NAIZ

Urduñako espetxean hil zen Francisco de la Cruzen gorpuzkiak eman dizkiote familiari

Urduñako espetxe frankistan 1941ean hil zen Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak haren familiari eman dizkio Gogora institutuak. Urduñako hilerrian identifikatu duten bederatzigarrena da.

Francisco de la Cruzen senideak, Urduñako alkate eta Gogorako teknikariekin.
Francisco de la Cruzen senideak, Urduñako alkate eta Gogorako teknikariekin. (IREKIA)

Gogora Institutuak Francisco de la Cruz Orellanaren gorpuzkiak eman dizkio asteazken honetan haren familiari, Urduñako Kolunbarioan egin den ekitaldian. Bertan izan dira Iker Santocildes, Urduñako alkatea, udalbatzako kideak eta Gogorako teknikariak.

Francisco de la Cruz Orellana Quintana de la Serenakoa (Badajoz) zen jaiotzez. Urduñako espetxe frankistaren biktima bat da. Nekazaria, ezkondua eta bi seme-alabaren aita, atxilotu egin zuten, eta Badajozen hainbat espetxetatik igaro ondoren Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten 1940ko urtarrilaren 31n. Handik urtebetera hil zen, 1941eko apirilaren 17an, 68 urte zituela.

Haren gorpuzkiak 2014an berreskuratu zituzten Urduñako hilerritik baina  ezin izan zituzten identifikatu, eta Urduñako kolunbarioan zeuden lurperatuta 2022ko uztailetik, inauguratu zenetik. Mallabian bizi den De la Cruz familia Gogora institutuarekin harremanetan jarri zen 2022an, Urduñako hilerrian gorpuzkiak lurpetik atera zituztela jakin ondoren, eta, azkenik, DNA laginak aztertuta, Urduñako hilerriko bederatzigarren identifikazioa gauzatu ahal izan da.

Beste zortzi identifikatuak hauek dira: Fructuoso Llorens Tolosano, Badajozekoa; Manuel eta Salvador Del Amo Jimenez, anaiak, hauek ere Badajozekoak; Alejandro Gomez Hidalgo, Toledokoa; Alfonso Tena Prieto; Domingo Galindo Gonzalez; Inocencio Gallardo Rebolledo, eta Bernardo Rodriguez Rincon, guztiak Badajozekoak.

Gogora Institutuak lanean jarraitzen du 2014an eta 2022an egindako indusketetan Urduñako hilerritik atera zituzten 71 pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko. Horretarako, kartzelan hildakoen 60 familia ingururekin harremanetan dago, DNA laginak hartu eta alderatzeko.