Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Interview
Gorka Izagirre
Cofidis taldeko txirrindularia

«Nire aukerak izango ditut lehenengo zati honetan, UCI puntuak biltzeko»

Ormaiztegiarrak Cofidisekin ibilbidea hasi du lehenengo kontzentrazioan Denian parte hartu ostean. Ion anaiak eta Bingen Fernandez eta Gerrikagoitia zuzendariek lagundu diote asko hizkuntzarekin. Talde frantsesa dela ikusi du, jendea oso gertukoa eta prest dago eskatu dioten erantzukizuna hartzeko.

Gorka Izagirre.
Gorka Izagirre. (SPRINT CYCLING AGENCY|MOVISTAR TEAM)

Gorka Izagirrek larunbatean Araian azken lasterketa egingo du Movistarreko maillotarekin, berriro anaiarekin elkartzeko.

Zer moduz Cofidisekin lehenengo egunak?

Taldeko aurkezpena egin genuen aurreko larunbatean. Hortik segidan Deniara joan ginen, astebetez egoteko. Ez da asko, baina nahikoa taldekideekin lehen kontaktua izateko, probak egiteko eta taldeko entrenamenduak ondo burutzeko, eguraldi ona aprobetxatuz. Ongi entrenatu dugu.

Ion anaia eta Bingen Fernandez eta Gorka Gerrikoagoitia zuzendariak taldean egoteak dena errazten du, ezta?

Anaia da eta bide guztia elkarrekin ibili gara. Azkeneko bi urteetan banaturik izan gara; berriz elkarrekin gaude eta gustura biok. Egia esan, bai, laguntza eskatzen diot, gehien bat hizkuntzarekin; pixka bat galduta nago hitz egiteko garaian. Frantsesez ulertzeko moldatzen naizela esango nuke, baina hitz egiten oraindik ez dakit; pendiente daukadan gauza bat da. Ingelesa ez da asko erabiltzen, italiera ere ez, eta beraiengana jo behar izaten dut. Batez ere Bingen eta Gorka zuzendariak hemen egoteak asko laguntzen dit.

«Movistarrek esan zidan Tourra hasi baino bi egun lehenago ez zutela nirekin kontatzen. Kolpe izan zen niretzat. Tourrari horrela ekitea, batez ere etxean, ez da kirolari batentzat erraza»

Nola izan da Movistarretik Cofidisera joateko bidea?

Movistarrek ez zuen nirekin jarraitu nahi. Esan zidaten Tourra hasi baino bi egun lehenago ez zutela nirekin kontatzen. Kolpea izan zen niretzat. Tourrari horrela ekitea, batez ere etxean, ez da kirolari batentzat erraza. Baina Cofidisen lortu dut txirrindularitzan jarraitzea. Hasiera batetik, harremanak onak eta ongi gauzatutako adostasunak izan dira, eta gustura gaude hemen.

Gehien bat lider batentzat lan egiteko txirrindularia zara. Kalte egin al dizu bi Tourretan Mas bere mailan ez egotea iaz eta lehen etapan lasterketatik kanpo gelditzea aurten?

Ez nuke horrelako gauzarik nabarmendu nahi, baina urte hasieran izan ditudan lehenengo hiru aukeretan maila oso ona eman nuen, eta, Masentzat ez bada, Alexentzat edo beste batentzat lan egin dut. Kontu puntualak ere izan ditut. Iaz hasi nintzenean, eroriko handia izan nuen. Asko kostatu zitzaidan urteari ondo ekitea. Arazo guztietatik ondo errekuperatu nintzen, baina ez zen nahikoa izan. Bizitzak aurrera segitzen du. Ez zaio bueltarik eman behar. Burua tente irtengo naiz.

Momentu horretan zalantzak izan al zenituen txirrindularitzan jarraitzeko, edo beti ikusi duzu maila daukazula?

Nire burua ondo ikusten dut, fisikoki ongi ikusten naizelako, horretan ez daukat inolako zalantzarik. Baina egia da adin bat badaukadala, 36 urte bete berri. 2024an 37rekin sartuko naiz. Eta taldeek asko galdetzen dizute, zenbat urte dauzkazu eta abar. Baina, horretaz aparte, ni ongi ikusten naiz eta jarraitzeko asmoarekin. Espero dut dena ondo izatea.

«Ez dakit zer hitz erabili dezakedan, baina beti esaten da Frantzian taldeak oso frantsesak direla, eta talde hau bertakoa izanda, oso frantsesa dela esango nuke»

Kanpotik ikusita, familia giroko taldea dirudi Cofidisek.

Ez dakit zer hitz erabili dezakedan, baina beti esaten da Frantzian taldeak oso frantsesak direla. Eta talde hau bertakoa izanda, oso frantsesa dela esango nuke. Ez dut esaten gauza txar bezala. Gehienak bertakoak dira, belgikarrak ere badaude. Harremana ona dago denekin. Gertuko jendea da eta dena ongi dago.

Cofidis taldean zein lan izango duzun adierazi al dizute?

Gorkak eta Bingenek esan didate nire aukerak izango ditudala lehenengo zati honetan, gehienbat UCI puntuak biltzeko saiakera horretan; beharbada orain arte planteamendu horrekin izan ez dudana, eta gustatzen zait. Ikusiko dugu nola hasten garen. Gauza asko airean daude. Lasterketa batzuk ez ditu taldeak egingo, baina Mallorcan hasiko nintzateke, gero Frantzian lasterketa batzuk egingo nituzke, Paris-Niza barne, eta Itzulian izango nai. Gero, ondo bidean, Ardenetan ere bai. Hortik aurrera ikusiko dugu.

Ez dute taldean baloratu Australian Tour Down Under proban hastea, hor emaitza onak lortu dituzulako beti?

Esan zidan taldeak Australian hasteko, baina nik komentatu nien nahiago nuela aurten ez joatea. Zortzi-bederatzi aldiz hara joan naiz, lasterketa gustatzen zait eta ondo ibiltzen naiz han, baina lan asko egin behar da neguan hara ondo iristeko. Eta Down Under egiten dudanean, hilabete hori denboraldi bukaeran nabaritzen dut. Horrela, taldeari esan nion ea alde batera utzi nezakeen, Mallorcan hasteko.

Ziklokrossean proba batzuetan parte hartu duzu, eta Urdiainen irabazi. Ormaiztegikoaz aparte, gehiagotan eta Amurrioko Espainiako txapelketan aritzeko asmoa duzu?

Saiatuko naiz beste pare bat egiten. Ormaiztegikoa seguru baietz. Eta igual Araian ere egongo naiz. Momentuz ez dut planteatzen Espainiako txapelketa, beste kontzentrazioa daukagulako urtarrilean, taldearena, juxtu egun horietan.

Taldearentzat inportantea da aurreko Tourrean bi etapa irabaztea eta UCI sailkapenean 3.226 puntu izatea 19rekiko?

Bai, nabaritzen da, talde frantsesa izaki. Bi etapa hauek aurkezpen egunean asko azpimarratu zituzten. Garaipenak izan dira, eta ikusten da Frantziako prentsan garrantzia eman dietela. Jendea Cofidisekin berotu egin da eta agerian da horrek asko saltzen duela. Puntuekin gaizki ez gaude, baina ezin dugu loak hartu. Bide honetatik jarraitu behar da. Beti saiatzen naiz ilusio gehienarekin egoten, eta gogotsu hartuko dut. Bide onetik goaz prestakuntzan. Lasai nago eta uste dut ondo hasiko garela.