Arnaitz Gorriti

Howarden magiari pazientzia gehitu eta Istanbulen Efes gainditu du Saski Baskoniak (80-87)

Berdintasuna izan da partidako protagonista, baina markagailua 68-66 zela 0-10eko partziala lortuta hautsi dute norgehiagoka. Larkin eta Howarden arteko lehia polita izan da tarteka, baina gasteiztarraren 28 puntuek erabaki dute azken emaitza.

Hiruko bat botatzeko zutitu den bakoitzean, magia egin du Markus Howardek.
Hiruko bat botatzeko zutitu den bakoitzean, magia egin du Markus Howardek. (@SASKI BASKONIA)

ANADOLU EFES 80 - SASKI BASKONIA 87

Saski Baskoniak bere momentua pazientziaz gainezka bilatu du, Anadolu Efesen etxean irabazteko ezer behar baldin bada pazientzia baita. Egia da talde turkiarra ez dagoele bere unerik onenean, ezta gutxiagorik ere, baina Saski Baskonia ere ez dabil topera.

Markus Howarden 28 puntuak, bost faltarekin egotzi duten arte etxekoentzat izan den konpondu ezinezko buruko mina, aipagarria da zinez. Alabaina, New Jerseyko eskoltak egin duena bere horretan ez zitzatekeen irabazteko lain izango atzean talde sendorik izan ez balu. Maccabiren aurka ez bezala, erreboteko lehia gasteiztarrek eraman dute eta Belgraden baino askoz baloi gutxiago galdu dituzte. Zentzu horretan, Anadolu Efesen defentsa Maccabirena baino askoz leunagoa izan da, baina hori ez da Baskoniaren arazoa. Bestalde, epaileek tarteka Shane Larkin ukiezina bailitzan tratatu dute eta horri ere aurre egiten jakin du talde gasteiztarrak.

Horrez gain, Markus Howardek 28 puntu sartu baditu, ezin ahaztu Sedekerskis, Miller-McIntyre, Marinkovic eta Monekek ere 11 puntu edo gehiago saskiratu dituztela, eta berdin atzetik joatea egokitu denean Efesen erauntsiak baretzeko, edota aurretik jarritakoan aldea zabaltzen ekiteko, guztien laguntza ezinbestekoa izan da Euroliga honetako bederatzigarren garaipena erdiesteko. Batez ere Howard pertsonalen erruz aulkian izan den une horietan, bere taldekideek beraiek ere badirela nor erakutsi dute eta horri esker eragotzi diote Istanbulgo taldeari alderik har zezan.

Unea noiz iritsiko zain

Bataren kolpea, bestearen erantzuna. Bataren partziala, aurkariaren partziala bueltan. Halakoren bolada hona, bestelakoren boladarekin erantzun. Erabateko berdintasuna nagusi izan da lehian hiru laurdenetan.

Uztaipean gehixeago izan da Anadolu Efes batik bat Otururen lan bikainari esker eta hirugarren laurdenean Osmani bikain aritu delako. Nolanahi, Baskoniak sufritzen asmatu du, batez ere barruko jokalarien artean abiadura eta mugikortasuna bilatu dituenetik aurrera. Alegia, Moneke eta Sedekerskisek lekurik gabe utzi dituzte Diop eta Kotsar.

Hala ere, azken laurdenaren hasieran 60-57 aurretik zen Erdem Canek zuzentzen duen taldea eta lau pertsonal zituen Markus Howardek. Bera aulkian izan den tarte horietan Marinkovic eta Codi Miller-McIntyrek sekulako bultzada eman diete gasteiztarrei, baina neurketa 68-66 zela partida hautsi duena Howard bera izan da.

Izan ere Baskoniak 0-10eko partziala erdietsi du azken laurdeneko tarte erabakigarrian. Anadolu Efesek Shane Larkinen bidez erantzun nahi izan du, baina Larkin ez da hiruko jaurtiketetan Markus Howard bezain trebea. Saiatu da Larkin Beaubois, Elijah Bryant eta enparauek ere hirukoen bidea aurki dezaten paseak ematen, baina hauek ez dute beren egunik izan eta arabarrek, berriz, bidea libre ikusi dutenean, atzerantz begiratzeke egin dute ihes.

Nahiz eta neurketa ia azkenera arte oso estu joan den, esan liteke 80-87ko emaitza nahiko gezurtia dela, 50 segundoren faltan bosgarren falta adierazi diotelako Markus Howardi, markagailua 74-87 zela.

Euroligako azken bi neurketak galdu ostean, sekulako arnasaldia hartu dute gasteiztarrek eta berriz ere sei onenen multzora itzultzeko moduan dira. Hala ere, Istanbuleko partidan ikusi dena baino ere berdintasun handiagoa dago Euroligako sailkapen nagusian.

FITXA TEKNIKOA

EFES: Larkin (23), Darius Thompson (8), Elijah Bryant (8), Osmani (8) eta Oturu (14) –hasierako bostekoa–, Gazi (3), Hollatz (2), Beaubois (5), Daum (3), Jones (4) eta Zizic (2).

BASKONIA: Codi Miller-McIntyre (14), Vanja Marinkovic (14), Tadas Sedekerskis (11), Sander Raieste eta Maik Kotsar –hasierako bostekoa–, Chris Chiozza (2), Markus Howard (28), Nikos Rogkavopoulos (5), Chima Moneke (13) eta Khalifa Diop.

Epaileak: Belosevic, Peerandi eta Bissuel. Falta teknikoa adierazi diote Oturu etxeko jokalariari. Markus Howard egotzi dute bost faltarekin.

Partzialak: 17-17, 19-19, 24-20, 20-30.