Arnaitz Gorriti

Hogei minutu berandu iritsi da Mendizorrotzara Kutxabank Araski Estudiantesen aurka (58-64)

Aurrez 17 puntuz atzetik izan eta gero, 58-62raino hurbildu da talde gasteiztarra Marta Hermidaren 24 puntuei esker. Alabaina, errebotean erabat nagusitu da Madrilgo taldea eta ez dio Araskiri partidari buelta emateko aukerarik eskaini.

Marta Hermidaren lan bikaina saririk gabe geratu da.
Marta Hermidaren lan bikaina saririk gabe geratu da. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

KUTXABANK ARASKI 58 - MOVISTAR ESTUDIANTES 64

Hogei minutu berandu iritsi da Kutxabank Araski 2023an Mendizorrotzan jokatu duen azken neurketara. Movistar Estudiantesek azken laurdenean asko sufritu du Marta Hermida hirukoak bata bestearen atzetik sartzen hasi denean, baina ordura arte 17 puntuko aldea ere izan du bere alde eta uneoro markagailuan aurretik izan da.

Madrilgo taldeak Araskik baino 11 errebote harrapatu ditu –35, horietatik 13 erasoan– eta Billie Massey –13 puntu eta 9 errebote–, Maria Eraunzetamurgil –14 puntu eta 5 errebote– eta Whittle-en –12 puntu eta 9 errebote– bitartez uztaipean jaun eta jabe izan dira.

Azken orduan, Hermidaren 24 puntuek eta Laura Aliagaren lanak 58-62 hurbildu ditu gasteiztarrak, baina denbora ia agortua egon da ordurako eta horrez gain, erreboteko lanak zapuztu ditu Araskiren ahaleginak azken orduko balentria egiteko. Ondorioz, Kopan aritzeko aukeratik gabe geratu da ia eta, aldiz, Estudiantesek zortzi onenen artean lekua bermatu du aurreneko itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta diren honetan.

Okerrago ezin hasi

Gasteiztarren aurreneko hiru erasoak baloia galduta amaitu dira eta Estudiantesek, berriz, saskian amaitu ditu bere erasoak, markagailuan 0-7 aurretik jarrita. Haserre bizian, hainbat aldaketa egin ditu Madelen Urietak taldea espabilatu dadin, baina ez dio nahi bezalako emaitzarik eman eta, hala, Maria Eraunzetamurgilek 4-14koa saskiratzeaz bat hutsartea eskatu behar izan du Amurrioko entrenatzaileak.

Aurreneko laurdenak aurrera egin ahala, esnatzen hasi da Gasteizko taldea. Talde jokoari etekin handiegirik ateratzeko, hala ere, horren ordez Marta Hermida antolatzaileak barneraldietan aurkitu du pertsonalak eta jaurtiketa libreak lortzeko modua. Horrez gain, defentsa lanetan presioa oso goian egiten hasi dira Made Urietarenak eta baloi pare bat berreskuratzea ere lortu dute. Nolanahi, Camilion Estudiantes taldeko ordezko antolatzaileak hirukoa sartu eta gero, aurreneko laurdena 13-19 amaitu da madrildarren alde.

Bigarren laurdenean ere, antzeko lepotik burua. hasteko, gasteiztarrak 18-19 hurbildu dira Aliaga eta Van den Adelen bitartez, baina bueltan 0-10ko partziala sartu dio Estudiantesek. Batetik, paseak eta mozketak ondo landuta dituen taldea dela erakutsi du Madrilgo taldeak, Billie Massey flandriarrak batik bat, baina horrez gain, Kutxabank Araskik errazegi oparitu ditu hainbat eraso eta kontraerasoan ere sekulako mina eman du kanpoko taldeak. Hori gutxi ez eta, errebotean ere nagusi izan da.

