NAIZ

Israelek 20.000 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan dagoeneko, tartean 8.000 haur

Egoera humanitarioa «amildegirantz» doala ohartarazi dute Gazako agintariek, Israelen erasoek hildakoen kopuruak 20.000 pertsonen langa gainditu duen egunean.

20.000 pertsona baino gehiago hil ditu jada Israelek Gazan.
20.000 pertsona baino gehiago hil ditu jada Israelek Gazan. (AFP)

Gazaren aurkako oldarraldia hasi zenetik 75 egun igaro direnean, Israelen erasoek 20.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, tartean 8.000 haur inguru, Zerrendako Gobernuko hedabideen bulegoak jakitera eman duenez.

Gainera, kalkulatzen dute 6.700 gorpu inguru daudela hondakinen azpian harrapatuta (%70 zibilak). Horrek hildakoen kopurua are gehiago igoko luke, eta 52.600 pertsona baino gehiago dira zaurituta daudenak.

Hildakoen artean, 8.000 haurrak dira, 6.200 emakumeak, 310 medikuak eta 97 kazetariak, Gazako Osasun Ministerioaren zenbaketaren arabera.

«Egoera humanitarioa katastrofikoagoa da, eta amildegirantz doa okupazio Armadaren gerra genozidaren ondorioz, batez ere 1,9 milioi pertsona baino gehiago etxetik kanpo desplazatuta daudenetik, aurrekaririk gabeko miseriako baldintza humanitarioetan», salatu dute Zerrendako agintariek.

Ministerioak salatu duenez, urriaren 7an oldarraldia hasi zuenetik, Israelek 23 ospitale, 140 osasun-zentro eta 102 anbulantzia suntsitu eta zerbitzutik kanpo utzi ditu.

Gainera, 126 gobernu-egoitza deuseztatu ditu, 90 eskola eta unibertsitate erabat zerbitzutik kanpo geratu dira, 283 irakaskuntza-zentro partzialki kaltetuta; 300 meskita baino gehiago erabat edo partzialki eraitsi dituzte, baita 3 eliza ere.

Eraikin publiko horietan guztietan, milaka desplazatuk hartzen zuten babesa aire-erasoetatik ihesi.

Etxebizitzei dagokienez, bonba israeldarrek 53.000 bizitegi erabat suntsitu dituzte, eta beste 255.000 partzialki kaltetu.

Egoera hori dela eta, agintariek ohartarazi dutenez, laguntza humanitarioak ez ditu enklabearen beharren %2 ere betetzen, egunero 1.000 kamioi behar dituztelako elikagaiak, botikak, edateko ura eta laguntza emateko, bai eta egunero milioi bat litro erregai ere.

Gazako Zerrenda komunikazio itzalaldi berri bat jasaten ari da asteazken honetan, telefonorik eta internetik gabe, seigarrena Israelen lurreko erasoaldia hasi zenetik, urriaren 27an.