NAIZ

Lesioen zama atzean utzi nahi dute

Foku guztiak Laso-Aranguren eta Altuna-Martijaren arteko deman daude jarrita, Atano III.enean jokatuko da, gauez. Bi aurrelariak, lesioak gaindituta, txapelketari neurria hartzen ari dira eta sailkapenean gora egitea dute xede. Ezkurdia-Tolosa eta Artola-Imazek Arrasaten jokatuko dute, arratsaldez.

Unai Laso, aurreko jardunaldian, Labriten.
Unai Laso, aurreko jardunaldian, Labriten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zalegoa gogotsu zegoen Unai Laso eta Jokin Altunaren berragerpenerako Binakako txapelketan, behin lesioak gainditu ostean. Bada, ostiral honetan, Donostiako Atano III.enean (22.15ean), bien arteko dema jokatuko da eta ikusi beharko da nork erantzuten duen ondoen partida garrantzitsu honetan, bi bikoetak baitaude puntuen beharrean.

Zentzu honetan, Altuna III.a-Martija bikoteak daukaten behar izan gehien, lau jardunaldi jokatuta, punturik batu gabe jarraitzen baitute. Binakakoaren ezaugarri nagusiena da txapelketa luzea dela eta beraz, oraindik ere garaiz dira edozertara. Dena dela, gakoa izan daiteke ostiral honetan irabaztea, Laso-Arangurenek pasa den asteburuan eskuratu baitzuten lehen puntua eta beraz, arerio zuzenen arteko dema izan daitekeela esan daiteke.

Arerio zuzen hauek, baina, beraien mailatik urrun daude, tartean lesioek baldintzatu dituztelako. Sei hilabetez egon da kantxetatik at Bizkarreta-Gerediaingoa, aldakako gaitza sendatzeko. Lehen jardunaldira ez zen iritsi baina bigarrenetik erritmoa hartzen ari da. Nabarmen egin du gora –Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka partidaren lehen zati txukuna osatu zuen, nekea bere eragina egiten hasi zen arte– eta txapelketari neurria hartzen ari da, Arangurenen laguntzarekin. Hirugarren jardunaldian, Labriten, distiratik atera gabe baina sendotasunez, Peña-Albisu garaitu zuten (22-16) eta, une honetan, baliteke puntu bat batzea distira egitea baino beharrezkoagoa zutela.

Horixe bera nahiko dute Altuna III.ak eta Martijak, 2022ko bikote txapeldunak, alegia. Amezketarra pasa den astean berragertu zen, Bartzelonan, eta garaipenetik oso gertu geratu ziren, 22-21 galduta Ezkurdia eta Tolosaren aurka.

Arrasaten, arratsaldeko pilota jaialdia

Donostiako partida ez da biharko bakarra izango, Arrasaten, 17.00etan hasiko den pilota jaialdian, Ezkurdia-Tolosa eta Artola-Imaz bikoteen arteko lehia jokatuko baita.

Aspekoek bigarren puntua eskuratu zuten aipatu Bartzelonako dema estuan eta honekin, arnasa pixka bat ere hartu zuten. Txukun hasi zuten txapelketa, Etxeberria eta Zabaletaren aurkako garaipenarekin, baina segidan ataskatu egin ziren. Bolada eskasean dago, hain zuzen ere, Baikoko bikotea, azken bi partidak galduta eta puntu bakarra batuta, Laso eta Aranguren enpresakideetan aurka.