Aurkaria gehiago denean, gehiago da, zalantzarik gabe. Hala erakutsi du Estudiantesek baita Massey aulkian atseden hartzen egon den tartean ere. Kutxabank Araskik boladaka jokaldi onak egin ditu, batez ere Melisa Gretter edo Marta Hermidak aginte makila izan dutenean, baina jarraitutasunik ez du izan inondik ere. Aldiz, Estudiantesek Whittle-en eskumutur finari eta Maria Eraunzetamurgilen lan handiari sekulako etekina atera dio. Azken bi minutuetan 2-10eko partziala erdietsi du Madrilgo taldeak eta markagailua 25-33 izatetik 27-43 izatera pasa da atsedenaldira iristerako.

Azken orduko aukera

Abiadura eta mugikortasunean aurkitu du bere bostekorik onena Made Urietak. Alde batetik, Gretter eta Hermida elkarrekin lanean jarri ditu eta, horrez gain, Aliaga hegaleko postutik hegal-pibot moduan jokatzera pasa du Van den Adelekin batera. Horri esker, askoz joko egonkorragoa burutu ahal izan du Kutxabank Araskik eta aurreneko erdian ez bezala, defentsa lanetan berandu iristearen bekatua nolabait konpondu du.

Estudiantes bera ere ez da zerura begira geratu abantaila handia izan arren. Laura Mendez eta Eraunzetamurgilek oso kontzentraturik jarraitu dute, bere taldeko jokoari bizitasuna mantendu nahian, nahiz eta zenbait jaurtiketa libre bidean laga. Nolanahi, markagailua 38-54 dela sartu da neurketa bere azken laurdenean.

Azken ahalegin bat egin du Kutxabank Araskik azken laurdena iristeaz bat eta 6-0eko partziala sartu dio Estudiantesi, markagailua 44-54 ezartzea lortuz.

Astean zehar Emakumeen Eurocupeko partida jokatu du Madrilgo taldeak eta, dela nekeagatik, dela partida irabazita ikusi duelako, aurreko laurdenetako bizitasuna galdu egin du neurri baten. Aspaldiko partez, Araskik hamar puntuko aldearen langa haustea lortu du eta, hala, Marta Hermidak hirukoa gauzatuta 49-56koa ezarri ostean, husartea eskatu behar izan du Estudiantes taldeko entrenatzaileak, amaitzeko lau minuturen faltan.

Ezin zaio ahaleginik ukatu Kutxabank Araskiri, baina defentsako errebotea zaintzen sekulako herrena egin du eta atzetik aurrerako lan horretan, Estudiantesi aukera larregi eman dizkio eta, Estudiantesek puntu gutxi lortu dituen arren, denbora agortzen joan zaio talde gasteiztarrari.

Marta Hermidaren beste hiruko baten 52-57 hurbildu du talde arabarra eta Mendizorrotzan bildu den jendetza zutik jarri du. Beste hainbeste lortu du Laura Aliagak minutu bat geroago 55-59koa ezarri duenean; are gehiago hurbiltzeko aukera izan du hegalekoak, baina ezin beti asmatu, eta Estudiantesek, kostata izan bada ere, jaurtiketa libreen marratik, Araskik hirukoen bidez egin gura izan duen balentria eten du. Markagailua 58-62 dela, 16 segundoren faltan, azken aukera bat izan dute gasteiztarrek, baina Sammy Hillek ez du asmatu eta Erunzetamurgilek bi jaurtiketa libreetan huts egin badu ere, Masseyren erasoko erreboteak partidari lakrea ezarri dio.

FITXA TEKNIKOA

ARASKI: Melisa Gretter (8), Txell Alarcon (4), Sammy Hill (2), Natalie Van den Adel (9) eta Tamara Seda (2) –hasierako bostekoa–, Laura Aliaga (9), Marta Hermida (24), Agostina Burani eta Brittany Brewer.

ESTUDIANTES: Mendez (9), Mollenhauer (2), Maria Eraunzetamurgil (14), Massey (13) eta Mawuli (9) –hasierako bostekoa–, Camilion (3), De Santiago (1), Whittle (12), Saravia eta Zaragoza.

Epaileak: Muñoz Garcia, Garcia Crespo eta Borrego Rodriguez. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 13-19, 14-24, 11-11, 20-10.