Gaiean sartzearen garrantzia

Gorka Pagonabarragak laugarren postua eskuratu zuen. Erregular aritu zen eta puntuak pilatzen joan zen saio osoan zehar. Zortziko txikian umoretsu aritu zen, Uria lankidearekin; guztia bera jaten ari zela leporatu zion algortarrak eta honek bizi erantzun: «zuk ezer ez, nik dena / lana bezalaxe».

Onintza Enbeitak ere saio osoan lanean jardun zuen, umore puntu batzuekin hausnarketa tartekatuz, eta esperoentzia lagun.

Ale gogoangarriak utzi zituen zortziko txikian, Galletebeitiarekin batera, loteria tokatu zaion lagunaren paperetik; «nik txuleta jango dot / ta zuk zure berbak», lagunarekin erdibana loteria erosi nahi ez zuela eta. Lehen aldiz bertan sumatu da Miribilla dar-darka.

Etxean jokatzen zuen Oihana Bartrak. Hamarkada baten ostean finalera itzuli zen, eta jarri zion berriz ere bere distira. Hamarreko txikian aragazkilariaren paperetik kantatu zuen, eta bikain uztartu zituen argazkigintzako lexikoa eta gaiaren sakoneko hausnaketa.

Seigarren tokian geratu zen Aitor Etxebarriazarraga. Uriarekin batera hamarreko txiki polita osatu zuen, haurra minbiziarekin hil zitzaion Uriari eta ikerketarako dirua biltzeko ekitaldi batean egin zuen topo Etxebarriazarraga erizainarekin. Etxebarriazarragak ea aldaketarik sumatzen duen galdetu eta Uriak plaza lehertzea lortu zuen bertsoarekin erantzun: «Ba hutsunea haundituz/ joan da jakina / halere ez dut galdu / lanerako grina / eitbk maratoi bat/ kantu pegatina / ta legebiltzarrean / ai ze imajina / soilik areagotzen / du nekarren mina».

Finalera jauzi egin zuen aurpegi berria zen Aissa Intxaustirena, baina bertsozaleak gogoan izango du, argi geratu zen atzokoan zalego fidela duela.

Zorrotz hasi zen lehen lan puntuagarritik; Galletebeitia nerabearen ama zen Intxausti, eta bere gaztetako pegatinak aurkitu zituen Galletebeitiak ezkutatuta. Ezkutuan egotearen arrazoiak azaldu zituen lekeitiar gazteenak: «ez da erraza eta norbere/ minak gogoraraztea», edota «garaian ohitu egin baikinen / dena ezkutuan egiten». Nerabeak aitortza bat egin zion amaieran: «...gaurko eguna gogoratuko / dut ama letra handiz / gaur eredutzat sentitu zaitut /nire bizitzan lehen aldiz».

Izoztuta baina bero

Bertsozalea bero sumatu zen, eta aldi berean izozteko gaitasuna du bertsoak.

Lau mila pertsona une eta leku jakin batean adi egoteko gaitasuna du, mundu aldrebestu honetan.

Horren gaitasuna nabarmedu zuen txapeldunak ere azken agurrean: «Barrua bete zaigu hemengo / grina arnastean / hau gal daiteke euskara hezkuntzan / ez irakastean / bizitza gazan astean / hil nahi duten gaztean / kartzelak lepo ta denok preso / merkatu askean / badirudi kontrastean / argi izpi bat desastrean / dena izozten dela baten bat / kantuan hastean / badirudi kontrastean / argi izpi bat desastean / dena izozten dela herri bat / kantuan hastean».

Sailkapena:

1. Nerea Ibarzabal 1036,6 puntu

2. Jone Uria 1029 pt

3. Xabat Galletebeitia 616,5 pt

4. Gorka Pagonabarraga 609 pt

5. Onintza Enbeita 607 pt

6. Oihana Bartra 606,5 pt

7. Aitor Etxebarriazarraga 556,5 pt

8. Aissa Intxausti 550 pt