Maite Ubiria

Olentzero badator, argiontziak badoaz

Urte amaierako bestak iragartzen dituzten ekimenak ez dira falta Ipar Euskal Herrian. Hala, berdin Hendaian zein Baionan Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egin zieten haurrek, asteburuan. Aldiz, giro lasaia zapuztu zen baionarren artean ika-mika eragin duen argiontzien jaurtiketarekin.

Olentzero eta Mari Domingi, haurrez inguraturik, abenduaren 16an Baionan.
Olentzero eta Mari Domingi, haurrez inguraturik, abenduaren 16an Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

Ipar Euskal Herrian goiztiarrak dira, baita Mari Domingi eta Olentzero ere. Joan zen larunbatean, musika eta dantza lagun, han eta hemen ibili ziren biak, berdin Hendaian zein Baionan.

Ehunka haurrek harrera egin zieten urte amaierako bestak hurbil direla iragartzen duten pertsonaje maitagarriei.

Beste hainbeste zain dira, ondoko egunetan Azkaine, Senpere, Donapaleu, Biarritz edota Donibane Lohizunera bertaratuko baita neguko solstizioaren garaian arribatzen den ikazkinaren segizioa.

Bide mozketa bat edo beste kenduta, giro lasaian igaro ziren Hendaiako eta Baionako Olentzero eta Mari Domingiri eginiko harrera ekitaldi aitzindari horiek.

Guillaume FAUVEAU
Faroltxoak aireratzen, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Ez zen berdin gertatu, ordea, lehen asteburu kaotiko baten ostean abenduaren 16an Baionan antolaturiko argiontzien jaurtiketaren bigarren saioarekin.

Jende uholdea bertaratu zen Lapurdiko hiriburura –nahiz eta aurreko astean Hegoaldeko matrikula zuten hainbat kotxe nahitara kaltetu zituzten, ‘Mediabask’ astekariak jaso zuen lekukotasunen arabera– eta horrek hirian bertan baina batez ere sartu-irteeretan eragin itzela izan zuen.

Aurreneko asteburuan, haize zakarrak eta euria tartean, bertan behera geratu zen Bidasoaren hegoaldetik jende parrasta erakartzen duen ikusgarria, nahiz eta bisitari batzuek debekuari muzin egin eta argiontziak bota zituzten. Handik aurrera, A63 autobidean sekulako auto-ilarak sortu ziren jendea iluntzean etxera itzuli zenean.

Abenduaren 16an, euskal kultura goraipatuz Baionako elkarteek hamarkadaz hamarkada eginiko lan itzelari esker Olentzero eta Mari Domingi karriken gaindi jauzi ziren.

Poza eramateaz gain, beste alboko kalterik eragin gabe, erran bezala.

Argiontzien arrastoak edonon

Argiontzien arrastoak, ordea, hiriaren erdialdea hainbat egunetarako zikindu dute. Zuhaitzetan, lorategietan eta terraza batean edo bestean poltsa zurien zatiak azaldu dira.

 

Argiontzien arrastoak zuhaitzetan. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako zentro historikoan oraindik ere egurrezko egitura duten eraikin anitz izanik, baita zuhaitz andana ere, sutearen arriskua aldarrikatuz argiontzien jaurtiketa bertan behera uzteko agindua eman zuen iaz Prefekturak.

Onerako zein txarrerako, Iruñeko Udalak errepikatu duen argiontzien ekimena antolatu du aurten ere Baionako Herriko Etxeak Prefekturak aitorturiko salbuespen bati esker.

Nahiz eta abenduaren 16koa azkeneko jaurtiketa izan, paper horren arabera, udal Gobernuak ez du ezkutatzen baimen berezia eskuratuz gero milaka bisitari erakartzen dituen ekimen ikusgarria mantentzeko asmoa.

Besta eredua berreskuratzeko proposamena

Baionan jai ereduari buruz aitzinetik piztua zen eztabaida areagotu egin du argiontzien aferak.

Hiriko besta nagusiari erreparatuz, batzorde batek berriki Herriko Etxearen esku jarri du Baionako Besten birmoldatzeko hamar neurriz osaturiko proposamena.

Eredu masifikatutik aldenduz, bestak berriro ere hiriaren dinamikan sustraitzea dute helburu.

Parisko Olinpiar Jokoak tartean, 2024ko jaietako datak aurreratuko direnez, ezin jakin horrek zer nolako eragina izanen duen bere azkeneko edizioan 1,3 milio herritar bildu zituzten jaietan.

Edonola ere, hiriko elkarte, kultur eragile, peña zein besta batzordeko kideak bildu dituen gogoetaren baitan, 2032ko muga ezarri du batzordeak, alegia bestak sortu zirenetik mendeurrena ospatuko den urtea, egiturazko aldaketa bat plantan emateko.

Argiontziak piztear zirela, beste erabaki baten berri eman zuen Herriko Etxeak. Hala, «bisitarien uholdea» ekartzen duen Xingar Ferian aldaketak izanen dira heldu den urtean.

Xingar Feriaren data aldaketa

Baionako Bestetako errepika txikia bilakaturik, segurtasun eta garbitasun aldetik erronka zailak sortzen dizkio hiriari zerriari zor zaizkion produktuak ohorean ematen dituen azokak.

Udalak harturiko erabakiaren arabera, 2024ko Xingar Feria apirilaren 4tik 7ra iraganen da.

Hala, azoka ez da ospatuko Ipar Euskal Herrian soilik ez baita Akitania Berria Eskualde osoan eskola oporrak diren egunetan, hau da Pazko astean, baizik eta hurrengoan.

Xingar Feriaren «izaera komertziala» babestu nahi duela azaldu du Udalak, Ipar Euskal Herriko ekoizleentzat sekulako garrantzia duen azoka dela nabarmendu ondoren.

Nola erantzun diezaioke Baiona bezalako hiri ertain batek, bere bizimodua eta ohiturak lanjeran eman gabe, aipaturiko horiek zein beste hainbat gertakarik biltzen duten jende pilaketari?

Erantzun erraza ez duen eztabaida mahai gainean dago aspalditik baionarren artean.

Argiontzien azkeneko pasadizoak haserrea areagotu du eta eztabaidak eremu politikoa kutsatu du.

Dagoeneko ezkerreko udal oposizioak ohartarazi du Baiona «bere arima galtzeko arriskuan» dela.

Euskal Herria Baik Lapurdiko hiriburuan duen taldeak, bestalde, agerraldia iragarri du hilaren 23an Baionako giroa goraipatzen duten hainbat bestak utzitako ajeari buruz bere iritzia plazaratzeko.